Alternatibako kide Diana Urrea Brasilen dago gaurtik, “Kolonbiako bakearen aldeko Foroan” parte hartzeko

Alternatibako bozeramaile eta Gasteizko legebiltzarkide Diana Urreak “Kolonbiako bakearen aldeko foroan” parte hartuko du gaurtik igandera arte, Porto Alegren, Brasilen. Marcha Patriotica mugimendutik eginiko lan luzearen emaitza da topaketa, Brasil, Argentina, Uruguay zein Kolonbiako eragile desberdinekin izandako harremanen ondorio.

Helburua Kolonbiako gerrari konponbide politikoa bilatzeko eztabaida sustatu eta nazioartetik elkartasuna bilatzea da, ondorengo oinarriekin: “justizia sozialean, burujabetzan eta demokrazian oinarritutako bakea eraikitzea; Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EP gerrillaren arteko elkarrizketa mahaian mugimendu sozialen eta herritarren parte-hartze zuzena ematea; bi aldeen su etena elkarrizketa prozesuak iraun bitartean; ELN eta EPL mugimenduekin bake elkarrizketak abiatzea; gure Amerikako herrien arteko elkartasunaren indartzea”.

Foroak Latinoamerika zein Europako hainbat erakunde politiko eta sozialetako ordezkarien parte-hartzea izango du, Alternatibako kide Diana Urrearena kasu. Harekin batera gonbidatutako pertsonen artean, besteak beste,Piedad Cordoba, David Florez, Graciela Jorge, Pedro Lantieri, Socorro Gomes edo Araceli Ferreira nabarmendu daitezke.

Alternatibak dio adierazpena Madril eta Parisen “bakearen aldeko asmo gabeziaren” adierazgarri dela

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek Gara egunkariak gaur argitaratutako ETAren adierazpenaren edukia Paris eta Madrilgo gobernuek gatazkaren konponbidean urratsak egiteko asmo gabeziarekin lotu du, “kezkagarria da gatazkaren parte diren eragile nagusienetako batzuek inolako pausorik ez ematea”. Edozelan ere, edukiari dagokionez, erakundearen presoen kontrako mendeku politiken amaiera eskatzen duena, nabarmendu nahi izan du “behin betiko konponbidearen aldeko jarreran inolako aldaketarik ez dagoela, oraingo honetan aipatzen dituzten oztopo horien gainetik ere”.

Matutek premiazkotzat jo du Aieteko adierazpenak zehaztutako urratsak egiten hastea, Madrilgo gobernuetatik egiten ari direnaren kontra, egunotan ezagutu dugun Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak ondo islatzen duenez; izan ere, Guardia Zibilak ikuskatzaileen lana oztopatu ere egin zuela edota Beatriz Etxebarria gazte bilbotarrak duela bi urte eskas pairatu eta salatu zituen torturak benetan eman zirela egiaztatu du batzordeak. Horregatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak exijitu du “behin betirako desagerrarazi behar dituztela salbuespen legeak eta zigortzeko neurriak, are gehiago, gatazkan ematen ziren indarkerietako bat guztiz amaitu dela baieztatu denean”.

Guztiaren gainetik, Matutek bakegintzan, normalizazio politikoan eta gatazka betiko gainditzeko bidean herritarrek izan behar duten protagonismoa azpimarratu du, horretarako, baina, “ezinbestekoa izango da kalean pertsona guztien eskubide guztientzako errespetua aldarrikatzen jarraitzea”.

Alternatibak azpimarratu du ETAk indarkeriaren amaierarekiko konpromisoa berretsi duela eta konponbidearen alde gizartea aktibatzera deitu du

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek gogor kritikatu ditu gaur hainbat eragilek ETAk atzo zabaldutako adierazpenaren aurrean eman duten erantzuna. Erakundeak Espainiako gobernuen jarrera salatu du bere idazkian, gatazkaren ondorioen inguruko negoziazioaren gainean, “Aieteko konferentziak gatazkarekin zerikusia duten eragile guztiei eskatzen zienaren arabera, hain zuzen, bertan parte hartu zuen alderdiren batek damutu egin dela dirudien arren”. Adierazpenaren bidez agerian gelditu da Mariano Rajoyren gobernuak prozesuarekin aurrera egiteko zer nolako borondatea duen, “inolakoa ere ez”.

Matuteren hitzetan, “kezkagarria” da negoziazio esparruen itxiera. “Kezkatzeko modukoa da, halaber, EAEko Gobernuan dagoen alderdiak, PNVk, ETAren amaiera eskatzera mugatzea, Madrilgo gobernuari inolako erantzukizunik eskatu gabe”. Bakearen alde Iruñean eta Bilbon egin berri diren Foro Sozialak gogoratuta, nazioarteko gatazketan adituak direnen irakaspen baliagarriak kontuan hartzera deitu du, konponbidearen eta berradiskidetzearen alde.

Adierazpenaren edukiari dagokionez, indarkeriaren erabilera oro bere sorreratik arbuiatu duen Alternatiba bezalako erakunde batetik ETAk adierazitako borondatea nabarmendu dute, konponbidearen alde lanean jarraitzeko, oztopoen gainetik ere, Euskal Herriak bakea merezi eta behar duela aitortuta, “baieztapen honen aurrean, bitxia da nola eragile askok mehatxua ikusi nahi izan duten, eta ez indarkeriarik eta inposiziorik gabeko gizartea eraikitzeko pizgarri bat”.

Azkenik, Matutek gizartea bakegintzan, normalizazioan eta gatazka gainditzeko bidean inplikatzeko beharra azpimarratu du, kaletik zein aipatutako foroetan parte hartuta. Era berean, gizartearen papera aipatu du eragile sozial eta politikoak mugiarazteko “urratsik egin nahi ez dutenei bakearen alde konprometitzeko, herritarren hainbeste urtez aldarrikatu dutenez”.

Alternatibak deitoratu egin du Europak babestea Espainiako gobernuek ideiak legez kanpo utzi izana

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek deitoratu egin du gaur Estrasburgoko Auzitegiak eman duen epaia, 2008an Espainiar Erresumako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi izana berretsi duelako: “Tamalgarria da Madrilgo gobernu desberdinek ideien ilegalizazioa  bermatzen duten politika zapaltzaileak eta salbuespenekoak behin eta berriro erabiltzearen estrategia jarraitu izana, beti ere, edozein ekintza edo ideologia abertzalea ETArekin lotuz eta haien kanporatze publiko zein politikoa justifikatuz”.

Era berean, Agirresarobek gogorarazi du “euskal gizarteak argi eta garbi adierazi duela aukera politiko guztiak zilegi direla, kalean eginiko manifestazioaetan zein hauteskundeetan Euskal Herrian aro politiko berria irekitzearen alde dauden alderdien alde bozkatuta”. Horregatik, eta “PPren gobernuaren itxikeriaren aurrean”, dei egin die Europako erakundeei Madril bultza dezatela gatazka gainditu zein bakea eta normalizazioa eraikitzeko lanean, euskal herritarrek espero duten “helmuga gauzagarri eta atzeraezinera heltzeko”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “anakronismoa demokratikoa” iritzi izan dio XXI. mendean sartuta eta beren burua demokratikotzat duten estatuen batasunean ideiak legez kanpo uzteari. Horren harira, Agirresarobek gogora ekarri du Human Rights Watch eta OCDE bezalako erakundeek zalantzan jarri izan dutela Espainiako Erresuman justiziak politikarekiko duen menpekotasuna.

EHBilduk herritarrak zoriondu ditu bakea eta giza eskbideen aldeko manifestazio kolosalagatik

Lehenik eta behin, atzokoan Bilboko kaleak lepo bete zituzten hamarna milaka lagunak zoriondu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, atzokoa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko herri mobilizazio erraldoia burutu zen.

Baina guztiaren gainetik, aldarrikapen eta mandatu argi bat utzi digu atzoko mobilizazioak: euskal gizarteak dispertsioarekin amaitzeko eskatzen du, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatzeko.

Euskal jendarteak argi adierazi zuen atzo: Amaitu da blokeo eta aitzakien garaia. Aski da; espetxe politikak eta eskubide urraketak konponbidearen aurkako tresna izateari utzi behar diote.

Eta atzokoan ere argi eta ozen adierazi zen: euskal jendartearen borondatea ezin du mespretxatua izan. Izan ere, jakin badakigu Bilboko kaleetan entzun zen aldarrikapenak Herrira mugimenduaren deia babestu genuen indar politikoen siglen askoz ere haratago doa eta gehiengoa zabalaren babesa du.

PP eta Espainiako gobernua soluzioaren aurkako planteamenduan murgilduta dabiltza. Baina argi eta garbi dugu: ezin dugu PPren blokeoaren azpian kokatu. Ezbairik gabe, ezarri nahi diguten ukazioaren harresia gainditu eta konponbidearen eta bakearen bidea urratu behar dugu.

Ziur gaude helburu horren garapenean euskal jendartea eta nazioarteko komunitatea erabakitzaileak izango direla eta horretarako borondatea eta kemenaz gain, tresna eta bide-orria ere badugula: Aieteko Adierazpena.

Horrela bada, datozen hilabeteetan Aieteko Adierazpena bazter guztietara zabaldu behar dugu eta bere edukien garapenean indarra egin.

Gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako aukera probestu beharra dago, justizian eta eskubide guztien oinarrituko bakean. Horretarako, herri honek oinarrizko kontsentsua erdietsi behar du euskal herritarren eskubideen inguruan, norbanakoak eta kolektiboak; eta euskal jendartearen borondate demokratikoa errespetatua izango denaren konpromisoa.

Eta nola ez, ibilbide horretan ezinbestekoa eta urgentziazkoa da atzoko Bilboko kaleetako herri deiadarrari eustea eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikarekin behin betiko amaitzea. Horretarako erabateko konpromisoa adierazi nahi du, berriro ere, Euskal Herria Bilduk.

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/19287_582287598455227_867300429_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/385328_582287671788553_344639840_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/530800_582287688455218_1039671418_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/196702_582287685121885_1884272127_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/230686_582287728455214_1578899230_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/398077_582287381788582_390746065_n.jpg

X