Gonzalez, Ares eta boteretsuen justizia

Jonathan Martinez – Alternatiba

Gaur jakin izan dugu Felipe Gonzalezen Gobernuak 25 milioi pezeta bideratu zituela Santi Brouard Euskal Herriko diputatua erailtzeko, 1984ko azaroaren 20an. Gonzalez ez da inoiz epaitua izan eta, gaur egun, urtero 126.500 euro irabazten ditu Gas Natural enpresako kontseilari gisa, escracheak direla eta moraltasun irakaspenak ematen dituen bitartean.

Gaur jakin dugu Rodolfo Aresen Ertzaintzak Iñigo Cabacasen hilketa diseinatu zuela, soldaduek “daukagun guztiarekin sartzeko, herrikon sartzeko” agindua jaso zutela arazorik ez zela jakinarazi arren. Ares ez da inoiz epaitua izan eta bizitza osorako soldata txukunarekin erretiroa hartu ahal izango du.

Baina ez ezazue pentsa justiziak ez duela ezer egiten: gaur goizean berton, guardia zibilak Sortuko buruzagi Iker Rodrigo atxilotu du, agintariek hainbat egunez ezkutatu duten hilotzaren herriratzearen ekitaldian ikusle izateagatik.

Justizia egon badago, noski; boteretsuek kudeatzen eta herri xeheko lagunok pairatzen duguna.

Alternatibak ke gortinak eraikitzea leporatu dio PPri, atxiloketekin giza eskubideak urratzen dituzten politikak ezkutatu nahi dituelako

Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek gogor salatu du Sortuko Bizkaiko kide Iker Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Guardia Zibilaren eskutik eman dena, “agerikoa da atxiloketak helburu oso zehatzak dituela, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren kanpainaren baitan ematen baitira, atzo errepikatu baitzuen Sortu zein Bildu legez kanpo uzteko asmoa duela”.

Talde ezkertiarretik galdegin dute zergatik antolatzea leporatu dioten ekitaldian zeuden lagunetik Sortuko kidea bakarrik atxilotzea erabaki duten, eta azpimarratu egin dute Lopez Peñaren familiak berak gogorarazi duela ekitaldi pribatua izan zela, lagun eta hurkoek bakarrik eta inolako erakunderen laguntzarik gabe antolatu zutela. Honek Rodrigoren kontrako aitzakiak ezerezean uzten ditu.

Martinezek Espainiako Erresumako Gobernuak egindako mugimendu hau salatu du eta “Euskal Herriaren bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriazko kanpaina horretan gorakada kualitatiboa” suposatu duela ere esan du, hau izanik Sortu alderdiko kide bat atxilotzen duten lehenbiziko aldia; guztiz legala den erakundea eta beren estatutuetan indarkeria ororen gaitzespena egiten duena.

Alternatibatik deitoratu dute Mariano Rajoyren gobernuak “atxiloketaz jantzitako ke gortinak erabiltzea giza eskubideak urratzen dituzten politikak estaltzeko ahaleginean, hala nola, ustelkeria eta elite finantzarioen mesederako zurikeria egitea, haien kabineteetatik agintzen dituzten neurriak betez. Aldi berean, historian inoiz emandako ospe-indize baxuena ematen diete inkestek, bai PP bezala zein Espainiako bipartidismoari”. Gainera, bitxia da oso, “hau guztia Santi Brouard erail zuenaren identitatea eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen agindua nola burutu zen ezagutu dugun egun berean jakin dugu”. 

Azkenik, Martinezek bere alderdiaren elkartasuna adierazi dio bai Rodrigo eta bai Sorturi, eta gaur Erandion, arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du atxilotuaren berehalako kaleratzea eskatzeko.

Errepublikanismoaren alde (adierazpen bateratua)

Adierazpen bateratua (Alternatiba Bilbo, Antikapitalistak, Aralar, Equo, Gorripieda, Ezker Anitza eta EPK) Errepublikaren aldarrikapenaren alde, eta egunotan ospatzen diren ekitaldi errepublikar ezberdinen babesean, esparru ideologiko ezberdinetako alderdiek, baina parte-hartze demokratikoaren aldeko eta justizia sozialaren aldeko helburu komunekoak izanda, honako hau elkarrekin defendatu nahi dugu:

1.- Errepublikanismoa soilik monarkiaren kontra joatea baino gehiago dela, eta gobernu forma zehatz bat defendatzeaz haratik dagoela.

2.- Hiritarra izateak, gure inguruko gaietan parte-hartzea eta deliberatu ahal izatea suposatzen duela. Izan ere, Errepublika latineko “res publica-tik” dator, hau da, gauza publikoa, kidegoaren gauzak alegia. Horretarako, galdeketa elektoralean ahotsa duten elementuak baino gehiago izan behar gara. Beharrezkoak ditugu beraz, demokrazia zuzenagoak eta parte-hartzaileagoak. Herritargoak botere hartzea izango da benetako parte hartze bat bermatzeko bide bakarra. Alderdi eta ekintzaile sozio- politikoei, herritargoak erabaki hartzeetatik aldentzeak dakarreneko kalteen inguruko hausnarketa bat eskatu nahi diegu, eta honen arabera behar direneko pausuak har ditzatela. Politika oinarrian eta hurbilean errotu behar da berriz, parte hartzeko demokrazia zuzenaren bidez.

3- Askatasuna ez da edonolako oparia, legeak bermatzen du, ezin delarik gutxietsi edota pribilegio ekonomiko edo klasekoen alde egokitu. Iraultza frantsesak esan zuen bezala: “Ze zentzu dauka legeak eskubide berdintasunari omenaldi hipokrita bat egiteak, legerik premiazkoenak, beharrak, herriaren parterik osasuntsuena eta ugariena honi uko egitera behartzen badio!. Ez da askatasun estutua gaur behartzen duena, lan eta etxerik gabe bizitzera pertsona asko, beste batzuek metatzen eta espekulatzen duten bitartean?. Ez da iruzurra legearen bitartez pribilegioak ematea, bake sozialaren aitzakiarekin, isilune-harresi bat hedatuz?

4- Errepublika ezin da errege baten agindupean egon, gure bizitzak zuzentzen dituen produktibismo hegemonikoak eta patriarkalak egiten duen moduan; herriak zuzendu behar du. Emakumeen menpekotasunetik aske eta fisikoki eta psikologikoki nola eta zerekin elikatu behar garen esaten digun kapitalismotik libre dagoena. Errepublika, gizatasunean, herrian eta bizitzan ezin murriztea esan nahi duelako ere.    

5- Aurrekoarekin erlazionatuta, berdintasunak justizia sozialeko, birbanaketa eta pribilegioen amaierako eskaera dakar, beraz. Zentzu honetan, laikotasuna berdintasunaren adierazpen bat da.

6- XXI. mendean planetaren mugak ignoratzen dituzten akziorik ez dezakegula babes. Klima-aldaketa, hondakinak eta eredu energetiko fosilistaren agorpena, kontsumoan murgildutako eredu sozial eta ekonomikoa, neurrigabeko ekoizpena, poluzioa eta hegoaren baliabideen lotsagabeko esplotazioa, irteerarik gabeko bide batera eramaten gaituzte, ekologikoki eta sozialki ere. Norabidea, gehiago itxoin gabe, biratu behar da.

7- Anaitasuna koherentziako elementua dela, eta pertsonen, taldeen eta herrien arteko solidaritatean oinarritutako etika.

Errepublikanismoaz eta kapitalismoaz galdetzea zilegi eta beharrezkoa dela ulertzen dugu ere. Pribilegioak defendatzen dituen sistemak bide ematen dio jendearen parte-hartzea urruntzeari, legea bere probetxurako erabiltzen du, etekin ekonomikoa eta hazkundea gizakiaren gainetik jartzen du, eta ekologikoki eta sozialki kaltegarria da. Hain zuzen ere, gogoratu ditugun balio errepublikanoen guztiz kontrakoa. Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna kolokan jartzen ditu, eta giza eskubideak mozteko baldintzak bultzatzen ditu. Horrela esan dezakegu kapitalismoa eta neoliberalismoa oztopo bat direla errepublikarako. Gehiago esango genuke, antirrepublikanoak dira.

Transformazio sozialeko entitate politikoei, besteen artean ordezkatzen ditugunei, kontu hauek eztabaida politikoaren zentroan jartzeko erantzukizuna, eta koherenteak izatea, tokatzen zaie. Balio errepublikanoek gure ekimenak bultzatu behar dituzte, eta hiritarrei parte-hartzeko bide errealak irekiak mantentzeko bultzada izan behar dira.

Osasuna eta Errepublika!

Estatuaren borondate faltaren aurrean, gizartearen inplikazioa beharrezkoa da bakegintzan aurrera egiteko

Abertzaleen Batasuna, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Sortu alderdietako ordezkariek prentsa agerraldia egin dute gaur goizean, Donostian, Estrasburgon Parot doktrinaren harira hartuko den ebazpenaren bezperan, euskal presoen egoera aztertu eta Espainia zein Frantziako gobernuen jarrera salatzeko.

Bihar Estrasburgoko Auzitegiko Areto Handiak 197/2006 doktrinaren epaia berrikusten hasiko da, uztailan Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakiarekin aipatutako zigorra kolokan jarri ondoren.

Biharkoa erreferentzia garrantzitsua izango da Euskal Herriarentzat. Han hurrengo asteotan hartu behar den erabakiarekin ez dago jokoan bakarrik Ines del Rio edota doktrina aplikatu zaien 70 presoen etorkizuna. Europako Auzitegiak hartuko duen erabaki horrekin ere euskal preso politikoekiko estatuek aplikatzen duten zigor estrategia jarriko baita zalantzan. Hori da nahi eta espero duguna, ez bait dago inolako arrazoi juridikorik uzatilan epaileek esandakoa oraingoan ez berresteko.

Azken aste hauetan Madrilgo gobernuak esfortzu bereziak egin ditu Europako eremu ezberdinetan bere espetxe politika justifikatzeko eta “Parot doktrina”-ren beharra saltzeko. Martxan jarri dituen presio mekanismoek ere argi eta garbi adierazten dute Estatuarentzat erabaki honek duen garrantzia. Madrilen eta Parisen badakite uztaileko epaia berresten bada espetxe politikan urratsak emateko beharturik daudela.

Hor kokatu behar da PPk alarma sozialaren tresna astintzeko egiten ari den saiakera, komunikabide zehatz batzuren laguntzarekin. Gizartearen arazo bezala saldu nahi du orain bere itxikeriaren eta estrategia politikoaren ondorio bat dena, gizarte horretan beldurra eta alarma piztuz.

Euskal Herrian gizarteak ondo ulertu du egoera honetan aurrera begiratu behar dela eta testuinguru honetan  presoen gaian urratsak ematea eta espetxe politika bertan behera uztea elementu positibo litzatekela. Horrela adierazi zen Bilbon egindako mobilizazio erraldoian eta horrela aldarrikatu da eremu instituzional, politiko eta sozial gehienetik. Euskal Herriak ez luke ulertuko kontrako erabakirik.

Orain arte Madrilek eta Parisek euskal preso politikoekiko bultzatu eta babestu duten espetxe politika sufrimendu eta eskubideen urraketa hutsa ekarri du. Presoen izaera politikoa bera ukatzen dute baina lege bereziak, auzitegi bereziak eta salbuespen neurriak erabili eta erabiltzen dituzte presoen kontra. Nola ulertu daiteke hori ez bada gatazka politikoaren baitan martxan jarri duten estrategia politiko oro horren tresna bezala.

Aurreko astean Iruñean eta Bilbon bake prozesua bultzatzeko burutu zen Gizarte Foroan eta abenduan Baionan egindako Bake Foroan oso argi geratu zen gaiaren garrantzia eta presoek jokatu dezaketen paperaren beharra gatazkaren konponbide integralari begira.

Presoen Kolektiboak berak adierazi du behin eta berriro bere konpromisoa prozesuarekiko eta prestutasun eta borondate osoa duela urratsak emateko eta gatazkaren arrazoien eta ondorioen inguruan bere aportazioak mahai gainean jartzeko. Presoen inplikazioa lehen mailako bitartekoa izan behar da, espetxetik eta kaletik. Hori bideratzeko lehen urratsa espetxe politika aldatzea da; baina horretarako borondate politikoa behar da, eta ez dirudi Madriletik eta Parisetik borondate hori dagoenik.

Itxikeri horren aurrean sakabanaketari amaiera jartzeko, preso gaixoak askatzeko, bizitza osorako zigorra bertan behera uzteko eta espetxealdiaren 3/4-ak bete dituztenak kalean uzteko aldarrikapenak zentzu eta indar handiago hartu dute.

Panorama honetan, irtenbideak bilatzeko, gatazka gainditzeko falta den bakarra estatuen konpromisoa eta inplikazioa da. Orain arte sufrimendua luzatzeko eta konponbide prozesua oztopatzeko estrategian mantendu dira. Soka tenkatzen jarraitzen dute blokeo egoera mantentzeko.

Egoera berria barneratu behar dute. Alarma piztu ordez, oztopoak jarri ordez, adostasun politiko eta sozialak lortzeko eta bultzatzeko esfortzuak biderkatzeko unea da. Zentzu horretan Estrasburgoko Auzitegiak hartu behar duen erabakiak garrantzi berezia du, estatuek konponbide prozesua oztopatzeko eskuartean duten tresna nagusietakoa kolokan geratu daitekeelako eta, ondorioz PPk gidatzen duen blokeo estrategia osoa baldintzaturik gera daiteleelako.

Baina estatuen borondate falta horren aurrean, euskal presoen kontra aplikatzen den espetxe politikari amaiera lortzeko, presoen eskubideen errespetua bermatzeko eta gai honetan urratsak emateko protagonista bihurtu behar da gizartea.

Gizartearen inplikazioa derrigorrezkoa da, eta izango da aurrera begira ere, estatuen blokeo estrategiak gainditzeko eta presoen eskubideak defendatzeko bermerik nagusiena. Gizartearen inplikazioa, konpromisoa eta aktibazioa gatazka eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bide nagusia.

X