Alternatibak deitoratu egin du Europak babestea Espainiako gobernuek ideiak legez kanpo utzi izana

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek deitoratu egin du gaur Estrasburgoko Auzitegiak eman duen epaia, 2008an Espainiar Erresumako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo utzi izana berretsi duelako: “Tamalgarria da Madrilgo gobernu desberdinek ideien ilegalizazioa  bermatzen duten politika zapaltzaileak eta salbuespenekoak behin eta berriro erabiltzearen estrategia jarraitu izana, beti ere, edozein ekintza edo ideologia abertzalea ETArekin lotuz eta haien kanporatze publiko zein politikoa justifikatuz”.

Era berean, Agirresarobek gogorarazi du “euskal gizarteak argi eta garbi adierazi duela aukera politiko guztiak zilegi direla, kalean eginiko manifestazioaetan zein hauteskundeetan Euskal Herrian aro politiko berria irekitzearen alde dauden alderdien alde bozkatuta”. Horregatik, eta “PPren gobernuaren itxikeriaren aurrean”, dei egin die Europako erakundeei Madril bultza dezatela gatazka gainditu zein bakea eta normalizazioa eraikitzeko lanean, euskal herritarrek espero duten “helmuga gauzagarri eta atzeraezinera heltzeko”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “anakronismoa demokratikoa” iritzi izan dio XXI. mendean sartuta eta beren burua demokratikotzat duten estatuen batasunean ideiak legez kanpo uzteari. Horren harira, Agirresarobek gogora ekarri du Human Rights Watch eta OCDE bezalako erakundeek zalantzan jarri izan dutela Espainiako Erresuman justiziak politikarekiko duen menpekotasuna.

Alfon, baldartasuna azalerazten

Iagoba Itxaso – Alternatiba

Azken egunotan Alfonso Fernandez askatzearen aldeko elkartasun mezuak ugaritu direla ikusi dugu, A14an atxilotutakoen artean, Europako langileen borroka egunean, oraindik kartzelan dagoen pertsona bakarra.

Egoerak deja vu sentsazioa sortzen digu: jazarpena, segada, froga falta, inkomunikazioa, behin-behineko espetxealdiak, kartzela aldaketak, FIES erregimenak, babesgabetasuna… Deja vu bat baino, egoera berari buruz hitz egiteko faltan dugun gauza bakarra presoa ehunka kilometrora dagoen kartzela batera eramatea da.

Poliziaren baldartasunak eta botere politiko herdoildu, atzerakoi eta zapaltzaile baten menpe dagoen lege sistema espainiarrak, barrutik eta kanpotik desegiten ari den Espainia agerian uzten dute.

Zaila dirudi Espainia markarako preso politiko madrildar bat irenstea, baina boterean daudenek ez ezik, ingurukoek ere trakestasun larria azaltzen dute. PSOEk esaterako, batzuek argudiatutako epeltasunagatik baino, koherentziagatik egiten baitu; ez baita bakarrik zapalkuntza honen konplizea, ezarri ere egin izan du, eta horregatik isilik dago orain. Bakar batzuek hautsitako isiltasuna da, edonola ere, haiena, gutxiengoak ukabila altxatuta haserrera adierazten duelako, sozialismoaren arbasoek lotsaz ikusiko luketen jokabidearekin.

Baina baldartasunak gehiagorako ematen du, zenbait eragile eta norbanakoek Alfon preso politikoa dela deskubritu dutenean ezusteko gisa hartu dute, Palestinan edota Guantanamoko presondegian eman daitezkeen egoerak gogora ekarrita, baina ehunka euskal presoena zeharo ahaztuta. Beren burua “muturreko ezkertiar” gisa azaltzen duten eragileak dira, hedabide batzuek ere hala deitzen dieten arren, guztiek diote Alfon dela estatuko preso politiko bakarra.

Nire trakestasuna ere bada, hitzok aski dela eta mutil hau berehala askatu behar dutela esanda hasi behar nituelako, errugabetasuna aitortu behar diotela eta kartzela benetan merezi duenak bere bahiketan parte hartu zuen horiek direla. Hori egin beharrean, aldaratzeetan galdu eta Alfon babesten dutenei eraso egin diet.

Izan ere, Espainiaren euskotartzea deritzoten honetan sentimendu kontrajarriak sorrarazten zaizkigu. Guztiz ezinezkoa egiten baitzaigu preso politiko madrildarren inguruan hitz egitea ahaztuta Euskal Herriko preso gaixoak, sakabanaketa eta honek eragiten dituen heriotzak, zigorren luzamendu bidegabeak, iruzurrez beteriko epaiketak, torturak eta preso zein senideen kontrako erasoak.

Zorionez, Madrilen Amaiur ordezkatzen dutenak ez dira hain trakets ibili eta ederki asmatu dute Alfonen amarekin egoten eta, aldi berean, datorren hilabeteko mobilizazio garrantzitsuarekin bat egiten. 

Alfon askatu eta U12 Bilbora!

ETBk Espainiako Erregearen gabonetako mezua eskaintzea salatu du EHBilduk

Koalizio abertzaleko kideek deitutako elkarretaratzeak hamarka lagun bildu ditu Bilbon, EiTBren egoitza nagusiaren atarian, «EiTBn inposatutako ikur espainolei ez. Erregaren mezurik ez» lelopean. Diana Urrea eta Dani Maeztu parlamentariek, gazteleraz eta euskaraz, hurrenez hurren, adierazi dutenez, Estatu espainoleko buruaren mezua emititzea «arrotza» zaio Euskal Herriari.

Nabarmendu dutenez, Juan Carlos Borboikoaren mezuaren emisioa «ilegalizaziotik eta tranpatik» sortutako gobernu baten erabakia izan da. «Mezua eman nahi badute, telebista publikoak dauzkate emateko eta, hortaz, ez dago euskal telebista publikoa erabili beharrik gure herriaren, Euskal Herriaren, adierazgarri ez den mezu bat zabaltzeko», adierazi du Urreak.

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/210202_571333609550626_2130311057_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/280528_571333622883958_1177508325_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/338069_571333769550610_1300307184_o.jpg

Espainiako monarkia kapitalista vs Euskal errepublika sozialista

Aurten ere, abenduaren 24an Espainiako telebista kate guztiek – Urkulluren ETB berriak ere- haien arteko adostasun monarkikoa eta tradizio frankistarekiko fideltasuna islatuko dute urte amaierako mezua zabalduz. Tribuna horretatik, “Generalisimoak” hogeita hamazazpi urtez eman zituen “orden berriaren ezarpena” ospatzen, eta tribuna beretik eutsi egin dio azken Borboiak beste hogeita hamazazpi urtez erkidegoen Espainiari,  “Una, Grande y Libre” Espainiaren bertsio  atseginari, alegia.

Francoren Espainia, derrigorrezko espainiar nortasunnazionalaren hegemoniaren gainean  altxatu zen, ezkerreko disidentzia ororen sarraski ideologikoaren gainean. Eta Caudilloaren oinordekoak talde garailearen obra burutzea lortu zuen garai berriek eskatzen zuten leuntasunarekin. Honela, Borboidarren Espainiak erkidego berriak bere folklore propioaren dibertsifikaziotzat hartu zituen eta ez nazio desberdinen izaeren aitortza bezala. Bien bitartean, ezkerreko disidentzia ideologikoa desaktibatu eta parlamentarismo mantsoena onartzera eraman zuten.

Espainiako azken bi estatuburuen curriculumean estatu kolpe faxista arrakastatsu bat, milioi erdi hilotzetik gora, lau hamarkadako basakeri diktatoriala eta klase agintariek aplikatutako azpikeriazko eta beste lau hamarkadako trantsizio “dotorea” pilatzen dira. Azken emaitza, PP eta PSOEren arteko txandakatzean oinarritzen den gobernu bipartidista dugu, herritarren burujabetzaren gainetik kapitalismoarena bermatzen duena eta herrien subiranotasunari Estatuarena inposatzen diona.

Hau dela eta, Euskal Herriko subiranotasun nazional osoa lortzeko borroka, eredu kapitalistaren aurkako borroka ere badela jakin badakigu. Gure ezkerra ez dago ez garaitua ez etxekotua. Oraindik ere, bidegabe eta harrapari izaera duen sistema ekonomiko eta sozial honi aurre egiten diogu, Estatuaren azpiegituretan eraikia eta eskualdeko burgesia desberdinen eskutik elikatuta dagoen sistema, hain zuzen. Burgesia periferiko hauek, nazionalismo kontserbadorean oinarrituta daudenak, gure herrien subiranotasuna eskaintza eta eskariari lotutako merkantzia bihurtu dituzte, mota guztietako pribilegioen truke alda daitezkeenak. Eskuineko nazionalismoek, “subiranotasun partekatuaren” eta “Estatuarekin itun adeitsuak egitearen” aldekoak, independentziaren aldarrikapena ezkerraren ekintza esparru esklusiboa bilakatzea lortu dute. Aldi berean, autonomismoak eragindako nekeak eta Euskadi eta Kataluniako autonomia estatutu berrien kontrako erasoak, burujabetzaren inguruko zalantzak argitu ditu: egun, subiranotasunerako onartu dezakegun alternatiba demokratiko bakarra gure independentzia osoaren aldarrikapena da.

Euskal Herriarentzat dagoen independentzia bakarra gehiengoaren borondatean oinarrituta dagoena izango da, eta ez agintari leinu baten interesetan oinarritutakoa. Euskal Herri aske batek ez du galera egoerara eraman gaituen kartel finantziero eta enpresarial baten menpe bizi nahi; inoren laguntzarik gabe eta autogestioaz, kooperatibismoa eta auzolana martxan jarri ditugulako; horikeriak gainditu eta eredu sindikal borrokalari bat sortu dugulako; gure lurra mafia inbestitzaile eta espekulatzaileren kontra eginez defendatu dugulako, gure kaleak kolore feministekin behin eta berriz margotuz patriarkatuaren aurka; gure herriak duen elkartasun internazionalista munduari erakutsi diolako; gure herriak OTANen terrorismo internazionalaren konplize izateari eta espedizio inperialista odoltsuetan parte hartzeari uko egin diolako.

Gabon gauean urtero telebistan ikusten dugun kapitalismo monarkikoaren aurrean, guk Euskal errepublika sozialista hautatzen dugu. Herrialde berri batean bizi nahi dugu, behetik gora eraikita dagoen mundu berri batean. Klaserik gabeko mundu bat, gure patuaren jabe izaten uzten gaituen mundu bat. Ez dago beste aukerarik, Euskal Herri askea nahi dugu, emakume eta gizon askeaz osaturiko Euskal Herria. Eta orain nahi dugu.

Alternatibak euskal kazetarien kontrako hamaikagarren jazarpen judiziala salatu eta elkartasuna adierazi dio Iñaki Sotori

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gogor salatu du gaur Euskal Herriko kazetari edota hedabideen kontra eginiko “hamaikagarren erasoa eta jazarpen judiziala”, GARAko zuzendari Iñaki Soto Auzitegi Nazionalak inputatu gisa deklaratzera joan behar izanaren harira, joan den abuztuan egunkari horretan argitaratutako iritzi artikulu bategatik. Matutek gaitzetsi du “adierazpen askatasunaren aurkako eraso ageria eta larria” dela eta, horregatik, Alternatibaren elkartasuna adierazi dio Sotori, GARAko langileei guztiei eta gutuna idatzi zuten sei lagunei, Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzera ere deitu dituztenak.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak deitoratu du “euskal gizartea etorkizunari begira dagoen bitartean etorkizuna normalizazioa politikoaren bidez eta bakean eraikitzeko, Auzitegi Nazionala bezalako erakunde atzerakoietatik EGIN eta EGUNKARIA kazetekin eginiko eraso onartezinak gogorarazi eta berpiztera behartzen gaituzte, Espainiako Erresumako batasunaren una, grande y libre leloarekin bat egiten ez duen oro terrorismoa dela aitzakia unibertsalarekin zentsuratu eta itxi zituztenak”.

Azkenik, gogorarazi du ez dagoela komunikabide bateko zuzendaria auzipetzeko lege oinarririk hirugarren batek idatzitako iritzi artikulu bat argitaratzeagatik, “agerian uzten duena Soto inputatu izanaren arrazoia, gutxienez, arbitrarioa dela”. Hori dela eta, Alternatibatik Euskal Herriko komunikabide eta haien langileen kontrako erasoak amaitzeko exijitu eta, era berean, Auzitegi Nazionala desegiteko eskatu dute, “justiziarekin baino, bere jarduera politikarekin zerikusi gehiago duelako, azken batean, jaio zen garai berean, frankismoan, desagertu behar zen salbuespeneko erakundea da”.

X