Alternatibak ohartarazi die PPri eta PSOEri desjabetzen kontrako adabakiek ez dutela milaka pertsonen hondamenean duten ardura estaliko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, gogor kritikatu ditu bai PPk eta PSOEk exekuzio hipotekadunen inguruan gaur eginiko bilera zein Espainiako Banku Elkarteak hurrengo bi urtetan muturreko kasuetan etxe desjabetzeak geldiarazteko erabakiaren gaineko iragarpena. Matutek salatu du “orain desjabetuen adiskide bezala agertzen diren horiek, kongresuan zorrak etxearen bidez kitatu ahal izatearen bezalako neurrien kontra egin zuten berdinak direla”. Gauzak horrela, popularrei eta sozialistei leporatu die “milaka pertsonaren bizitzen suntsipenaren erantzukizuna”, euren agintaldietan desjabetzea ahalbidetu dituztelako. Horregatik, orain onesten dituzten adabakiek ez dute euren erantzukizuna desagerrarazi edo lausotuko.

PPk eta PSOEk adostu beharreko edukiari dagokionean, bilera bera baztertzailetzat jo du Matutek, “beste indar politikoak baztertzeaz aparte, azken erabakia errudun nagusien eskuetan laga eta eragile sozialak zein kaltetuen erakundeak ere kanpoan uzten dituelako”. Alternatibako bozeramaileak zalantzan jarri du alderdien borondatea, eta baita hartuko duten neurrien eraginkortasuna ere: “Zorrak etxea ematearen bidez kitatzeak eta luzamenduak etxe hustearen data atzeratzeko bakarrik balio dute, banketxeen iruzurra eta lukurreriari irtenbide berririk eman gabe”.

Matutek, alderdi politiko hauek bankuei laguntzeko ekimen guztiekin bat etorri direla gogorazi nahi izan du ere. “Bankuentzat dena, pertsonentzat ezer ez” politika defendatu eta “hildakoak ekarri dituen terrorismo finantzarioaren konplize bihurtu” direla azpimarratu du, pasa den ostiralean Ezkerraldean emandako gertaera mingarriak agerian utzi duen bezala. Honen aurrean, gobernu ezberdinei etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten politika eta tresnak eskatu ditu, besteak beste “benetako etxebizitza publiko baten aldeko apustua” egitea ere. Madrilen, ostera, banku txarra deritzon eufemismoa jaio da, bere zenbakiak egokitzeko etxebizitzak eraisteko asmoa duela esan berri duena.

Alternatibatik ziurtatu dutenez, “ez da nahikoa adabaki txarrekin”, pertsonek benetan beharrezkoa dutena “banku-finantza sistemaren gehiegikeriak geldiarazi eta lukurariek zuzendutako merkatu zein haien menpe dauden politikari koldarrengandik babestea”. Horregatik, ezkerreko alderdiak etxe desjabetzen aurrean ekintza konfrontatzailea eramango du instituzioetara eta, aldi berean, gizartea mobilizatzea ezinbestekoa izaten jarraituko duela azpimarratu du. Hala, finantzen alorreko erasoen kontra edota haien aurrean konponbideak aldarrikatzen dituzten mobilizazio ororekiko atxikimendua berretsi dute.

Documental “La sombra del fracking: Gas no convencional” Dokumentala

“La Sombra del Fracking GAS NO Convencional” es un documental realizado por Dani Amo y Rosa Martínez, alerta en torno al fracking, que está llegando al Estado español sin que las Administraciones informen claramente de los permisos que están concediendo y sin que la población sea consciente de los riesgos que supone esta técnica. Además de recoger las evidencias de contaminación y terremotos que la fractura hidráulica ha provocado en Estados Unidos y otros Estados, La sombra del fracking advierte de los peligros para la salud humana con una entrevista a Nacho Santidrián, cirujano oncológico del Hospital de Cruces. Muestra lo miserable que se puede llegar a ser vendiendo la tierra y a sus habitantes por un puñado de dinero.

Dani Amok y Rosa Martínezek sortutako dokumentala da “La Sombra del Fracking GAS NO Convencional”, Espainiako Erresumara eta Euskal Herrira (Arabara bereziki) heltzen ari den frackingaren inguruan ohartarazi nahi duena. Batetik, Administrazioek ez dute argibiderik zabaltzen eman dituzten baimenen inguruan eta, bestetik, herritarrek teknika honek ekar ditzakeen arriskuen inguruko informaziorik ez dute. Besteak beste, Estatu Batuetan haustura hidraulikoak eragin dituen lurrikara eta kutsaduraren berri jasotzen du laburmetraiak eta, era berean, Nacho Santidrian Gurutzetako Ospitaleko onkologoa elkarrizketatzen du teknikak osasunerako ekar ditzakeen kalteen gainean. Azken finean, lurra eta herritarrak diru truke saltzea maiz egiten dela azaltzen du dekumentalak.

*Dokumentala gazteleraz baino ez dago.

http://www.youtube.com/watch?v=Sk6d2iDWF_4

Alternatibak deitoratu du ETAk jarduera utzi eta urtebetera urratsik egin gabe jarraitzen duten sektoreak egotea

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek deitoratu du gaur, ETAk bere jarduera eten zuela iragarri zuen egunaren bezperan, “urratsik egin gabe jarraitzen duten sektoreak” daudela, “agerikoa dena ukatzen saiatzen dira: herritarrek bakea nahi eta aldarrikatzen dutela, eta garai politiko berri batean gaudela”. Hala, “iraganeko jarreretan ainguratuta” daudenak salatu ditu, “Espainiako eta Frantziako estatuetako erakundeetan duten boterearen bitartez”.

Matutek, alabaina, bihar beteko den urtemugaren alderdi ona ere nabarmendu nahi izan du, “ETAk jarduera armatua utzi zuenetik urtebete izango da, euskal gizarteari itxaropenaz beteriko garai politiko berria martxan zela jakinarazi ziona, ilusioz eta demokrazian zein normalizazioan eraikitako gizartearen beharrari ateak ireki zitzaizkiola”. Bere etorkizuna “askatasunez eta demokratikoki izan nahi duena erabaki” ahal izango duen gizarteari, gaineratu du.

Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak euskal gizarteak behin eta berriz kalera atera duen beste aldarrietako bat ere gogoratu nahi izan du, “inolako indarkeriarik ez egotearena, tamalez, oraindik lortu ez duguna”.

http://alternatiba.net/old-files/121019AlternatibaETA.mp3

Alternatibak Madrili exijitu dio Estrasburgori kasu egin eta Euskal Herriarekiko duen politika zigortzaileari 180 graduko bira eman diezaion

 

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek, baikor hartu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur emandako epaia, Espainiako Erresumari zigorra ezarri diona, 2003an Euskaldunon Egunkariaren Zuzendari zen Martxelo Otamendiri eginiko torturak ikertu ez izanagatik egunkariaren itxiera ekarri zuen “operazio diktatorialaren” harira. Egunkaria ixteko agindua, halaber, “Espainiako Barne Sailak eman zuela” gaineratu du.

Agirresarobek Madrilek pilatzen dituen milaka salaketak gogorarazi nahi izan ditu eta horrez gain, “giza-eskubideen urraketen eta demokraziaren kalitate falta agerian uzten duten” dozenaka sententziak ere aipatu ditu. Honen adierazgarri “Euskal Herriak garai hartan jasan zuen oinarri legalik gabeko prozesu hau dugu, milaka euskaldunei bere hizkuntzan informazioa jasotzeko eskubidea kendu ziona”. Gainera, bere garaian Aznarren gobernuak “euskaldunen hizkuntza eta kulturaren babeserako neurri” gisa saldu nahi izan zuen. 

Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak “muntai politiko, judizial eta mediatiko gaitzesgarri” honek Egunkariaren – garaian euskara hutsean zegoen egunkari bakarra-  itxiera ekarri zuela adierazi du. Aldi berean, hainbat arduradunen atxiloketa, tortura eta inkomunikazioa ekarri zuela azpimarratu du. Horien artean Otamendi bera zegoen, 2008an bide guztiak agortuta, azkenik Estrasburgora jo zuena.

Agirresaroberentzat, “agerikoa” da Espainiako gobernu desberdinetatik mantentzen duten politika zigortzailea, mendekua oinarri duena, horretarako “justizia nahi bezala erabili eta politizatu egiten” dutela. Horregatik, Madrili exijitu dio Estrasburgoko epaiak eta Nazioarteko Amnistiak eta NBEk berak eginiko salaketak kontua har ditzala, “Euskal Herriarekiko duen politika zigortzailean 180 graduko bira egin dezala beraz”.

Alternatibak Bateraguneko auzipetuen aurkako mendeku politika salatu du haien atxiloketatik hiru urte betetzen direnean

Alternatibaren Gipuzkoako koordinatzaile Xabi Sotok gaur ohartarazi du Bateragune auzia dela eta “auzipetutako lagunak kartzelan mantentzeko inolako logika politiko zein etikorik ez” dagoela. Bihar, larunbata, urriak 13, hiru urte beteko dira atxilotu zituztenetik. Era berean, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rafa Díez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso jarraitzeak “Espainiako gobernu ezberdinek ideiak kriminalizatzeko izan duten joerari eta mendeku politikei” besterik ez diela erantzuten ziurtatu du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bake prozesua sustatzea beste deliturik egin ez dutenen kontrako zigor bidegabeak, beraz, auzitegiei galdegiten diegu euskal gizartearen aldarria entzun dezatela, eta herri honek bizikidetzarako eta normalizazioaren bidean inondik inora behar ez duen ikuspegia ezarri nahi duen bloke politikoaren parte izan ez daitezela”.

Azkenik, Alternatibatik euskal herritar guztiei dei egin diete bihar eguerdian indarkeria guztien eta mendeku neurrien amaiera eskatzeko egingo diren bi manifestazioetan parte har dezatela, Gernikako Akordioak Donostian 12:00etan egingo duena Enara Rodriguezek poliziaren esku pairatutako erasoa salatzeko kontzentrazioan eta Elgoibarren 13:30etan Otegi, Rodriguez, Diez, Zabaleta eta Jacintoren askatasuna eskatuko duen mobilizazioan.

X