Alternatibak espero du Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak espetxe politika aldaraztea

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek albiste ontzat jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartutako erabakia Ines del Rio presoak aurkeztutako helegitearen harira: “Lehenengo eta behin, Parot Doktrinak pairatu dutenen kaltea ordaintzeko balio beharko litzateke”. Ildo honetatik, gogorarazi du “pertsona guztien giza eskubide zein eskubide zibil eta politiko guztien defentsa egiten duenarentzat, agerian dago presoen eskubideak behin eta berriro urratzen direla dena ETA dela irakurketaren eta zigor bikoitzak ezarrita, presoei zein beren senitartekoei”.

Hala, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak adierazi du “Estrasburgoren erabakia Espainiako Estatuari hausnarketarako tartea ekarriko diola, euskal gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen ari den espetxe politika aldarazteko”. Zentsu berean, “egoera politiko berria egonkortzeko eta gatazkaren behin betiko konponbiderako mesedegarria” izango litzatekeela esan du.

Azkenik, Jorge Fernandez Diaz ministroak iragarritako errekurtsoaren kontra, Alternatibatik “salbuespen zein mendeku legeen arabera kartzelan jarraitzen duten preso guztien askatasuna” eskatu dute. Era berean, Espainiako Erresumako Gobernuak Ines del Rio espetxetik ateratzeko asmorik ez duela ikusita, Matutek ohartarazi dio Raxoiri “herritarren gehiengoak eskertuko liokeela jarrera intsumisoa Bruselarekin hartzeko Estrasburgorekiko hartu beharrean”, Madriletik inolako eztabaidarik gabe onartu dituzten irizpide ekonomikoak aipatuz.

Alternatibak Sorturen legeztatzea ospatu du eta Madrilgo Gobernuari eskatu dio gainerako prozesu politikoekin amaitzeko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Auzitegi Konstituzionalak hainbat hedabideei jakinarazitako Sorturen legeztatzea ospatu du gaur, “oso berandu” heldu den arren: “bederatzi urte berandu, alderdiak legez kanporatzen hasi zirenetik; urte eta erdi berandu Sortu aurkeztu zenetik eta urtebete berandu herritarrek alderdia, hasieratik bakearen eta konponbide demokratikoen aldeko apustua egiten zuen alderdia, de facto legeztatu zutenetik”. Gauzak horrela, Matutek ziurtatu du ilegalizazioa “gure herriaren sektore sozial eta politiko jakin baten kontrako mendekuan baino ez zela oinarritzen, Euskal Herriaren normalizazioa eta bizikidetza lortzeko ezinbestekoa den sektorearen kontra beraz”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak zabalik dauden prozesu politiko guztien amaiera eskatu du, Espainiako Erresumako Gobernuari horretarako dei zuzena egin diola “egiteke dauden edo bidegabekeriaz ebatsi diren epaiketen amaiera eskatzen diegu”. Ildo horretatik, D3M eta Askatasunako auzipetuen absoluzioa edota gaur jakinarazitako erabakia, “norabide egokian doazen urratsak dira, baina ezin dugu ahaztu zabalik dirautela bestelako prozesu erabat politikoak, Bateragune deritzona kasu, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Miren Zabaleta preso mantentzen dituenak”. Horrexegatik, Matutek “oraindik martxan dauden prozesu politiko guztien amaiera eta pertsona guztientzako eskubide sozial, zibil zein politiko guztiekiko errespetua” exijitu du, “horietako asko eta asko urratuak ikusten dituzten presoen eskubideak barne”.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, “askok oztopoak jarri arren konponbidean dagoen gatazka gainditzeko urratsak honekiko zerikusia duten eragile guztiek eman behar dituzte bakea eta normalizazioa” lortze aldera. Azkenik, Matutek azpimarratu du “anakronismoa demokratikoa” dela ideiak legez kanpo uztea, are gehiago “indarkeriak eta mehatxuak desagertu direnean eta gizartea bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizunean pentsatzen ari denean.

Raxoiren gezurren aurrean EH Bilduk burujabetza aldarrikatzen du eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko

Estatu espainolaren erreskatea heldu da. Raxoik eufemismo bat erabili du erreskatearen atzean dagoen egoera larria estali nahian, orain arte esandako gezurrak estali nahian, eta erreskateak herritarrongan izango dituen eragin latzak estali nahian.

Madrilgo gobernuak etengabe ibili dira gezurretan. Gezurraren atzetik gezurra. Hori da Espainiako gobernua beren eskutan izan duten politikariek saldu digutena. PSOEko eta PPko politikariek gezurrak baino ez dituzte esan. Zapateroren gobernuak, PSOEk, krisirik ez zegoela sinestarazi nahi izan zigun duela urte batzuk. Bi urtez ibili zen gezurretan PSOE. Gezur horiek ahalbidetu PPren gehiengo absolutua.

Duela hilabete batzuk, Raxoik esaten zigun estatu espainoleko finantza entitateen arkak saneatua zeudela. Gezurra. Nazioarteko auditoreek argitu dute. Duela bizpahiru egun, Raxoiren ahotik entzun genuen finantza entitateek Europatik jasoko dituzten 100.000 milioi euroak ez direla erreskatea. Espainiako gobernuaren sekulako lorpena omen da; sistema finantzarioa biziberritzeko lortutako kreditu lerroa. Gezurra, noski.  

Raxoik dioenez, erreskateak ez du inolako eraginik izango herritarron poltsikoetan. Beste gezur bat, galanta gainera. Estatua bera baita jasotako diru hori bueltatzearen azken erantzulea; alegia, herritarrak dira (gara) diru hori bueltatzearen azken erantzuleak; ez dirua jasoko duten finantza entitateak.

Azkenik, Raxoik esan duenez, hartutako neurri hori espainiar ekonomiaren interbentzioa ekiditeko aukera bakarra izan da. Gezurra berriro ere. Espainiar ekonomia ofizialki interbenituta ez badago ere, de factozko interbentzioa ematen ari da aspalditik. Espainiar estatuak ez dauka subiranotasun ekonomiko errealik. Merkelek exijitutako murrizketa eta erreforma guzti-guztiei men egin die Raxoiren gobernuak. Eta, erreskatearekin batera, murrizketa eta erreforma gehiago etorriko dira, Europak erreskatea bideratzeko jarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko. Almuniak berak esan zuen moduan, inork ez du dirua ezeren truke ematen.

Eta hori da Raxoi kontatu duena. Gezurrak, denak. Baina kontatu ez dituenak are kezkagarriagoak izan daitezke. Erreskate honen atzetik zenbat etorriko dira? Zein interesekin bueltatu beharko da erreskatea? Zenbat denboratan? Nork ordainduko ditu interesak? Zer baldintza jarriko zaizkie entitate finantzariei? Zer gertatuko da entitate finantzariek ezin badute erreskatea bueltatu? Zer eragin izango du horrek defizit publikoan? Eta herritarrongan? Zer zeharkako murrizketa eta erreforma ekarriko ditu erreskateak? Zer eragin izango du erreskateak entitate finantzarioetan ari den langileriarengan?… eta beste hamarna galdera. Oraindik erantzun bat bera ere.

Lehenago genioen moduan, Europa neoliberalak aspalditik dauka interbenitua Espainiako estatua. Baina ez gaitezen engainatu, erreforma guztiak kapitalaren neurrira egin dira. Egungo erreskatea ere. Izan ere, krisira eraman gaituen ekonomia espekulatzailea erreskatatzeko modu bat baino ez da; berau diru publikoarekin berregituratu eta, ondoren, etekinak berriro ere pribatizatzeko. Estatuak bere gain hartu du zor pribatua, eta zor hori ordaindu ahal izateko herritarren eskubide sozialak eta laboralak gero eta bortitzago murriztuko dituzte; ongizate estatuaren ardatz den sistema publikoa desagerrarazteko bidean jarriko dute, pribatizazioari alfonbra gorria jarriaz.

Bizi dugun egoera ekonomikoa larria da. Latza. Eta egoera honen ondorioak ordaintzea herritar xumeon bizkar jartzen ari dira gobernuak. Baina ez gara gu, herritarrak, egoera honen errudun eta, are gutxiago, erantzule. Egoera honek errudun eta erantzule jakinak dauzka: entitate finantzariak eta gobernuan egon diren politikariak. Horien kudeaketa ezin okerragoek ekarri baikaituzte egoera honetara.

Eta egoera honen aurrean, Euskal Herria Bilduk argi dauka: erantzukizun politikoak eta penalak eskatu behar ditugu krisi honetara eraman gaituzten arduradun politiko eta finantzarien kontra.

Denok dakigu zeintzuk diren arduradun horiek: alde batetik, entitate finantzarien buruak, izen-deiturak dituztenak; bestetik, egoera honetara ekarri gaituen sistema kudeatu, sustatu eta babestu duten alderdi politikoak; alegia, PSOE eta PPrekin batera, Hego Euskal Herrian, PNV, PP, UPN, PSE eta PSN. Horiek dira Hego Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa eta soziala kolokan egotearen erantzuleak, nahiago izan dutelako krisi ekonomiko eta sozial honetara eraman gaituzten ekonomia espekulatzailearen buruak babestu justizian eta elkartasunean oinarrituz, herritarrak babestea baino.

Gezurretan eta kapitalaren interesak babestuz, herritarron interesen kontra aritu diren politikari horiek, kudeaketarako gaitasun eza erakustearekin batera, herritarron bizitza gidatzen duten politikak aurrera eramateko zilegitasuna galdu dute. Eta hori gutxi balitz, inolako lotsarik gabe, mahai gainean jartzen dizkiguten errezetak egungo egoerara ekarri gaituzten berberak dira.

Hori da gure errealitatea. Eta errealitate horrek ondorio argi bat erakusten digu: orain inoiz baino agerikoagoa da Hego Euskal Herriak erabateko burujabetza ekonomikoa eta politikoa behar duela, Espainiako Gobernuak finantzen merkatuekiko duen morrontzaren ondorioak pairatzeari utz diezaiogun. Are gehiago, agortuta dagoen marko autonomistak eskaintzen dizkigun eskumen apurrak alboratuz, Espainiako gobernuak (ber)zentralizazioaren bidea hartu duenean. Bizi dugun abagune ekonomikoan, Espainiari lotutako Hego Euskal Herrian ezinezkoa da justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako eredu sozio-ekonomiko berria eraikitzea, gure beharretan oinarritutako eredua erabakitzeko ahalmena ere ukatu egiten baitzaigu. Izan ere, Hego Euskal Herrian badugu aukera gehiengo politikoa osatu eta kapitalarekiko menpekotasuna hausteko, eredu sozial eta ekonomiko berria martxan jartzeko oinarriak jarrita, bizitza duinaren jasangarritasuna berma ditzagun eta ez diruaren zein espekulazioaren biderkatzea.

Baina irtenbidea badago. Gaur, inoiz baino gehiago, Euskal Herriak aurrera pausu bat eman behar du burujabetzaren bidetik, euskal herritarrok etorkizuna izan dezagun, eta Espainiako estatuak, espekulatzaileen eskutik, pobrezia estrukturalera eraman ez gaitzan. Eta, besteak beste, egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko, banku publiko bat eraiki behar dugu. Espekulaziotik urruti, inbertsioa sektore estrategikoetara, enplegua sortzera eta herritarron onura bermatzera  bideratuko duen banku publikoa.

Burujabetzaren bidean urratsak egitea ezinbestekoa da, bide bakarra delako bestelako gizarte eredua, behetik eta ezkerretik eraikita, lortzeko. Burujabetza baita bide bakarra. Burujabetza ekonomiko eta politikoa behar du Euskal Herriak krisiari aurre egin al izateko, berdintasunean eta elkartasunean oinarrituta, eredu ekonomiko eta sozial berrien aldeko hautua eginez. Beraz, erabakiak hartzeko momentua da.

Alternatibak Europako erakundeen xantaia salatu du, beharrizan handiagoak dituzten sektoreen kontrako murrizketa gehiago exijitzen dituztelako

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, Europako Banku Zentraletik eta Europako Batzordetik eginiko exijentziak salatu ditu gaur, “guztiz bidegabeak izatez gain, beharrizan handiagoak dituzten sektore sozialei eraso egiten dietelako, krisia sortu dutenen mesederako gainera”. Alternatibatik frogatutzat jo dute “demokrazia finantza sistemaren zirrikitu ilunetatik gidatu eta zuzentzen dutela, haien irabazi tarteekiko ardura dutenak herritarren bizi duina bermatzearen gainetik”.

Matutek BEZa handitu eta erretiro adinaren atzeratzea bizkortzeko Europatik eginiko eskakizunak gaitzetsi ditu, eta horien arduradunei “aski dela esateko unea iritsi” dela ziurtatu du: “haien gehiegikeriak ordaintzeko asmorik ez dugula irmotasunez esan behar diegu, are gutxiago haien botere gosearen mesedean eta gure gizarteko gehiengoaren interesen kontra”. Hala, erakunde hauek herritarrekin bat egin dezaketen leku bakarra epaitegiak direla nabarmendu du, “haiek akusatuen eserlekuetan eta gu, herria, fiskal lanetan, diru publikoarekin zigorgabetasun osoz egin dituzten lapurretak eta iruzurrak epaitzeko”.

Alternatibak Europako erakundeetatik proposatutako xantaia salatu du, “malgutasunaren ordainean sistema eta logika jasangaitzak iraunarazi nahi dituztelako”. Matutek ohartarazi duenez, “merkatuen diktadurak esklabutzara zigortu nahi gaitu, bere interesak gure bizitzaren gainetik lehenetsita”. Horren aurrean, ezkerrak argi esan behar die herritarrei “egoera honi aurre egiteko beste modu bat badagoela, enplegu duina, zerbitzu publikoak eta gizarte babesean oinarritutakoa. Izan ere, bizitzaren sostengarritasuna gure kezka guztien erdigunean jartzea dugu modu bakarra bazterkeria, pobrezia eta miseria gainditzeko”.

Alternatibak dio Gorenaren epaiak Espainiak duen “izaera demokratiko eskasa agerian” utzi duela

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, era berean, salatu egin du “indarkeria guztien amaiera lortu asmo zuen estrategia martxan jarri izan duten bost lagun kartzelan mantentzearen bidegabekeria”. Azaldu duenez, auzipetuek egiten zutena “haien kabuz egiten zuten eta ez, inondik inora, ETAren aginduetara”.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso ezkor” hartu du Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi duen erabakia Bateragune deritzon epaiketaren harira, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari jarritako zigorrak mantentzen dituelako, pixka bat jaitsi arren. Matuterentzat, epaiak Espainiak duen “izaera demokratiko eskasa agerian utzi eta Euskal Herriarekin lotutako edozein erabaki judizialak inolako funtsik ez duela egiaztatu du”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, era berean, salatu egin du “indarkeria guztien amaiera lortu asmo zuen estrategia martxan jarri izan duten bost lagun kartzelan mantentzearen bidegabekeria”. Azaldu duenez, auzipetuek egiten zutena “haien kabuz egiten zuten eta ez, inondik inora, ETAren aginduetara”.

Euskal herritarren gehiengoak epaia “errefusatu eta salatu egiten duela” ziurtatu du Matutek eta, horrexegatik, “Euskal Herriko kaleetan erantzuna izango duela” aurreratu du. Azkenik, erabaki honek “inoiz baino indar handiagoarekin, aspalditik darabilgun lan ildoarekin aurrera jarraitzera eraman behar gaitu, indarkeriarik gabeko eta garaile zein garaiturik izango ez duen bakea eta konponbide demokratikoa eraikitzeko”.

Oskar Matuteren adierazpenak entzun (gazteleraz)

X