Alternatibak oso positibotzat jo du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioa

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, “oso positibotzat” jo ditu Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bildutako informazioak egunotan Euskal Herriko eragile sozial eta politiko desberdinekin, Alternatibarekin besteak beste, NEBek asteon eginiko bileretan parte hartu ostean. Alderdi ezkertiarrarentzat “agerian gelditu da ETAk urrian iragarritako erabakiarekiko konpromisoa eta errespetua, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuenari kasu egin eta jarduera armatua behin betiko lagatzeko emandako hitzari eutsi diolako”.

Matutek, bestalde, eragile guztiek egin beharreko “ezinbesteko urratsak” nabarmendu ditu, “ETAren eteteak erakundearen betirako amaiera ekar dezala eta Euskal Herrian bake bideak eta konponbide demokratikorako prozesuak ireki daitezen”. Ildo beretik, Espainiako Erresumako gobernuak “konponbiderik ez emateaz gain, eskubide zibil, sozial eta politikoak ukatzeko jarrera darabil, zabalik dauden epaiketek egiaztatzen dutenez”, Bateragune, D3M eta Askatasuna auziak gogoratuta.

Alternatibako bozeramaileak aitortu du “pazientzia handia beharrezkoa” izan daitekeela aldaketak egin edota orain arte mugiezinak ziren jarrerak mugitzeko, ziurtatuz “norabide horretan ari badira alde izango gaituztela”. Aldiz, “haien geldotasunaren atzean kalkulu politikoak besterik ez badaude eta garaileak eta garaituak izango dituen amaiera lortzeko helburua badute, kontra egingo diegu eta publikoki salatuko ditugu”.

Apirilaren 14an manifestazio nazionala Bilbon Parot Doktrinaren aurka

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragile politiko, sindikal eta sozialon iritzian, Parot Dotrina delakoa abalatzen Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakia gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia baino ez da.

Euskal herritarren gehiengo zabal batek Auzitegi Konstituzionalaren erabaki politiko hau gure herriaren bake eta konponbide nahien aurkako eraso zuzen gisa interpretatu duenaren erabateko ziurtasuna dugu.

Atzo jakinaraziriko erabakiarekin, Estatuko botere eta aparatuek agerian utzi dute berriro ere Euskal Herrian irekiriko agertoki berriarekiko euren borondatea zein den.

Auzitegi Konstituzionalaren erabaki oso oso larri baten aurrean gaude: Biziarteko zigorraren de faktuzko legeztapenarekin.
Estatuak argi utzi du ez duela gatazkaren konponbide politiko eta demokratiko bat nahi.

Estatuak blokeo egoera betikotu nahi du, irekiriko aukera ustel dadin eta horrela, bakea eraikitzeko aukera oro zapuzteko.

Gernikako Akordioa izenpetzen dugun eragileok aterabide demokratikoak erdiesteko gure konpromisoan berresten gara. Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa dugu: euskal herritar guztiak garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia.

Horretarako ezinbestekoa deritzogu euskal jendarte osoaren inplikazio eta babesa. Bai eta gaur egun Gernikako Akordioa izenpetzen ez duten eragile horiena. Bide hau guztion artean eta batera egin behar dugu.

Euskal jendartea konponbide prozesuaren parte aktibo izan behar du eta era berean, bere mobilizazioa prozesuaren garapenaren berme izan behar du, Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak jarriko dizkiguten oztopo handien gainetik.

Horrela, eta Auzitegi Konstituzionalak Parot Dotrinaren moduko mendeku eta salbuespenezko neurri bat abalatzeak duen larritasun estremoaren aurrean, bertan bildutakook apirilaren 14ean Bilbon burutuko den manifestazio nazionalaren deialdiaren berri eman nahi dugu.

Euskal jendartearen borondatearen aurkako eraso zuzen honi eman beharreko erantzuna bertan bildu garen eragile politiko, sindikal eta sozialotatik harago joan dadin, Euskal Herriko eragile guztiekin berehala harreman erronda bat irekiko dugula jakinarazi nahi dugu, mobilizazioarekin bat egin dezaten. Horregatik, harreman horiek emango dutenaren esperoan, mobilizazioaren lema zein karakterizazioa zehazturik gabe daude gaur gaurkoz.

Azkenik, bihar Irun?ean Herrirak antolaturik “Presos con enfermedades graves a casa – Gaixotasun larria duten presoak herrira” lelopean burutuko den mobilizazioan era masiboan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Euskal herritar orori.

M29: Erantzuteko ordua

Oskar Matute (Alternatiba), Rebeka Ubera (Aralar), Pello Urizar (EA) eta Joseba Permach (Ezker Abertzalea)

Dagoeneko aski ezaguna da Mariano Raxoiren Gobernuak ezarritako Lan Erreformak dakarren eraso bortitza, izan ere, gero eta gehiago dira bere ondorioak pairatzen dituzten langileak. Espainiako Gobernuak ondo baino hobeto ordezkatzen ditu Alderdi Popularra bezalako alderdi ultraeskuindar baten atzetik dauden interesak. Finantza sistema pribatuen eta enpresaburu handien esanetara daudela leporatu diete behin baino gehiagotan, baina ez da guztiz zuzena, finantzariak eta enpresariak dira, zuzenean, Moncloara heldu direnak, bitartekaririk ez dute behar espekulazioa eta iruzurra darabiltenak, langileen lanaren lepotik aberasten direnak. Lehman Brothers enpresako buruzagi ohiak, armen industriako saltzaileak eta emakumeen eskubideak ukatzeko zaletasuna duten ministro taldeari erreparatzea aski da espero dezakegunaz jabetzeko. Horien aurrean, alabaina, nortzuk diren eta zertara datozen ondo dakigula esan behar diegu, erantzun behar diegu, kalean, martxoaren 29an.

Kapitalismoaren azken krisialdi honen ondorioak pairatzen ditugunetik ugariak izan dira Espainiako gobernuetatik jaurti izan dituzten erasoak: langileen aurka, pentsiodunen aurka, gazteen aurka, krisi sistemikoa eta patriarkatua aspaldi pairatzen duten emakumeen aurka, etorkinen aurka… Erreforma berri bakoitzaren aurrean esan dugu inoizko kolperik bortitzena zela iragarritakoa. Ondorioz, hitzok larritasuna eta zentzua ere galdu dutela eman dezake. Inor ez dezala bere burua engainatu, Euskal Herriko gehiengo sindikalak zuzen ohartarazi izan digu behin eta berriro erreformen ondorioez. Larriak ziren guztiak, eta are larriagoa da azken hau, aurrekoen kalteak, murrizketak eta kolpeak metatu eta biderkatuta ekartzen dizkigulako. Horrexegatik biderkatu behar dugu guk ere eman beharreko erantzuna. Erasoaren tamainako erantzuna eman behar dugu, Alderdi Popularrak Madrilgo legebiltzarrean bipartidismoaren sistema ustelduan lortutako gehiengo absolutuari Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoak erantzun behar dio, elkarlanetik, gure ahotsa inoiz baino sendoago entzun dezaten, Euskal Herriko kaleetan datorren ostegunean nagusi izango diren aldarriak Madrilera, Bruselara eta Berlinera hel daitezela.

Lan baldintzak guztiz kaskartu eta soldatak zein kaleratzeak merkatzea da neurri multzo honen helburu nagusia. Esaldi bateko laburpenaz azal daitekeen arren, eskubide eta berme ugari birrindu egiten du erreforma da honek. Urtebeteko epea dute orain enpresaburuek langileak inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko, gainerakoen prezioa erdira baino gutxiagora merkatzen dela, sektore pribatuetako zein publikoetako langileen gehiengoarentzat. Baina haratago doa lege dekretua, negoziazio kolektiboaren amaiera baitakar. Sektore hitzarmenen kalte enpresa itunak lehenesten dira eta, batez ere, ultraeraginkortasuna, langileen esku gelditzen zen berme gutxienetako bat, mugatu eta mehatxatu egiten du. Modu batean zein bestean, patronala beti aterako da garaile, hitzartutako soldatak, lanaldiak eta lan eremuak nahi erara moldatu ahal izango dizkiotelako langileari. Euskal Herriko lan esparru propioaren aldarrikapenaren kontra doaz azken neurri hauek, eta horregatik atzera eragin behar ditugu, erreformaren gainerako urraketekin bezala. Aberastasuna banatzeko baliabide guztiak behar ditugu euskal herritarrok, sistema kapitalistak inposatutako eredu baztertzailea eta bidegabea gainditzeko, bestelako gizartea sortu ahal izateko. Hilaren 29an esparru propioa aldarrikatzeko aterako gara kalera, ez dugulako merkatuen eta finantza interesen morroi izaten jarraitzeko asmorik.

Kolpe ugari eta askotarikoak: 480 euroko soldatak 33 urte bitarteko gazteentzat, kenkari eta hobari berriak enpresaburuentzat, enplegu zerbitzuen pribatizazioa, gaixo dauden langileak kaleratzeko eskubidea, aparteko lan orduak baimentzea, malgutasuna muturreraino areagotzea, lana eta familia uztartzeko neurrietan atzera egitea … Eta guzti hori gutxi bailitzan, merkatuetako jauntxoek, alderdi eskuindarren eskutik, grebarako eskubidea desagerrarazteko eskatzen dute orain. Kalera ateratzeko unea dugu, oihukatzeko eta aldarrikatzeko eskubideak ukatu nahi dizkigutenei ozen erantzungo diegu Greba Orokorrean ez gaituztela kikilduko, ez gaituztela isilaraziko.

Berriro diogu lan erreforma honek aurretik izandako ondorioak eta kalteak metatu dituela. PPren neurriak orain salatzen dituen PSOEk eraso bortitzak egin izan ditu langileen aurka. Eta ezin dugu ahaztu EAJk horiek babestu zituela, bere Madrilgo legebiltzarkideen aldeko botoen zein abstentzioen bidez. Jeltzaleek euskal herritarren gehiengo zabal batek eginiko aldarrikapenei entzungor egin zieten, alderdikeriak lehenetsita. Zapaterok haien beharra zuelako negoziatu zuen jeltzaleekin, Raxoik, aldiz, ez du EAJrekin negoziatzeko inolako beharrik. Izatekotan, berriz ere ikusiko genuke Espainiako eta Euskal Herriko indar eskuindarren arteko akordioa, UPN barne, zalantzarik ez izan. Gure eskubideak, ezin dira botere zaleen xake tauletako piezak bilakatu. Lan eskubideekin ez dela jolasten eta duintasuna ez dela negoziatzen argi eta ozen utzi behar dugu Euskal Herriko kale, plaza eta lantoki guztietan martxoaren 29an.

Ez diezagutela esan grebak ez duela ezer konponduko, eskubide guztiak desagerrarazi nahi dizkiguten honetan dena dugu irabazteke. Lan Erreforma geldiarazi eta atzera eragiteko aterako gara kalera, PPk grebaren osteko egunean iragarri asmo dituen murrizketak ez ditugula onartuko oihukatzeko. Euskal Lan Harremanen Esparru propioa eraikitzeko urrats garrantzitsua ere egingo dugu osteguneko lanuztean. Ostegunean, justizia sozialean, eredu iraunkor berri batean eta burujabetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitze aldera urrats izugarria emango dugu. Langileen gehiengoak babestuz gero lanuzte orokorra eraginkorra izan daitekeela agerian uzten du patronalak eta alderdi eskuindarrek greba eskubidea murriztea eskatu izanak. Erantzuteko ordua da. Etorkizuna eraikitzeko garaia da.

Alternatibak dio euskal gizarteak ez duela ulertuko Bateraguneko auzipetuen askatasuna ez dakarren epairik

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Bateragune auzian Espainiako Auzitegi Gorenak bihar eman dezakeen epaia izan du gaur hizpide eta “auzipetutako lagunak kartzelan mantentzeko inolako logika politiko zein etikorik ez” dagoela ohartarazi du. Era berean, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodríguez, Rafa Díez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso jarraitzeak “Espainiako gobernu ezberdinek ideiak kriminalizatzeko izan duten joerari” besterik ez diola erantzuten ziurtatu du, horrexegatik, “euskal gizartearen gehiengoarentzat ezinezkoa izango da auzipetuen askatasuna ez dakarren epairik ulertzea”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bake prozesua sustatzea beste deliturik egin ez dutenen kontrako zigor bidegabeak, beraz, auzitegiei galdegiten diegu euskal gizartearen aldarria entzun dezatela, eta herri honek bizikidetzarako eta normalizazioaren bidean inondik inora behar ez duen ikuspegia ezarri nahi duen bloke politikoaren parte izan ez daitezela”.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, “garai berriak bizi ditugu, iraganeko errezetak eta trabak jarri arren geldiaraziko ez duten fasean gaude, epai bidegabeekin zein eskubideen urraketekin ere ez dute lortuko”. Horregatik, herritarrei deia egin diete auzipetuen absoluzioa eskatzeko bihar Bilbon egingo den elkarretaratzean parte har dezatela. Albia Lorategietako epaitegien aurrean izango da, 12:00etatik aurrera, eta Matutek berak parte hartuko du protestan.

X