Alternatiba: “Emaitza historikoa lortu du Euskal Herriko ezker subiranistak”

<--break->Alternatibak oso baikor hartu ditu Amaiur koalizioak – talde ezkertiarrak EArekin, Aralarrekin eta independentista ezkertiarrekin osatzen duena- hauteskundeetan lortutako emaitzak. Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak bilera egin du gaur Donostian, besteak beste, atzoko bozen ostean Hego Euskal Herriko testuinguru politiko berria aztertzeko.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek alderdiaren ikuspegiaren berri eman du, “Amaiurrek subiranismo ezkertiarrak inoiz izandako emaitzarik onenak, emaitza historikoak, lortu” dituela nabarmenduta. Alternatibak maiatzean abiatutako garai politiko berriaren ildo beretik kokatu ditu emaitza onak eta “orduan bezala, alde guztien batuketa baino gehiago” izan dela ohartarazi du.

Matutek gaineratu duenez, Espainiako Erresuman ezarritako mapa urdinaren aurrean, “Euskal Herriak argazki desberdin bat aukeratu du, burujabetza eta ezkerraren aldeko apustua berretsi du, eskubideak urratzen dituen errealitatearen aurrean aldaketa politikoa eta sozialaren aldeko hautua”.

Patronala beti da nagusi > Ana Etxarte y Asier Vega (Alternatiba)

Negoziazio kolektiboa arautuko duen Lege Dekretua onartu izanak, lan merkatuaren eta pentsioen erreformekin batera,  enpresaburu eta kapitalaren eskubideak gehiengo sozialen gainetik jartzen dituen infernuko zirkulua itxi du. Finantzen krisiak mahai gainean jarri du, argi eta garbi, kapitalismoak ez duela inolako mugarik eta gutizia dela azpian duen oinarri etiko bakarra.

Lana arautzen duten legeak langileek azken mendeetan eginiko borrokaren ondorioz sortu ziren. Horiek desegitea lan harremanak Iraultza Industrialaren garaietara bueltatzearen parekoa izango litzateke, eta lan kontratu indibiduala, alde bien arteko desberdintasunean oinarritutakoa, lan merkatua arautzeko oinarri berri gisa kokatuko luke. Malgutasuna, lehiakortasuna, lan merkatuaren zurruntasuna, etab. Patronalaren zuzendaritzaren boteretik berrinterpretatzen diren kontzeptuak dira, legedi berriaren nukleo nagusietan uztartzen direnak, transnazionalen eta kapitalaren interesei egokituta. Gutxiengoen eskubideak gehiengoaren eskubideei inposatzen zaizkie.

Negoziazio kolektiboarena amaierarik ez duen erreforma neoliberalen kate amaiezin baten beste mail bat besterik ez da. Zer nolako emaitza praktikoak izan dituzte azken hogeita hamar urteetan eginiko lan erreforma ugariek? Beren emaitzak aztertu al dira? Nor aberastu eta nor txirotu da? Argi eta garbi gelditu dena enpresarien eta gobernu sozialistaren arteko konplizitatea da. Gainera, Espainiako parlamentua krisiak gehien kolpatutako gizarte sektoreen kezketatik urrundu egin da, kapitalaren, transnazionalen eta finantza erakundeen logikara makurtu egin da. Nazioarteko Diru Funtsak, OCDEk, nazioarteko bankak zein nazionalak… gehiengo sozialen gainean eragina duten erabakiak hartzen dituzte, baina, nork aukeratu ditu? Nork kontrolatzen ditu haien erabakiak? Erabaki teknikoak eskubide sozialen gainetik al daude? Enpresaburuek behar duten erreforma da hau. Haien beharrak praktika boluntarioetara bideratzen dira – enplegua sortzea, inbertsioak, aurrerapenaren aldeko elkarlana – eta haien mozkinen menpe daude; aldiz, haien eskubideak – pribilejioak -, langileen eskubideak birrintzen dituzten eta izaera inperatiboa eta hertsatzailea duten lan erreformen bitartez babesten dira.

Logika honetan, aurkeztutako testuak hitzarmen kolektiboari lan eskubideak babesteko oinarrizko lanabes gisa eraginkortasuna kentzeko helburu argia dauka, enpresari bakoitza hitzarmenetik kanpo jokatzeko aukera erraztuz eta hedapena zein mobilizaziorako gaitasuna murriztuz.

Hala, lehenik eta behin, onartutako testuak negoziazio kolektiboaren egitura aldatzen du, lanbide arteko akordioen eta enpresa zein estatu eremuko itunen aldeko apustua eginda, eskumen jakin batzuetan salbu, non hitzarmen autonomikoak lehenetsiko diren. Lan harremanen esparruaren sendotzea geldiarazten duen zorigaiztoko konbinazioa da hau, enpresarien boterea indartu eta lurralde hitzarmenen zeregina zalantzan jartzen duena, Euskal Herrian lan eskubideak bermatu duten lanabes onenak izandakoak.

Bigarrenik, enpresa barruko malgutasuna berridazten du, enpresaburuen botere legala areagotuz soldatak, maila profesionalak eta lanorduak zehazteko orduan.

Hirugarrenik, erreformak hitzarmenen ultraeraginkortasuna ondorio praktikorik gabe utziko du – aurreko itunaren indarraldi automatikoa dakarrena berau ordezkatu arte – patronalak nahi izanez gero langileek aurretik lortutakoa desager daitekeela. Lan eskubideen galera patronala eta langileen ordezkarien arteko – derrigorrezko – bitartekariaren irudia sartuta makillatu dute, langile klasearen mobilizatzeko gaitasuna pixkanaka galarazteko asmoz. Era berean, greba-hitzarmena binomioaren denbora murrizten da.

Erreforma hau konfrontazio demokratikorik gabeko elkarrizketa sozialaren azken emaitza da, negoziazio ilun batena, gardentasunik gabekoa eta enpresaburu eta, are okerrago, buruzagi sindikalen artean eginikoa, eztabaida bahitu eta Euskal Herriko gizon eta emakumeen interesen kontrako logikak ezartzen dituztenak. Negoziazioaren azken emaitzari aurre egiteko bide bakarra greba, organizazioa eta konfrontazioarena da.

Alternatibaren joko zelaia bestelakoa da, mobilizazioaren alde egiten dugu, antolakuntzaren alde, euskal gehiengo sindikalarekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean. Gehiengoaren eskubideak gutxiengoen pribilejioen aurrean babestea ez da utopikoa, beharrezkoa baizik.

Matute: “Badirudi EAJk langileen kontrako politika neoliberalak babesteko konplexuak dituela”

http://static.deia.com/images/2011/04/18/oskardestacado_4.jpg

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, pentsioen erreforma onartu izana deitoratu du gaur, Kongresuaren Lan Batzordean gainera, “osoko bilkuran eztabaidatu gabe”. Onartutakoa “krisialdiaren aitzakiarekin Zapateroren Gobernuak hartutako neurririk murriztaile, bidegabe eta antisozialenetako bat” dela salatu du. Honezkero, “herritarrak urte gehiago lan egitera eta gutxiago kobratzera kondenatuko dituzte, bizitzaren garairik zailenetako batean”.

Era berean, Matutek erreforma babestea leporatu dio EAJri, “abstentzio konplizearekin”. Egun batzuk dira jeltzaleek negoziazio kolektiboaren erreformak aurrera egitea ahalbidetu zutenetik, abstentzioa erabili izanagatik gustura azalduta gainera: “Espainiako eskuinari gertatzen zaion bezala, badirudi EAJk langileen kontrako politika neoliberalak babesteko konplexuak dituela”.

Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak onartutako legearekiko erantzukizuna eskatu dio EAJri “lan baldintzak okertu izanaren PSOEk eta CIUk beste ardura dauka”. Azkenik, herritarrei patronalaren eraso etengabeen kontra kalean eta modu baketsuan protestatzeko deia egin die Alternatibak, konfrontazioaren aldeko apustua egiten duen euskal gehiengo sindikalaren eta gizarte eragileen eskutik.

Langileen kontra oldartu da berriz Zapateroren Gobernua, EAJren laguntzarekin

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek “langileen aurkako eraso berria” salatu du, Madrilen atzo onartu zuten hitzarmen kolektiboaren erreformaren harira. Lan erreformak eta pentsio sistema publikoan eginiko murrizketen ostean, “Zapateroren Gobernuak langileen kontra oldartu da berriz eta”, Matutek deitoratu duenez, “EAJren laguntzarekin egin du, euskal herritarrei berriz traizio eginda”.

Alternatibatik “oso larritzat” jo dituzte “langileen aurka behin eta berriz ematen ari diren erasoak, lan harremanen esparruan eskubideak etengabe galtzen ari direlako, patronalaren mesederako, Gobernuak gero eta gehiago ematen baitio”. Hala ageri dute erreforman onartutako hainbat alderdik, “malgutasunari, absentismoari eta soldatak produktibitateari lotzeko aukerari dagozkionak”.

Azkenik, Matutek lan esparru propio eta bidezko baten alde egin du eta, era berean, instituzioei “langileen kontrako erasoak eten ditzatzen” galdegin die.

Soldatak x Produktibitatea = Soldata- Mozkinak+ > Jonathan Martínez (Alternatiba)

Alemaniako kantziler Angela Merkelek inflazioa alde batera utzi eta soldatak produktibitateari lotzearen alde eginiko proposamenak atxikimendu oldea jaso du. Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun nagusiak “ideia bikaina” deritzo Merkelek esandakoari eta antzera hitz egin dute Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusi eta Herrilan eta Garraio sailburu ohiak – horra hor joan-itzuli ederra administrazioetatik patronalera! – Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Adegi, CEOE, Espainiako Bankuko eta BBVAko ordezkariek, Emilio Botinek, Felipez Gonzalezek eta Pedro Solbesek.

Enpresen mozkinak lan sarien lepotik igotzeko ahalegina da. Komunikabideek aipatutako guztiei eskaini izan dieten arretatik urrun, Vicenç Navarro ekonomialariak azpimarratu du “helburua ez dela ekonomia edo lehiakortasuna defendatzea, enpresa handien interesak baizik, langileen interesen lepotik. Iraganean klase borroka zena lehiakortasunaren diskurtsoarekin maskaratzen dute orain”.

Azken urteetan, etekinak nominen gainetik gizendu dira eta, kasu ugarietan, soldaten igoerak inflazioaren azpitik gelditu dira, benetako emaitza hazkunde negatiboa izanik eta langileen erosteko ahalmena gutxituz. Noski, oparotasunaren garaian ez zituzten soldatak mozkinekin lotu nahi izan. Eustaten datuen arabera, 1980an EAEko langileen soldatek BPGren %57 izatetik %50 izatera pasa da 2009an, ustiapen soberakin netoak edo enpresen etekinak %24tik %32ra igo diren bitartean. Alegia, aberastasunaren banaketan mozkinek soldatak ordezkatu dituzte. Eta hala ere produktibitatearen araberako igoerak exijitzeko lotsagabekeria dute! Horrekin nahikoa izango ez balitz, ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zerga garbiak osatzen zuten pastelaren zatia murriztuz joan da hiru urteetan, 2006tik 2009ra, eta duela bi hamarkadako mailan dago, administrazioek gastu publikoari eusteko duten ahalmena mugatu duena.

Testuinguru honetan, langabezia handiarekin, enpresari klaseak eta haien ordezkaritza politikoak gaurko shock egoera baliatu nahi dute, erreforma antisozialak inolako erantzunik gabe egin dezeketela ikusita, nominak murriztu eta haien dibidenduak are gehiago puzteko. Baina, esaten dutenaren kontra, soldatak dira errendimendu baxuaren errudunak, hauen ondorioz enpresaburuek produktibitatean inbertitzeko beharrik ikusten ez dutelako. Gainera, Lanaren Nazioarteko Erakundeak dioenez, produktibitatearen igoerak langabezia handitzea dakar.

Funtsean, langileen lepotik mozkinak handitzeko helburua duen mugimendu berria da hau. Aurrerakuntza teknologikoak lanaldiak murrizteko aukera baztertzen dute. Ez ditzagun lan orduak banatu jende gehiagok lanpostu bat izan dezan gizartearen ongizatea handitu eta aisialdirako zein gizarte ekintzarako ordu gehiago izateko! Hobe langileak ustiatu haien erosteko ahalmena murrizten den bitartean. Zer gertatuko da, alabaina, soldatapekoen taldeak berak ekoizten duena eskuratzeko aukerarik ez duenean? Zer gertatuko da baztertu ezin daitekeen energiaren prezioaren igoeraren ondorioz produktibitatea erortzen denean? Orain arte soldatak mozkinekin lotu ez badituzte, zergatik diote orain produktibitatearekin lotu behar dituztela?

Kontua da neurri hauek gehien babesten dituztenak direla isiltzeko arrazoi gehien dituztenak. Jose Luis Bilbaok neoliberalismoaren hooligana balitz jokatzen du, Zabalgarbi bezalako auzietan bere burua engainatzen utzi badu ere. Alemaniako kantzilerraren proposamenarekin bat egin duen beste bat Espainiako Bankuko gobernadore Miguel Angel Fernandez Ordoñez izan da, higiezinen eta finantzen krisia aurreikusteko gaitasun ezak bere produktibitate eztabaidagarriaren berri ematen duen arren. Eusko Jaurlaritzak ere hitz egin du. Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak “oparotasunik gabeko etorkizuna” iragarri du produktibitatearen aldagaia soldatetan jasotzen ez bada; galde dakioke: Nola eragingo dio bere soldatari Patxi Lopezen Gobernuak pilatzen duen hogei legeko atzerapen produktiboak?

X