Gobernua lobby nuklearren menpe berriz ere

Espainiako Gobernua lobby nuklearraren presioen aurrean berriz ere makurtu dela deitoratu du Alternatibak, “hamaikagarren aldiz, industriaren interes ekonomikoak ingurumenaren eta osasunaren gainetik jarri dituelako”.

Alternatibako Ekologia Mahaiko arduradun Asier Vegak Espainiako Gobernuak ireki duen aukera legalaren inguruan hitz egin du, Espainiako zentral nuklearrak 40 urtetik gora ere martxan jarraitzeko, denbora horretarako diseinatu bazituzten ere. “Zentral nuklearren bizitza luzatzea politika energetikoaren arazoa saihestea da eta PSOEk orain arte izan duen jarrerarekin talka egiten du, hauteskundeetan agindutakoa betetzeko gai ez dela erakutsita”.

Ezkerreko alderdiaren ordezkariak gaineratu duenez, “ezin ahaztu EAJk Zapaterori eskainitako laguntza ordainezina honek eskumarantz egiten duen bakoitzean”. Horren harira, PSOE noren menpe dagoen argi utzi dutela azpimarratu du Vegak: “Pentsioen eta lan merkatuaren erreforman merkatuen aginduetara zeuden eta politika energetikoan, aldiz, lobby nuklearraren aginduetara. Bitartean, herritarrek politika lazgarri baten ondorioak pairatzen dituzte”.

Lan merkatu merkea, ezegonkorra eta malgua> Daniel Udalaitz (Argia)

Daniel Udalaitz: Argia

PSOEren botoei eta EAJren zein CiUren abstentzioari esker Espainiako Kongresuak onartu duen lan erreformak lan merkatuan oinarrizko zenbait aldaketa ekarriko ditu. Sindikatuen arabera, langileen eskubideak urratzen ditu, kaleratzea merkatzen duelako, lan egonkortasunik eza areagotzen duelako eta negoziazio kolektiboa arriskuan jartzen duelako.

Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreforma irailaren 9an berretsi zuen Espainiako Kongresuak, soilik PSOEren aldeko 168 botorekin eta 173 abstentziorekin –tartean EAJ eta CiUrenak–. ERC-IU-ICV, BNG eta Na-Bai-ren zortzi parlamentariek kontra bozkatu zuten.

Langileek eta sindikatuek gaitziturik hartu dute erreforma eta enpresariek, aldiz, ondo hartu dute –aldaketa sakonagoak nahi dituzten arren–. Sindikatuek kaleratzea merkatzea eta lanaren egonkortasunik eza areagotzea salatu dute. Enpresarioek, neurri zorrotzagoak nahi bazituzten ere, badakite neurri berriok ziurtasun eta segurantza handiagoa ematen dietela.

Lan erreformaren funtsezko beste alderdietako bat negoziazio kolektiboarena da. Erreforma indarrean jarri eta sei hilabeteko epea izango dute patronalak eta sindikatuek gai horri buruzko akordio batera iristeko. Tarte horretan akordiorik lortu ezean, gobernuak bere erreforma ezarri beharko luke.

Langileen eta abertzaleen aurkako erreforma honek dagoeneko bi greba orokor eragin ditu Hego Euskal Herrian, iragan maiatzean eta uztailean sindikatu abertzaleek deitu zituztenak. Sindikatu abertzaleen arabera, lan erreforma hau “trantsizio hasieratik hona izandako lan eskubideen urraketarik larriena” da. Irailaren 29an CCOO eta UGT sindikatuek beste greba orokor bat deitu dute Espainiako Estatu osoan.

Galerak aurreikustea nahikoa da kaleratzeko

Onartutako lan erreformak jasotzen duen gairik polemikoena eta onarpen gutxien duena kaleratze objektiboaren arrazoiak dira. Erreformaren bidez, enpresarioentzat errazagoa eta merkeagoa da kaleratzea. Onartutako testuaren arabera, “benetako edo aurreikusitako galerak, edo diru sarrera mailaren murrizte iraunkorra” izanez gero, enpresek bidezko arrazoi ekonomikoengatik langileak kaleratzeko aukera izango dute. Gobernuaren jatorrizko dekretuak “egoera ekonomiko negatiboa” zuen hizpide. EAJrekin burututako zuzenketaren ondoren dekretua zehaztu izanak epaileei bidezko kaleratzeak onartzeko atea zabaldu die. Bidezko kaleratzeak askoz merkeagoak dira (20 egun lan egindako urteko, gehienez 12 hilabete) kaleratze bidegabeak baino (45 egun eta 42 hilabete gehienez, edo 33 egun eta 24 hilabete gehienez, kontratu mugagabe motaren arabera).

EAJk aurkeztutako eta PSOEk onartutako 185. zuzenketari dagokion testuak hauxe dio literalki: “Kaleratzeko arrazoi ekonomikoak daudela ulertzen da, enpresaren emaitzek egoera ekonomikoa negatiboa adierazten dutenean, hala nola enpresaren bideragarritasuna eta enplegu bolumenari eusteko ahalmena arriskuan jar dezaketen galerak daudenean edo aurreikusten direnean nahiz diru sarrera mailaren murrizte iraunkorra gertatzen denean. Horretarako, enpresak aipatutako emaitzak egiaztatu beharko ditu eta emaitza horien ondorioz, merkatuen duen toki lehiakorrari eusteko edo mesede egiteko kaleratzea arrazoizkoa dela justifikatu beharko du”.

Absentismoa bidezko kaleratzeak egiteko arrazoia izan daiteke

Erreforma guztietan, patronalaren eta zenbait alderdiren, esaterako, CiUren kezka nagusietakoa lan absentismoa izan da, azken urteetan behera egin duen arren. Erreforma honetan ere gai hau jorratu dute. Hala, erreformak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko mediku ikuskatzaileei urtebetez azpiko ezgaitasunetan alta emateko ahalmen handiagoa ematen die. Horrez gain, enpresa batek izan ditzakeen behin behineko bajen batez bestekoaren muga %5etik %2,5era jaitsi da, %20tik gorako absentismoa duten langileak bidezko moduan kaleratu ahal izateko, bajak justifikatuta egon arren.

Barne malgutasuna

Patronalaren beste eztabaidagai nagusietako bat da malgutasuna. CiUk interes handia du gai honetan eta, ordutegia, lanpostuak edo txandak aldatzerakoan langileen eta enpresarioen arteko akordiorik ez balego, azken horien erabakia lehenestea proposatu zuen. Enplegatuari epaileengana jotzeko aukera geratuko litzaioke baina horrek ez zuen neurri patronala geldiaraziko. Azkenean, PSOEren irizpidea nagusitu zen. Hala ere, bi parteek arbitro batengana jo ahal izango dute auzitegietara jo baino lehen.

Kaleratzearen diru laguntza eta langabezia sariak

Erreforma indarrean jarri ondoren sinatutako eta gutxienez urtebeteko iraupena izandako kontratua eteteko arrazoi objektiboak argudiatzen dituzten enpresarioek FOGASA Soldatak Bermatzeko Funtsaren diru-laguntza jasoko du, lan egindako urteko zortzi eguni dagokiona. Gainerakoa, kaleratzea bidezkoa edo bidegabea izan, enpresarioak ordaindu beharko du. Langabezia sariei dagokienez, enpleguak gora egin bezain pronto, langabezia sari eta diru-laguntza sistema erreformatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak, langabetuak lana bilatzerakoan eta jardueretan –prestakuntza ikastaroetan eta abarretan– gehiago inplika daitezen.
Bestalde, Kontratazio iraunkorra bultzatzeko, gobernuak kaleratzeagatik 33 eguneko indemnizazioa jasotzen duen kontratua zabaldu nahi du.

Espainako Erresumako Gobernua euskal gizartearen beldur da

Indarra dute, gure gainetik pasa daitezke, baina gizarte prozesuak ezin dira krimenaren eta indarraren bitartez geldiarazi. Historia geurea da eta herriek egiten dute.

Salvador Allende

 

Oinarrizko eskubideak urratzea ohiko praktika bihurtu da geure herrian: elkartzea, manifestatzea, bozkatzea edo edozer gauza aldarrikatzea bera eskubide izan beharrean agintean direnei gordetako pribilegioak direla dirudi, indarrean den ordenari aurka egin edo zalantzan jartzen ez duen jendeari eman ezin zaizkienak. Euskal Herrian jasaten dugun errutinak agerian uzten du Espainiar Erresumak duen demokraziaren kalitate txarra.

Horrela, Auzitegi Nazionalak larunbat honetako giza eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa debekatu izana logika antidemokratiko honen jarraipena da. Botere publikoak izanik manifestazioa bezain oinarrizkoak diren eskubideen bermatzaile behar luketenak, salbuespen auzitegi honek argi adierazten du espainiar zuzenbide-estatuaren ahulezia.

Ez zaie axola deialdia egin zuen herri plataformak, Adierazi EHk, eskubide eta askatasunen defentsan ibilbide zalantzaezina egin duten erakunde eta pertsona ugariren babes anitza jaso izana. Espainiar justiziaren arabera, nahikoa da legez kanporaturiko erakunde politikoen militanteek bertan parte hartzea edozein gizarte prozesu kutsaturik ager dakion bere begietara; hala, batetik, pertsona horiei oinarrizko norbanako eskubideak kentzen dizkie, bestetik, elkarlana bultzatzen duen edozeinera hedatzen dute susmoaren itzala.

Bi oinarrizko arrazoik bihurtzen dute hau guztia onartezin. Batetik, debekatu duten manifestaldiak aldarrikatzen zuena honakoa zen: eskubide guztiak pertsona guztientzat onartzea, bizitza eskubidearekiko errespetua edozein dinamika sozial edo politikoaren funtsean jarrita. Bigarrenik, ekimen hau kriminalizatu dutelarik, ekimena babestu duen pertsona eta erakunde aniztasunari egiten zaio eraso, status quoarekin bat ez gatozenoi, usteltze demokratiko honen aurrean isilik geratu nahi ez dugunoi, eta itxaropenez josiriko testuinguru berrian zein ezker tinko eta gogotsua berrosatzeko prozesuan sinisten dugunoi.

Ez ote da izango hauxe, hain zuzen ere, Espainiar Erresumak hainbesteko beldur diona? Ez ote du beldurtzen bide demokratiko hutsekin borrokatuko duen gizarteak’ Gizarte bateratu, indartsu, tinko, bizi eta parte hartzaileak? Zeinek eta zergatik egiten dio aurre gehiengo zabala biltzen duen manifestazio bati, are gehiago, bizitza eskubidea oinarrizkotzat jotzen badu beste giza eta politika eskubideak defendatzearekin batera?

Hamaikagarren eskubide urraketa hau (sasi)demokraten eskutik iritsi da, euren interesen mesedetan demokrazia zatikatzeko arazorik ez dutenengandik, gutizia moduan herritarren eskubideak hara eta hona darabiltzatenengandik; euren sorgin-ehiza eta gobernu bidegabeen aitzakia izango den gatazka armatua behar duten demokratengandik. Izan ere, beldur dira benetako bake testuinguru batean euren botere ia behin betiko horren oinarriak arriskuan dituztela. Gizarte honen eta bere parte hartzearen beldur dira demokrata hauek, herri mugimenduen aurrean kikildu egiten baitira, jakin badakite-eta herria dela hainbeste gezur eta demokrazia urraketarekin amai dezakeen bakarra. Eurek, demokratek, ez erabiltzekotan soilik onartzen dute demokrazia.

Hau guztia dela eta, gizarte gehiengoak itxaropena dakusan honetan, eurek beldurra nabari dute; sare anitz, borrokalari eta demokratikoak osatzen ari garenean, eurek terrorismoa dakusate; bakea dugunean helburu, eurek gatazka hau inoiz amai ez dadin bilatzen dute.

Baina ez gaituzte geldiaraziko, euren beldurra bide onetik goazen seinale onena da, gizartearen parte hartzean oinarrituriko bake eta justizia sozialaren alde egiten jarraitu behar dugu, beraz. Egun, inoiz baino gehiago, euskal gizarteak bere garaia du, indarkeria erabili eta eskubideak ukatzen dituztenenak egin du. Ez dugu atzera egingo.

Honegatik guztiagatik, Alternatiba osatzen dugun pertsonok Euskal Herriko ezker soberanistaren berrosatzea bermatuko duen testuinguru demokratikoaren alde egiten jarraituko dugu, botereari borroka esparru guztietan aurre egin aldera, erroko demokrazian eta parte hartze aktiboan oinarrituriko ezkerrari esker.

Larunbat honetan kalera aterako gara erakustera benetako bake prozesuak gizarteak gidatu behar dituela, boterearen kudeatzaileak oztopatzen saiatuagatik ere. Hitzak protagonismoa hartuko duen garai berriaren beldur dira, baina Euskal Herriak hitza hartuko du eta ez dio uko egingo.

Alternatibaren Nazio Koordinakundeak, 2010eko irailaren 9an

Eskubide zibil eta politikoen atzerakada fasean gaude

Alternatibaren ustez eskubide zibil eta politikoen atzerakada fasean gaude

BILBO 2010-09-11 Ezkerreko alderdiaren bozeramaile Oskar Matutek, Auzitegi Nazionalak legez kanpo utzitako hainbat manifestaldiren harira, “jasaten ari garen eskubide zibil eta politikoen atzeradaka izugarriak” sortzen dion kezka adierazi du. Matuteren ustez botere publikoei “sekulako urduritasuna darie garai berriotan” eta honek guztiak terrorismoarekin zer ikusirik ez baizik eta “batzuei sekulako beldur eta kezka sortzen dien testuinguru politiko berriarekin” dago lotuta.

Alternatibaren bozeremailea espainiar sistema politikoan manifestazio eta aldarrikapen eskubideak duen berme judizial eskasaz harritu da. “Pentsa zitekeen gai batzuk, manifestazio eskubidea kasu, ustezko Europa demokratiko horren funtsa bera zirela” adierazi du Matutek. Azkenik, bozeramaileak “hau gure herrian irekitzen den aro berrian oztopo bat besterik izan dadin” itxaropena adierazi du; izan ere, bere hitzetan “ez dugu utziko bakearen, giza eskubideen eta denontzako eskubideen trenak bere bidetik atera dezaten”. 

Aborto aske eta doakoa

Hautsak harrotu dituen Haurdunaldiaren Borondatezko Etete Legea gaur sartu da indarrean. Auzitegi Konstutzionalari egingo zaizkion alegazioek berriz ere zeresan handia sortuko dute komunikabideetan. Batzuek zein besteek lege hau abortuaren aldeko aldarrikapen feminista baten gauzatzea dela sinestarazi nahiko digute. Benetan gertatu dena berriz ere ezkutatu nahiko digute, hots, geure gorputzen eta bizitzen gaineko erababiak hartzeko eskubidean eta autonomian emakumeen errespetuak ez direla

Arrazoi honengatik, Altarnatibak Gizonak erdituko balira abortoa askea litzateke. Eskubideak ez dira negoziatu edo epeka eman behar. Aborto aske eta doakoa, orain! izeneko kanpaina berrriro abiaraziko du emakumeei gehien urratzen zaienetako eskubide baten alde, euren gorputzaren gaineko erabakiak hartu ahal izatea.

Alternatibak uste du abortoa delitutzat jotzea, emakumeen erabiki eskubidearen gaionean ezarri nahi den tutela eta osasun zerbitzu publikoan haurdunaldiak borondatez eteteko eskubidea bertan behera uztea indarkeria patriarkalaren tresna direla, eta halaxe salatu eta deitoratu behar direla.

Beraz, PSOEren aborto legearen aurrean aurka egotea besterik ez dugu, honako hiru arrazoi nagusiak direla tarteko: ez du emakumeen erabaki askatasuna onartzen, eta ondorioz euren sexu eta ugaltze eskubideen jabetza osoa galarazten die; sektore publikoaren baitan abortoa bermatuko duen neurri zehatz eta argirik ez du ezartzen; eta ez du abortoa kode penaletik at uzten. Esandakoaz gain, lege proposamen epel eta koldar hau estuki lotua zaie eliz hierarkiatik bideratzen diren kanpainei, biziaren aldeko izen okerrarekin ezagutzen ditugun –aukeratze eskubidearen aurkako taldeak izena hobe datorkie- kanpaina horiei, zeintzuek emakume guztien duintasunaren aurka egiten duten.

Ildo honetan, eskuinak eta sozial-liberalismoak bat egiten dute emakumeek ama noiz eta nola izateko duten eskubidea ukatzeko. Beharrezkoa da, beraz, emakumeen aurkako edozein bortxaren aurka gauden indar sozial eta politikoak gure iritzia plazaratzeko kalera atera gaitezen, mugimendu feministaren bidelagun izateko.

Gainera, eskubideen defentsa hau datu errealetan oinarritu nahi dugu, ez erabaki eskubidearen aurkako lobbyek eraman nahi gaituzteneko eztabaida horietan. Pasa den azaroaren 5an Osasun Zerbitzuak I2008ko VE (gazteleraz Bordondatezko Haurdunaldi Eteteak) direlakoen gaineko txostena aurkeztu zuen. Txosten honek datu garrantxitsu andana eskaintzen digu: 115.812 haurdunaldi etete egin dira; %98,01 klinika pribatuetan; %88,70 lehen haurdunaldiko 12 asteak pasa baino leghen eta amaren osasuna argudiatuta %96,96.

Hau da egungo IVEen errealitatea: Bata, Osasun Lege Organikoak arauturiko eman beharreko zerbitzuen zerrendan egon arren, aborto gehienak (%98,01) klinika pribatuetan egiten dira, eta autonomi erkidegoen artean desoreka handiak daude. Bigarrenik, haurdunaldi etete gehienak lehenengo 3 hilabeteetan ematen dira (borondatezko eteteen %88,70 haurdunaldiaren lehen 12 astetan) , eta honek ezbaian jartzen du epe gabeko araudiak sor lezakeen erakarpen-eragina. Hirugarrena, emakumeen eskubidearen gauzatzeak osasun eta epaitegi langileen menpe darrai, hauek baitira azken hitza dutenak. Laugarrena, egungo legediak, zeinak abortoa oraindik delitutzat duen, haurdunaldia eteten duten emakume zein langileei segurtasun eza ikaragarria dakarkie, Madrileko Erkidegoko Clínica Isadoran gertaturikoa ikusi besterik ez dago.

Urteak dira mugimendu feministak emakumeek euren gorputzaren, sexualitatearen eta amatasunaren jabe izateko eskubidea errespetatuko duen araudia eskatzen dutela. PSOEk, beraz, aukera paregabea zuen mugimenduaren eskari historikoei erantzun egokia emango zien lege zabala aurrera ateratzeko.

Baina nabarmenen geratu dira alferrik galdutako aukerak eta gauzatu gabeko eskubideak. Epe eta baldintza sistemak hor darrai, eta honen bitartez epaitegi eta osasun langileek, agiri eta komiteen bitartez, emakumeek haurdunaldia oztopatzeko eskubidea duten ala ez erabakitzen jarraituko dute. Emakumeen erabakiak beharrezko izaten jarraitzen du baina ez da irizpide bakarra; hala, abortoa baino lehen 3 hausnarketa egun pasa behar dira oraindik, haurdunaldia eteteko erabakia hartzen duten emakumeek aurrez pentsatu gabe egingo bailuten, hobe pentsatu beharreko auzia dela esan nahian. Gainera ez da bermatzen osasun publikoan abortoak egitea, ez baita zehazten nola emango zaion buelta sistema publikoan egiten den %1,9 horri. Ez du, halaber, arautzen osasun langileriaren kontzientzia eragozpenaren auzia, eta ondorioz haurdunaldia eteteko eskubidea ez da bermatua geratzen. Izan ere, osasun zentru batzuetan eragozpena indibiduala izatetik zentru osokoa izatera pasa da. Arrazoi ugari beraz, Lege Biltzarrarentzako Emakumeen Manifestuak bildu zituenak, lege proposamen hau emakumeen erabakitze eskubidearekin bat ez datorrela esateko.

Esangurastsua da, era berean, 16 eta 19 urte arteko emakumeen erabakitze eskubide autonomoan izan den atzerapausoa. Hemendik aurrera azken hitza izango duten gurasoek lagundurik joan beharko dute. Adostasunik ezean, emakumearen familia eta bizipenei arrotz zaien pertsona batek izango du emakumea erabakiak hartzeko autonomoa den ala ez erabakitzeko eskumena. Beste behin ere, geure gurasoenak barik, geureak besterik ez diren gorputzen eta bizitzen gaineko erabakitze eskubidea kanpotik tutelatzeko ahaleginak hor dirau.

Hau guztia dela eta, Alternatibatik egingo dugun kanpainak indarrean sartu den legearen aurkako gure jarrera argia erakutsiko du.Araudi berriak emakume guztien haurdunaldia eteteko eskubidea bermatu behar duelakoan gaude, emakumeen eskubideei loturiko kontua baita. Emakumearen beraren borondateak, beraz, nahikoa beharko luke izan erabakia hartzeko. Horregatik diogu, bada, eskubideek ez dutela eperik eta ez direla negoziatu behar.

Ez dira negoziatu behar auzia arazo moral eta bizitzaren eskubide gisan aurkeztu nahi duten horiekin. Ez dira negoziatu behar Eliza Katolikoarekin, zeinak oraindik ez duen ulertu erlijioa norberaren esparru pribatura mugaturiko kontua den ezta ideia eta sinismenen gainetik estatuak bere herritarrei eskubideen gauzatze osoa bermatu behar diela ere, baita emakumezko herritarrei, batzuek gogoko ez izan arren. Ez da negoziatu behar iritzi publikoa euren kanpainekin nahasten duten horiekin, ezta abortoa, informazioa eta proposamenak mahai gainean izanda, eztabaida dadin oztopatzen dutenekin ere. Izan ere, ziur gaudenez gizonezkoek, erditu beharko balute, eztabaida bestelakoa litzatekeela…kalera atera gara aborto aske eta doakoaren alde!

 

X