Espainiaren subiranotasunaren aurka ezin dela joan dio Espainiako jarduneko presidente Mariano Rajoik, Kataluniako prozesu independentistaren harira. Noski, Europako Batzordeak, merkatuek, TTIP itunak edota finantza botereek burujabetza hori nahi beste urratu dezakete.
Bizkaiko EH Bilduren Kongresurako hautagai eta Alternatibako kide Diana Urreak salatu du migratzaileek pairatzen duten legedia «beraien kontrakoa eta justifikatu gabea» dela eta «tik arrazistak» dituela. «Atzerritarren Legearen helburua ez da migratzaileak gizarteratzea, baizik eta kontrolatzea, zigortzea eta haien eskubideak mugatzea», adierazi du.
Ildo horretan, salatu egin du Atzerritarren Legeak polizia funtzionarioen esku uzten dituela hainbat erabaki eta «sarri askotan era arbitrarioan» aplikatzen dela.
Halaber, arduradun politiko asko migrazioaren kontra egiten ari diren adierazpen ugariez mintzatu da Urrea. «Einsteinek zioen bezala, errazagoa da atomo bat apurtzea zurrumurru bat haustea baino eta, horren haritik, hainbeste zurrumurru zabaltzen ari diren honetan komeni da gogoraraztea immigrazioak kultur aberastasuna ekarri duela gure herrira eta, gainera, immigratzaileek hamarnaka milioi euro sartzen dituztela urtero Estatuaren diru kutxan (zalantzarik gabe, beraiek jasotzen duten baino askoz ere diru gehiago)», adierazi du.
Hala ere, Urreak salatu duenez, «migratzaileek bazterketa bidegabea pairatzen dute. Gehienak enplegurik zailenetara, txartoen ordainduetara eta desatseginenetara kondenatuta daude eta, gainera, diskriminazioa, xenofobia edo arrazakeria sufritzen dute».
Kongresurako hautagaiak esan du EH Bilduk «giza eskubide guzti-guztiak defendatzen» dituela eta, horregatik, Atzerritarrak Atxikitzeko Zentro guztien itxiera eskatu duela.
Errefuxiatuen larrialdi egoerari dagokionez, Europan asiloa eskatzeko bide seguruak bila ditzatela exijitu die Estatuko eta Europako erakundeei, «indarrean dagoen legeria betez».
Urrearen iritziz, «burujabetza funtsezkoa da berdintasunean, justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako Euskal Herri bat eraikitzeko», eta hau gaineratu du: «aldeztu, amestu eta sentitzen dugun Euskal Herri horretan inor ez dago soberan. Guztiok gara beharrezkoak, norberaren jatorria edozein dela ere. Eta, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean esan nahi duguna da pertsona guztiek haiengan eragina duten gauza guztietan erabakitzeko aukera izan behar dutela, inolako bazterketarik gabe, era indibidual eta kolektiboan».
«Pertsona guztiek eskubide berberak izango dituzten kolore askotako Euskal Herri bat eraikitzeko erabaki nahi dugu ».
Sabino Cuadra eta Maria Sierrak, azken honek gazte mugimenduaren izenean, datorren abenduaren seian Bilboko kaleak betetzera deitu dituzte herritarrak. “Espainiako konstituzioa inposatu egin digute, eta horretaz gain, konstituzio tranposoa da, zinikoa eta hipokrita”, esan dute.
Cuadrak adierazi duenez, “honek ez du gehiagorako ematen, ez Euskal Herrian, ezta Katalunian ere”. Horregatik gizarte, kultura, sindikalgintza, ekonomia eta politika arloko eragile guztiei dei egin diete “Madrilera begiratzeari utzi eta gure herrira begiratu dezaten”. Bere esanetan, “arima eta gihar indartsuak ditugu askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean oinarrituriko etorkizuna eraikitzeko”.
Sabino Cuadrak eta Maria Sierrak adierazi dutenez, “txikira jokatzeari utzi eta handira jokatzen hasteko garaia da, alegia, erabakitze eskubide exijitu eta praktikan jartzeko garaia da”.
Ildo horretan, Cuadrak esan du abenduaren 6an kalera irtengo garela “ez soilik herrien espetxea den konsituzio horri ezetz esatera, askatasuna eta burjabetza aldarrikatzera baizik”. “Gaurtik aurrera, gure bideari ekin, independentziara eta Euskal Errepublikara eramango gaituen bide horri ekin behar diogu”.
Diada egunaren ospakizunekin kointzidituz, Estatuko nazio eta herri desberdinetako 8 erakunde politikok Katalunian irekitako prozesuarekiko babes posizio amankomuna topatzera begira bilkura bat ospatu zuten Bartzelonan. Galiza, Castilla, Mallorka, Valentzia, Euskal Herria, Aragoi eta Asturiako ordezkariek irailaren 27an Principateko herritarren hartutako erabakiekiko errespetua aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten. Erakunde hauek, gainera, Estatuak Kataluinaren aurka hartu ditzakeen balizko neurrien aurrean koordinatzeko konpromisoa agertu zuten. Eta modu orokorrago batean, bakoitzak bere herrian aldarrikapen soberanistak aurrera egin dezan ekimenak elkarbanatzean. Nazio ezberdinetako ordezkarien bilkura Ciemen-en (Centre Internacional Esquerra per a les Minories Etniques e les Nacions ) egoitzan ospatu zen, eta topaketa horren anfitrioi eta ikuskatzaile gisa CUP eta ERCko ordezkariak egon ziren.
Begirada irailaren 27an Principatean ospatuko diren hauteskundeetan jarrita, Galiza, Euskal Herria, Castilla, Asturias, Aragon eta Pais Valencia eta Mallorkako erakundeek, espreski onartzen dute hauteskude horien izaera “plebiszitario eta/edo konstituziogilea”.
Era berean, Principat-eko prozesua Estatuko nazio eta herri desberdinetan etorkizunean eman daitezkeen aldarrikapenen plasmazioarekin lotzen dute, ikur desberdinetakoak izan arren, amankomunean haustura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea dituztenak.
Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego (BNG), Bloc Nacionalista Valencià (Bloc), Chunta Aragonesista ( CHA), Euskal Herria Bildu ( EH Bildu), Izquierda Castellana ( Izca), Mes per Mallorca (MES) eta Puyalón de Cuchas-ek argiki adierazten dute Catalunyako egoera eta nazioarteko komunitateak, Europar Batasunak eta Estatu espainiarrak egoerari aurre egingo dieten moduak “determinatuko dutela hein handi batean, gure nazioek euren etorkizunean eragingo duten erabakiak hartzeko errespetuzko marko bat bideratzeko aukerak”.
Era berean, manifestuaren sustatzaileek “borondate demokratikoaren errespetua eta herrien eskubideen errekonozimendua harreman justuago eta solidarioagoen marko baten oinarria izan behar dutela” ulertzen dute eta “justizia sozialean eta bizitze onean oinarrituta, herriak zorraren txantaiatik askatuko dituen eta oinarrizko eskubide sozialak eta askatasunak onartuko dituen Europa berri bat eraikitzeko” duten xedea adierazi dute.
Bilkuran parte hartu zuten erakundeak Katalunian irekitako prozesuaren inguruan interlokuzio iraunkorra izateko konpromisoa hartu zuten, bereziki “Estatutik mota guztietako ohartarazpen nahiz mehatxuak igortzen direnean”. Era berean, haustura demokratikoaren mesedetan “eztabaida eta kolaborazio” esparruak irekitzeko prestutasuna adierazi zuten; “aldaketa politikoa nazioetan eta hauen erabakitzeko eskubidean jokatzen dela” ulertzen baita.
Ayem Oskoz Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kideak Alderdi Popularrak gaur iragarritako berehalako erreforma aztertu nahi izan du, Espainiako Erresumako Auzitegi Konstituzionalari bere ebazpenak betetzen ez dituenari zigorrak ezartzeko eskumena eman nahi diona; “noiz eta Kataluniako hauteskunde erabakigarrien atarian gaudela”. Ebazpen horiek, gogorarazi du Oskozek, “kutsu politikoa dute beti, berriro ere, frankismoak ezarritako Espainiako nazioaren batasun sakrosaindua gordetzeko helburuarekin eta, beraz, herrien borondatea bahitzea bilatzen dute”.
Alderdi ezkertiarretik salatu dutenez, “eskubide urraketa eta murrizketak nagusi diren kiribilean” urrats berriak egiten jarraitzen du Mariano Rajoy-ren gobernuak, honelako “kirtenkeriak” mahai gainean jarrita. Erreforma honen bidez, “Madrilek kartzela zein isunen mehatxuekin Katalunian hautestontziek ekintza demokratiko baten bidez esan dezaketena geldiarazi nahi du, kontra egiten dioten erkidegoen instituzioak bertan behera utzita ere”.
Oskozek, azkenik, “deitoragarritzat” jo du Merkelen argazkia Espainiako presidenteari bere “independentismoaren aurkako gurutzadan” laguntza eskaintzen. Izan ere, laguntza horrek “ordaina izango du, PPk Alemaniako finantza botere neoliberalen aginduen aurrean ageri ohi duen menpekotasunari eustea alegia”.