Oskar Matute: “Espainiako gobernuak AHTrako egindako inbertsioa porlana pertsonen gainetik jartzen duen ereduaren erakusle da”

Gobernu espainiarrak aurkeztu berri dituen aurrekontuetan AHTari egingo zaion diru ekarpenari buruz hitz egin du gaur Oskar Matute Alternatibako eta EH Bilduko kideak.

Matutek adierazi du AHTaren ibilbiderako jasoko den inbertsio hau PNV eta PP arteko akordio eta apustuaren isla dela. Bi alderdi hauek porlana pertsonen aurretik lehenesten dutela salatu du Matutek, eta betikoen negozioa gehiengoaren beharrizanen aurretik lehenestea leporatu die.

Euskal Herriak behar duena bere baliabide guztien gaineko erabakimena izatea dela nabarmendu du EH Bilduko eledunak, modu honetan, denonak diren baliabideak denon beharrizanen mesedetan jarri ahal izango baititugu, jendarte eredu berri bat eraikiz.

EH Bildu

https://pbs.twimg.com/media/CLqWXpTWoAAUx2B.jpg

 

EH Bildu Madrilen PPren autokontsumo elektrikoari buruzko dekretu proiektuaren aurka dago

EH Bilduk autokontsumo elektrikoa arautzen duen dekretu-proiektua atzera botatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, ekainean aurkeztu zuen zirriborro hori autokontsumo elektrikoaren aurkako eraso zuzena delako eta, hortaz, energia berriztagarrien garapenaren kontra ere doalako. Dani Maeztuk azaldu duenez, “autokontsumoa mugatzeak ondorio garrantzitsuak ditu. Adibidez, argiaren fakturan aurreztea galarazten du, enplegu kualifikatua sortzeko aukera mugatzen du eta EAEn ingurumen arloko konpromisoak betetzea zailtzen du”. Gainera, “dekretu-proiektuak talka egiten du Europar Batasunean eta Estatuan bertan indarrean dauden araudiekin”, erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak.

Gaur bertan Madrilen, Kongresuan, oposizioko alderdiek eta sindikatu eta elkarte ugarik autokontsumo energetikoaren aldeko konpromisoa berretsi dute eta dekretu-proiektua bertan behera gera dadila eskatu diote Rajoyren Gobernuari. Gasteizko Legebiltzarrean ere EH Bildu antzeko adierazpen bat aho batez egiten saiatu da. Zehazki, adierazpen instituzionala onartzea proposatu zuen ekaineko azken osoko bilkuran. Adostasuna ia erabatekoa izan zen, baina PPk Parlamentua Rajoyren dekretu-proiektuaren kontra agertzea galarazi zuen.

EH Bildu

Alternatibak aldaketaren eragile gisa aurkezten diren alderdiei dei egin die herrikoenaren moduko epai bidegabeak sala ditzatela

Azken egunotan, herri honetako ezker subiranistak mugarri izan diren gertaeretan parte hartu izan du. Erregimenaren gainbehera Nafarroan, arrazakeria instituzionalaren kanporatzea Gasteizen, frackingaren zein transgenikoen debekua Euskal Autonomia Erkidegoan edota etxebizitza duinerako eskubidearen aitortza. Horixe baita, herri honetako esker subiranistaren jardueraren oinarria: pertsona guztien eskubideak eta duintasuna babestea. Batzuek, alabaina, iraunarazi nahi duten gatazka politikoaren oroigarriekin bete nahi dituzte egunkarietako azalak, etekin politikoa atera nahian.

Auzitegi Gorenak atzo berretsitako epaia, Herriko Tabernak konfiskatzea eta ezker abertzaleko hainbat buruzagiren aurkako kondenak eragingo dituena – kartzelan sartu beharrik izango ez badute ere- zentzugabekeria izango litzateke benetan demokratikoa den edozein herritan, botereen arteko banaketa ematen den herrietan behintzat. Espainiako Erresumak, aldiz, bere lotsagabekeria agerian uzteko inolako arazorik ez dauka, gainbeheran dagoen erregimenaren ondorengoa dela erakusten du. Baina desagertzeari uko egiten dion bezala, bakea ere ukatzen du, errepresioa zabaldu eta justizia manipulatzen duen bitartean.

Alternatibatik uste dugu aski dela esateko garaia heldu dela; bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu herriaren parte adierazgarri baten militantziak altxatutako ehun bat egoitzen espoliazioa. Estatuan aldaketaren indar direla esaten duten alderdiek ere ez, ezin dute hau onartu; ez baitira aldaketa izango baizik eta ordezkatzea epai honen moduko eskandalu juridiko baten aurrean isilik  gelditzen badira. Ez dute ezer aldatuko militantzia eta disidentzia politikoa diktaduran bezala zigortzen den bitartean entzungorrarena egiten badute.

Ezkerrak ezin du zalantzarik izan bidegabekeriaren aurrean, ezin du beste aldera begiratu greba batean parte hartu izanagatik gazteak preso eraman nahi dituztenean; ez hemen ezta Madrilen ere. Horregatik, gauzak benetan aldatu nahi dituztenek elkartasun harresiak altxatzen dituzte, Gasteizen zein Vallekasen duintasun berarekin eraikitakoak. Lazgarria da azken hamarkadetan Euskal Herria estatuaren errepresioaren laborategi bilakatu izana, baina itxaropentsua da, aldi berean, hilabeteko eta 400 kilometro eskaseko tartean herritarrek modu berean erantzun izana gazte bat babesteko.

Eskumak aspaldi ekin dio “dena ETA da” leloa gure mugetatik harago zabaltzeari; asteotan ikus dezakegu nola erabiltzen duen eskura duen guztia instituzioetako nagusitasuna kendu dietenen aurka. Ikusi beharko dugu nola euskal disidentziaren kontra erabilitako neurriak haiekin ere erabiliko dituen, hasi dira dagoeneko. Horrexegatik, berriro diogu: aldaketaren indarrek erabaki beharko dute non egon nahi duten, zapalduekin edo, ostera, zapaltzaileak ordezkatzea den bere helburua; min handia eragin duen gatazka gainditzearen alde lan egin edo mina manipulatzearen bidez lurralde batasunari kosta ahala kosta eutsi nahi dioten.

Salatu egin nahi dugu, beraz, ezker abertzaleko militante zein buruzagien aurkako enegarren muntai juridiko-poliziala. Bakearekin hartutako konpromisoa, determinazioa eta apustua garesti ordaintzen ari dira, kartzelarekin askok. Gatazkak eragindako minaren ageriko aitortza egin izan dute, batzuek entzun nahi izan ez duten arren. Haiekin da gaur ere gure elkartasuna eta, aldi berean, epai honen moduko gehiegikeriengatik barkamena zeinek eta noiz eskatuko duten galdegin nahi dugu.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eta alderdi jeltzaleari eskatu nahi diegu argitzeko bidegabekeria honen kontra dauden. Hala balitz, epaiaren kontra badaude, ez dezatela haien eskumeneko polizia bidali epaia egikaritzera. Izan ere, gizartea alde izango dute justiziarik gabeko erabakien aurrean planto egitea erabakiz gero; suhiltzaileek etxegabetzeetan parte hartzeari uko egitea ontzat jotzen den bezala, gehiengoak ulertu egingo du Ertzaintzak bere herriaren kontrako espoliazioan parte ez hartzea.

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/1557379_1118392731511375_5114064903730949244_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/11402628_1118392744844707_5697174259075819685_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/11221615_1118392808178034_2533276843121903225_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xtp1/t31.0-8/11145128_1118392734844708_3099674723720571264_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xfa1/t31.0-8/887591_1118392804844701_1392742929371599661_o.jpg

https://scontent-mad1-1.xx.fbcdn.net/hphotos-xtf1/t31.0-8/11406252_1118392811511367_7765762129976025490_o.jpg

Alternatibak Alfonen atxiloketa salatu eta elkartasuna adierazi du goraka doan eta Euskal Herrikoarekin gero eta antzekoagoa den errepresioaren aurrean

Alternatibatik salatu egin nahi dugu Alfonso Fernandez Alfonen atxiloketa, bart Madrilen gertatutakoa. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu justiziaren manipulazioa eta gero eta errepresioa handiagoa jasaten ari diren guztiei, Euskal Herrian aspaldi bizi dugunarekin gero eta antzekotasun handiagoak baititu. Gazte honek lau urteko kartzela zigorra egin beharko du 2012ko azaroaren 14an eginiko greban parte hartu izanagatik, poliziaren lekukotasunean bakarrik oinarritutako salaketa izanik. Greba honek 180 lagun atxilotu, dozenaka zauritu eta salaketa ugari utzi zituen.

Alfonen atxiloketa agindu duten moduan, antzeko egoeretan dauden beste lagun batzuena gerta daiteke hemendik gutxira, esaterako, Cerredoko (Asturias) meatzariena. Ezin ahaztu, halaber, urte bereko beste greba deialdi batean parte hartzeagatik gurean atxilotu eta kartzelan dituzten Jon Telletxea eta Urtzi Martinez. Protesta kriminalizatu nahi dute, greba eskubidea delitu bihurtu, horixe da egun Espainiako Erresuman bizi den errealitate gordina. Hala da “Mozal” deritzon legea indarrean sartu baino bi aste eskasera, eskubide zibilen urraketan sakontzera datorrena. Protestarako eskubideak estatu baten demokraziaren maila adierazten badu, argi dugu Espainiak, berriz ere, suspenditzen duela.

Alfonek bere burua entregatu zuen atxilo zezatela, inguruan dozenaka lagunen elkartasuna jaso zuela, Euskal Herrian azkenaldian hainbestetan egin diren Herri harresien ereduari jarraiki, duela hilabete Gasteizen eginikoa kasu. Alternatibatik atxiloketa honengatik gure salaketa berresten dugu eta elkartasun internazionalistatik, larunbat honetan Madrilen elkarretaratzea egingo dutenekin bat gaudela adierazten dugu.

https://pbs.twimg.com/media/CHx7atFWUAAW_Fd.jpg

Bakerako bidean, sakabanaketarekin amaitu

Xabier Soto – Alternatiba

Pasa den apirilaren 21ean, Deustuko unibertsitatera joan nintzen EH Bildu, PSE, EAJ eta PPren Donostiako alkatetzarako hautagaien arteko mahai-inguruan publiko bezala parte-hartzeko.

Nahiz eta antolatzaileen arauak urratu ahal izan nituen, ikasle ez izanda hitza hartzean, eta nire galderaren helburua alderdikoi bezala gaizki interpretatu zitekeen arren – El Mundok egin zuen moduan-, uste dut merezi izan zuela; izan ere, iruditzen zait presoen egoera gazteen artean ezagutarazteko, eta batez ere, gai honen inguruan alderdiek dituzten posizioak pentsa daitekeena baino hurbilago daudela erakusteko balio izan zuela.

Nire hitz-hartzean, Donostian eraildako ehun pertsona baino gehiago izan zirela aipatu, eta erailketak burutu, lesioak eragin edo kalte material hutsak sortu dituztenei eragindako minaren aitortza eskatu beharraz hitz egin ondoren; hautagaiei galdegin nien ea zer eskaintzen zieten 66 preso donostiarrei, zeintzuk sakabanatuak izan diren (Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak urratuz); horietako bat konfinatua izan den (Espainiar Konstituzioan aipatzen den birgizarteratze helburua baztertuz); gutxienez zortzi Segiko kide izateagatik kartzelaratuak izan diren (Entzutegi Nazional beraren ondorengo sententziak urratuz, non inkomunikazio-aldian lortutako polizia-aitorpenetan soilik oinarrituta inor ezin dela kartzelaratu adierazten den); pertsona bat (Arkaitz Rodriguez) Bateragune kasuagatik kartzelaratua izan den, bere egoerara kartzelan egoteagatik pairatutako mugikortasun arazoak gehituz; eta beste bat (Carlos Trenor) Egin-eko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik kartzelaratua izan den, kasu honetan 70 urte baino gehiago dituela kontuan hartuz eta beraz, egungo Zigor Kodea aplikatuz baldintzapeko askatasunean egon behar lukeela gehituz. Era berean, galdetu nuen ea zer eskainiko zuketen donostiar presoren batek gaixotasun larri eta sendaezin bat pairatuko balu, kasu honetan ere egungo legedia urratuko baitzen.

Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albisturren (PP) erantzunei dagokienez, bat egiten ez dudan gauza  bakarra da nire ustez ETAren disolbatzea ezin dela sakabanaketa aplikatzeari uztea erabakitzerakoan kontuan hartu beharreko faktorea izan; besteak beste, 1989a baino lehen ETA ere existitzen baitzen (orain baino modu askoz aktiboagoan), eta urte hartara arte ez baitzen dispertsioa aplikatzen hasi, Felipe Gonzalezen gobernu sozialistaren erabaki politiko baten fruitu, eta Jose Antonio Ardanza buru zuen EAJ, PSE eta PPk osaturiko Ajuria Eneako itunaren oniritziarekin.

Sufrimendua eragin duten eta zorionez gaur egun ematen ez diren beste erabaki politikoekin gertatu den moduan, dispertsioa lehenbailehen amaitu behar da; eta berau aplikatzea erabaki politikoa izan zenez, politikatik ere bilatu behar da presoek eta haien senide eta lagunek pairatzen duten egoerari irtenbide bat ematea.

Presoen eskubideak errespetatuak izatera hurbiltzeko, beharrezkoa izango da elkarrizketan eta lanean jarraitzea beren egoeraren hobetzean lagunduko duten akordio zehatzak lortu ahal izateko; eta zintzoki, uste dut gehiengoaren nahia dela pausu horiek ematea, edo gutxienez geldirik mantentzearen edo atzera bueltatzearen borondatea ez dela nagusitzen. Beharrezkoa den bakarra gizarte zibiletik aldaketa hauek sustatzen jarraitzea da, alderdiak beren hatsa sentitu eta ibilian jarraitzera behartuz.

Zentzu honetan, niretzat helburua argi dago: pertsona guztiek beren eskubide guztiak errespetatuak izango dituzten eszenatoki batera iristea. Eszenatoki hau definitzeko, lehenik eta behin, beharrezkoa izango da guztion artean erabakitzea eskubide horiek zeintzuk izango diren, gutxienez bakean, eta beraz armek inongo norabidetan hartutako erabakiak baldintzatzen ez duten eszenatoki batean bizitzeko eskubidea; giza duintasunaren errespetua bermatzen duten eta birgizarteratze helburuarekin bat datozen presoen eskubideak; eta eragile ezberdinek sortutako biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideak jaso beharrez. Edonola ere, garrantzitsuena alde guztiek guztion artean definitutako eskubide horiek errespetatu eta errespetarazteko borondatea izatea dela deritzot.

Norabidea finkaturik dago, gure aurreko pausoek nondik gatozen gogorarazten digute; orain ibilian hastea besterik ez da falta, izan ere, Machadoren poemak zioen moduan: “ibilian dabilenarentzat bere oinatzak bidea besterik ez dira; ibilian dabilenarentzat ez dago biderik, ibilian egiten baita bidea.”

Honako hedabieetan argitaratu da: Ahotsa, Naiz

X