Ubiria: “Aski da espetxe politika bake eta konponbidearen aurka erabiltzeari”

Deialdian adierazi bezala, agerraldi honen bidez EH Bilduk babesa adierazi nahi dio larunbat honetan Donostian burutuko den “Preso gaixoak kalera!” lelodun manifestazioari.

Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoei ezartzen ari zaien espetxe politika ankerkeria eta mendekuaren adierazle nagusia da. Mendekuan eta giza eskubideen urraketa sistematikoa oinarri duen espetxe politika ezartzen zaie euskal presoei. 

Larriki gaixorik dauden Ibon Fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Aitzol Gogorza preso gipuzkoarren askatasunaren aldeko herri ekimenek deitu dute larunbateko mobilizazioa. EH Bilduk salatu egin nahi diru hiru preso hauek zein gainontzeko gaixo larriek pairatzen duten egoera. Nabarmentzekoa da aste honetan berriro ere Ibon Iparragirre preso ondarrutarra isolamendura zigortu dutela eta Aitzol Gogorzari askatasuna ukatu diotela.

Ankerkeria eta mendekua ez da ordea soilik presoei mugatzen. Senide eta lagunak ditu ere jo puntuan. Horren adibide gordina da Badajozen preso dagoen Igor Gonzalez Solaren amak, Bixenta Solak, istripu baten ondorioz izaniko zauriak artatzeko anbulantzia bat deitzeari uko egin  ziotela kartzelariek.

Bada garaia mezu argi bat luzatzeko: Aski da espetxe politika bake eta konponbidearen aurka erabiltzeari. Ez dugu sufrimendu eta krudeltasun gehiagorik normaltasunaren baitan kokatzen utziko. Gaixo diren presoak etxeratu arte ez dugu etsiko. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarri, lehen fasean, eta guztiak kaleratu arte ez dugu atsedenik hartuko.

Hau ez da gure aldarrikapen isolatua, hau euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahia besterik ez da, eta gauzatzeko ordua da. Amaitu dira aitzakiak: gauzatzeko ordua iritsi da.

Horregatik, herritar orori deia luzatzen diogu larunbatean burutuko den manifestazioarekin bat egiteko eta era berean, presoen eskubideen aldeko dinamika zabala biderkatzeko.

Deitoragarria da EAJk bere kudeaketa ezin txarragoa ezkutatu nahi izatea presoen egoeraren inguruan gezurretan arituta

Estatu espainiarrak presoei eragindako mina erabiltzen ari da EAJ gaurkotasunaren arreta mahi gainean dauden gai garrantzitsuenetatik aldentzeko asmoz, jeltzaleen Euskadi ereduaren porrot ikaragarria irudikatzen dutelako.

Euskal preso politikoek zigorra pairatzen ari dira, egungo garai politikoarekin zein euskal gizartearen gogoarekin bat ez datorren zigorra. Eta hala ere, ezin daiteke esan gatazka gainditzeko eta elkarbizitza eraikitzeko urratsak egiten ez direnik. EAJ arduragabekeriaz jokatzen du herritarren artean kezka sortzen duen gatazka beren gabeziak ezkutatzeko baliatzen dituenean.

Eta bitartean, EAJk oraindik ez du argitu eskubide urraketa hauen eta beren ondorioen gainean non kokatzen den. Sakabanaketak istripuak eragiten dituela eta legearen arabera gaixotasun larriak dituztelako aske egon behar luketen presoak ziegan jarraitzen dutela, norekin dago EAJ? Euskal gizartearen gehiengoaren borondatearekin edo Madrilera begira? Momentuz bigarrena hautatzen duela dirudi.

Euskal gizartea engainatzeko taktikaren azkenean gaude. Kutxabanken kontrol publikoarekin bukatzeko prozesua bultzatu dute eta Fundazioen Batzarretako eserlekuak tarta pribatua balitz bezala banatu dituzte. Madrilen onartutako legediaren ustezko inposaketaz ari dira, Kutxa eta Banku Fundazioen legea haiek onetsi zutela ezkutatu nahian.

Bizkaiko fiskalitate zuzenaren istorioa behin eta berriro errepikatzen digute, errealitateak aberastasunaren bidezko banaketari begira dauden eredu progresiboagoak badirela erakusten digunean, eraginkorragoak eta haien iragarpen apokaliptikoak betetzen ez diren bitartean.

Eusko Legebiltzarrak Epsilon-Hiriko kasuari lotutako ikerketa komisioa ixtear dago, EAJk diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzeko duen zaletasun handia agerian utzi duena, besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren lanetan atzemandako irregulartasun larriak.

EAJren kudeaketa zuzenaren irudipen horrek lurra jotzen ari du eta Itxaso Atutxak, aurretik Ortuzar eta Erkorekak egin bezala, euskal preso politikoen sufrimenduaren atzean ezkutatzen saiatzen da.

EHBildu

Espainiako Koroak Bizkaiko Jauna titulua ez erabiltzeko exijituko du EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan

Espainiako Erregeak abdikatuko duela iragarri eta egun gutxira, EH Bilduk Espainiako Koroari zuzendutako ekimena erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Koalizioaren arauz besteko proposamenak espainiar erreinuko Koroari exijitzen dio Bizkaiko Jauna titulua erabiltzeari uztea.

Espainiako konstituzioak Koroari onartzen dizkion tituluen artean dago Bizkaiko Jaunarena. EHBilduren ustez Espainiako Koroak ez du inolako zilegitasunik titulu hori bere gain hartzeko eta, beraz, tituluari uko egiteko exijitzen dio Koroari.

Asier Vega EHBilduko batzarkidearen esanetan, “Bizkaiko Jauna titulua norbaitek ematekotan, bizkaitarrok eman beharko genuke. Agerikoa da Bizkaiko gizartea ez dela monarkiaren aldekoa eta ez duela Espainiako erregearekiko atxikimendurik. Beraz Espainiako erregeari ez dagokio Bizkaiko Jaunaren titulua eta hari uko egitea exijitzen diogu”.

EH Bilduren ustez, Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa “itxuraldaketa operazioa” da, “ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako markoa iraunarazteko”. Koalizioak adierazi du abdikazioak ez duela inolako aldaketarik ekarriko, ez baitu “herrien ukazioan oinarritutako eredu politiko-instituzionala gaindituko”. Juan Carlos Borboikoaren erregetza Francoren erregimenari segida emateko ezarri zela gaineratu du EH Bilduk. Koalizioaren proposamenaren arrazoiketak dioenez, Euskal Herriak ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroaren inongo ordezkariri, besteak beste, herritarrak hautatu ez dituen ordezkariak direlako.

EHBilduk Euskal Errepublika askearen aldeko hautua egina dauka, eta norabide horretan indarrak biltzeko deia egiten die herritarrei

Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren parlamentari, Oskar Matute, koalizioako Maribi Ugarteburu eta Alberto Unamunzagarekin batera agerpena egin du Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren harira. Bere partehartzean Matutek euskal errepublika baten alde egin du eta norabide horretan indarrak bateratzera deitu du.

Gaur ezagutu da Espainiako errege Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa.

Franco diktadoreak izendatu zuen, aurreko erregimenaren jarraipena “lotuta eta ondo lotuta utziz”. Orain, abdikazioarekin, egungo estatu eredu ukatzailearekin jarraitzeko eta benetako haustura demokratikoa eragozteko saiakera egin nahi dute.

Frankismotik eratorritako eredu politikoa krisi sakonean dago, erabat pitzatuta. Krisi horren adierazle da erregimenaren oinarri diren PP eta PSOEren zilegitasun krisia (pasa den igandeko hauteskunde emaitzak horren lekuko). Espainiar eredu honek ez dauka agenda demokratikorik ez Espainiako estatuaren menpeko herriontzako ez herritarrentzako. Abdikazioarekin eredu ukatzaile zaharkitu horri nola edo hala eusteko ahalegina egin nahi du Erregimenak.


 

Frankismotik hari zuzenarekin datorren estatu ereduak ordezkatzen duena ukazioa da; Euskal Herriaren ukazioa, eta diktadura frankistarekiko haustura demokratikorik eza. Eta eredu honen adierazle nagusia da Espainiako Erret Etxea. Ukazioaren sinbolo gorena, EH Bildutik behin eta berriro salatu izan duguna, azkenengoz duela aste gutxi Juan Carlos eta Felipe Borboikoak Euskal Herrira egindako bisitetan.

Juan Carlos Borboikoak abdikatzearekin batera 1977an abian ipini zuten Frankismoaren erreforma fasea amaitu egin beharko luke. Izan ere, 37 urte geroago, Espainiako estatuaren menpeko herri guztion ukazioa bere horretan mantentzen da, benetako demokrazia eza agerian dago.

Orain koroa bat buru batetik kendu eta beste batean jarri nahi dute, besterik gabe. Herrien ukazioa eta estatu eredu ez demokratikoa bere baitan mantenduz.

EH Bilduren deia beraz, orain dela 35 urte haustura demokratikoa eragotzi zuten eragile politikoei, ez dezaten orain gauza berbera egin. Egin ezazue Euskal Herriaren aitortzaren eta erabakitze eskubidearen aldeko hautua.

Benetako haustura demokratikoa eman dadin lanean jarraituko dugu EH Bildutik. Gure herriak bere geroaren jabe izateko eskubidea duelako, eskubide hori gauzatzeko borrokan jarraituko dugu. EH Bilduk Euskal Herriaren burujabetza osoaren aldeko hautua egina dauka, Euskal Errepublikaren aldekoa alegia, eta norabide horretan indarrak biltzeko deia egiten die herritarrei.

Alternatibak operazio estetikoa deritzo abdikazioari, herritarrei bizkarra ematen dien “erregimen ustela” makillatzeko asmoa duena

Alternatibaren bozeramaile nazional Diana Urreak, estatu espainiarreko estatuburu “Juan Carlos Borboikoaren abdikazioaren operazioa estetikoa” salatu du, oso une jakin batean ematen dena gainera, “pasa den maiatzak 25eko hauteskundeen emaitzek adierazi zuten bezala, ustela dagoen erregimen bipartidista honi eusten dioten alderdi politikoek krisialdi larrian daudenean”.

Alternatibatik, monarkia instituzio “anakroniko eta guztiz antidemokratikoa” dela gogoratu dute, jainkozko izendapenaren bitartez  pribilegioak eta karguak eskaintzen dituena, edota kasu honetan, “Frankoren diktadura kolpistaren oinordetzaren eta izendapen zuzenaren ondorioz” boterean dagoena.

Urreak dioenez “azken urteetan izan diren erreforma eta murrizketa bortitzenak pairatu dituzten herritarrei bizkarra eman dion sisteman, errege aldaketak ez duela elite finantzarioen esanetara dagoen sistema hau ezkutatzen”. Gogoratu du, halaber, bakarrik herritarren borondateak eta botoek eman diezaioketela zilegitasuna estatu-buruzagitzari ere eta, horregatik, Juan Carlos Borboikoak erregetzea utzi ez ezik, “estatuko instituzio antzuenak eta ilunenak jarraikortasuna erreferendum bitartez bozkatua izatea” exijitu du.

Azkenik, Alternatibatik berretsi egin dute bere “Euskal Errepublika Sozialistaren aldeko” aldarrikapena, “egun indarrean dagoen sistema monarkiko kapitalistaren aurrean”, azpimarratuta Espainiako erregea “batasun nazionala deritzona baina benetan beren etorkizunaren jabe izateko burujabetza nahi duten herrien kontrako etengabeko mehatxua ordezkatzen duen ejertzitoko burua” dela ere, euskal herritarren zien katalanen kontrako mehatxua beraz.

X