Aitor Miguel «FCC eta Ferrovialen arteko aldi baterako enpresa elkarteak urteak daramatza ziria sartzen udalari eta gasteiztarrei»

Aitor Miguel, Alternatibako kide eta EH Bildu Gasteizko zinegotzia: «FCC eta Ferrovialen arteko aldi baterako enpresa elkarteak urteak daramatza ziria sartzen udalari eta gasteiztarrei. Lan itun duin baten parekoa kobratzen dio udalari, baina gero 900 euroko soldata prekarioak ordaintzen dizkie langileei»

Biocompost empresako langileek grebara deitzeko asmoa iragarri dute. FCC eta Ferrovial multinazionalen arteko aldi baterako enpresa elkarteak zaborraren tratamendu mekaniko-bilogikoaren ardura dauka. 60 bat langile dira, eta udal kontratu handienetako bat da: urtero enpresak zortzi milioi euro jasotzen ditu Gasteizko Udalaren kutxatik.

Langileek grebara deitu dute zerbitzuan bizi duten lan prekaritatearen aurka egiteko. Hilero 900 euroko soldatak kobratzen dituzte, batez beste, zaborrarekin lan egitearen truke, batzuetan baldintza penagarrietan.

Bada, EH Bilduk jakin ahal izan duenez, Gardelegiko itun kolektiboa ezarriko zutela agindu zuten zaborraren multinazionalek kontratua irabazteko aurkeztu zuten eskaintza loteslean. Itun horrek jasotzen dituen soldatak benetan langileei ordaintzen ari zaizkienak baino handiagoak dira, nabarmen. Udalak eskaintza hori aintzat hartu zuen, eta horri esker eraman zuten FCCk eta Ferrovialek zerbitzuaren kontratua.

Hau da, FCCk eta Ferrovialek lan hitzarmen duin baten parekoa kobratzen diote udalari, baina gero 900 euro baino ez dituzte ordaintzen. Nora doa dirua? «Aldea zaborraren multinazionalen irabazietara doa, zuzenean», ohartarazi du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek.

EH Bilduk egin dituen kalkuluen arabera, ealdi baterako enpresa elkarteak 2,5 milioi inguru euro bereganatu ditu, Gasteizko Udalak ordaindu, eta, errealitatean, langileen soldatak ordaintzeko bideratu behar zirenak, FCCk eta Ferrovialek lehiaketa irabazteko aurkeztu zuten eskaintza loteslea propio urratuta.

EH Bildutik exijitzen diogu Urtarani ez dadila izan zaborraren multinazionalen bidelagun, eta berma dezala zerbitzua eskuratzearen truke enpresek agindu zituzten baldintzak betetzen direla. Besteak beste, enpresako langileei soldata duinak ordaintzea. Era berean, exijitzen diogu Urtarani eska diezaiola enpresari hiriko diru publikotik bidegabeki eraman dituen milioiak bueltatzeko.

Azkenik, eskatzen diogu Urtarani aintzat har dezala EH Bilduk luzatutako eskua, eta itxi dezala zaborraren multinazionalekin duen lankidetza, behin betiko. «Arazoa ez da zerbitzu zehatz batena, enpresa jakin batena. Arazoa zaborren multinazionalen monopolioa da», adierazi du koalizioko zinegotziak, Aitor Miguelek.

Inoiz baino hiri zikinagoa, kaleratzeak, eskubideen urraketa, greba mehatxuak eta kaosa, etab. Horra hor FCCk zaborren bilketan lideratzen duen enpresa elkartuaren ibilbidea. «Irtenbidea bere pribilegioekin bukatzea da, eta zerbitzuaren bermunizipalizazioaren alde egitea, eredu publiko, garden eta kalitatezko batekin», azaldu du Miguelek.

EH Bildu Gasteiz

X