Zer eta nongo Errepublika?

Joxemari Carrere - Alternatiba

Oarsoaldeko Pikoketa talde errepublikarrak antolatuta mahai inguru interesgarria izan zen aurreko azaroaren 6an Errenteria/Oreretan. Errepublika, demokrazia, erabakitzeko eskubidea izenburupean lau hizlari elkartu zituen talde errepublikarrak. Lau sentsibilitate politiko ezberdinenen ordezkari gisa izan ziren gonbidatuak. Isabel Salud, Ezker Anitza/IUko koordinatzaile orokorra; Jorge Letamendia PSE-EEko kidea (Odon Elorza Donostiako alkate ohiaren ordez joan zen); Roberto Uriarte, Ahal Dugu/Podemos alderdiko kidea; eta Oskar Matute Alternatibako gure kidea eta EHBilduren parlamentaria Madrilen. Bakoitzak bere interbentzioan mahai gainean jarritako gaiei euren kokapen politikoaren ardatz nagusiak jarri zituen gainean, eta antolatzaileen helburua Katalunian ez zentratzea bazen ere, azken asteetako gertaerak eta horren gaineko gogoetak izan ziren protagonista. Aretoa betetzen zuen publikoa mahaian ordezkatutako aniztasunaren adierazle zen, baina batez ere ideien elkar trukatze eta eztabaidatzearen gose.

Konstituzioaren aldaketaren gainean, autodeterminazio eskubidea jasotzearen alde agertu zen Isabel Salud, eta errealitate plurinazionala onartu. Euskadi nazio gisa onartzearen aldekoa da bere erakundea, baina era berean arazo nazionala eta soziala uztartu beharra aldarrikatu zuen. Jorge Letamendiak, aldiz, ezinezkoa ikusten zuen orain Konstituzioaren aldaketa sakonik, aurretik kontsentsuak eraikitzen ez badira. Errepublika aldarrikatzeko unea ez dugula orain, hori baino lehen aldaketa sozialak bilatu beharko direlarik. Hala ere, izaera federaleko konstituzio baten alde egin zuen. Bestalde, esan zuen erabakitzeko eskubidea horrela azalduta ez dela inon erabiltzen Espainian izan ezik, asmakeria dela eta halakorik ez dela existitzen. Euskadi zein Espainia jendarte pluralak direla zioen eta horiek ukatzeak konfliktoak baino ez dituela ekartzen.

Oskar Matutek ez zuen sinesten konstituzio aldaketa batean, oinarrizko zutabeak aldatzen ez badira. Katalunian ematen ari den adibidea ekarri zuen hizpidera errepublika baten ideia aldarrikatzeko, behetik eginda, erabakitzeko eskubidearekin, demokrazia praktikatuz. Eta bide batez, 155 artikuluaren ezartzea demokraziaren kontrako kolpe gisa definitu zuen. Letamendiari erantzunez, esan zuen aniztasuna egon badagoela eta egongo dela beti, baina hori ezin dela aitzakia bezala erabili erabakitzeko eskubidea ukatzeko. 78ko erregimena desegitearen beharra aldarrikatu zuen, eta Kataluniarekin elkartasuna azaltzea horren adibidea da, eta bidea.

Hiru mahaikide hauek gai hauetan zentratu baziren, Roberto Uriarte demokraziaz eta errepublikanismoaren izaeraz aritu zen. Demokrazia osorik ez dagoela argitu zuen, gaur egun ezagutzen ditugunak txapuza gisa definitu zituen. Errepublikanismoa estatu antolamendu baino, bertute zibikotzat hartu zuen. Bere mintzaldia balore demokratikoen garrantziaz zentratu zuen, nazionalismoen arbuiatzeaz eta ezkerraren definizioaz, alde praktikoetan baino, alde teoriko orokorretan aritu zen.

Publikoari debatea zabaltzerakoan kritika ugari jaso zituen PSE-EEko kideak, bere erantzunean tonu erasokorrean agertu zelarik, jendearen artetik kontrako txistu batzuk eta kexak izan zirelarik, baina berehala isilarazi zirenak publiko artetik beretik, debatearen lasaitasuna mantentzearren. Eta halaxe mantentzea lortu zen, iritzi nahiko kontrajarriak eta batzuetan korapilatsuak azaldu arren, batez ere Kataluniako egoera bitarte.

Orokorrean mahai gainean jarritako gaiak interesgarriak izan arren, ez zen planteatu aurretik jakinak ziren jarrerak eta iritzi politikoetatik ezer aparte. Bestalde argi ikusi zen, Kataluniako gertaerak eta egoera eztabaidaren zentroan zegoen eta erreferentzia ezinbestekoa bihurtu ziren. Eta Katalunian bezala, burujabetasunak ezkerraren barruan nolabaiteko muga jartzen duela ikusi zen. Dena dela,PSOE-PSE ezkerreko alderditzat hartzea ere gehiegizkoa dirudi, batez ere Kataluniako gertaeren ostean, baina baita sistemaren euskarri nagusietako bat izanik, jendartearen aldaketa sakonen kontra duen jarreragatik; Letamendiaren hitzetan ederki islatu zen halakorik. Alternatibako kidea Oskar Matutek, beste hiru jarreren aurrean, egungo sistemaren aurrean eta lurralde antolamenduari jarrera kritikoena agertu zuen, urratu ezineko Espainiaren  aurrean bide propioa aldarrikatuz, errepublika propioa eta jendarte soziala eta berdintasunean oinarrituta irudikatuz. Eta batez ere, Kataluniarekiko elkartasun baldintzarik gabea eskatuz.