Itxurazko europar zaletasuna> Euken Barreña (Alternatiba)

Euken Barreña

Alternatiba

2010eko urtarrilaren 1etik Espainiak Europar Batasunaren lehendakaritza txandakatua hartu du bere gain, europar proiektuaren krisi sakona ematen ari den bitartean. Krisi honen sustraiak bi faktoretan topa daitezke: batetik, azken bi hamarkadetan europar osaketaren ardatz izan den logika neoliberala. Honen adibide dira barne merkatu komuna eta moneta komuna gauzatzea, garapen bidean diren herrialdeei kalte egiten dieten “elkarkidetza” akordioak sinatzean oinarrituriko atzerri merkatu politika, babes sozialeko sistemen murriztea eta hautaturiko etorkinak bilatzen dituen politika bereizlea, zeinak prestatuen diren pertsonei lehentasuna ematen dien besteei ateak ixteko.

Bestetik, aipaturiko noraezaren ondorioz europar zilegitasuna eta nortasuna krisian geratu dira. Horrela, erakundeek etengabeki “europar balioak” -giza eskubideak, tolerantzia, aniztasuna, gizarte babesa- batasunerako oinarri gisan aurkeztu badizkigute ere, beraien ekintzak aipatu baloreetatik urrundu ohi dira: zerbitzu publikoen liberalizazioa eta langileen kaltetan doazen naziogaindiko lan araudiak abiarazteko aukera, arautugabeko egoeran dauden etorkinak kanporatzea, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean egin den oinarrizko askatasun urraketa, herritarrei eginiko galdeketak alboratzea emaitza gustukoa izan ez denean,….

Egoera honi krisi ekonomikoa eta lan postuak galtze prozesu orokorra gehiturik, espainiar lehendakaritza honen programak europar proiektuaren balizko oinarrietan zentratu nahi du mezua: hiritarrei europar proiektua moneta komuna izatean ez ezik, lehia ekonomia eta elkartasun ekonomia uztartzen dituen ereduan datzala esan nahi zaie.

Ildo honetan, honako lehentasunak ezarri dituzte: arlo ekonomikoan, herrialde kideen ekonomia estrategiak 2020 Hazkunde eta Lanbide Estrategiaren inguruan uztartzea; nazioarteko arloan, Europaren boterea sendotzea elkarkidetza hitzarmen berrien zein EBn sartzeko akordioen bitartez eta aldaketa klimatikoaren inguruko jarrera komuna adostea; eta gizarte arloan, europar herritarren eskubideak indartzea, gizon eta emakumezkoen arteko benetako berdintasunaren aldeko zein gero indarkeriaren aurkako neurriak ezartzea, eta legeak osatzeko herri ekimenak bultzatzea.

Lehen ikusian, neurriok aurrerapen zehatzak ekar baditzakete ere, modu eraginkorrean gauzatu ahalko diren ikusteke dago. Izan ere, gauzatzeko oztopoak ez dira gutxi. Ekonomia politikak koordinatzea, kasu, oso zaila da estatuei dagokien eskumena baita eta egun bada ezberdintasun nabarmenik herrialdeen artean pizgarri fiskalei amaiera ematearen inguruan edo 2020 Estrategia ez betetzeagatik isunak jartzearen inguruan.

Esandakoaz gain, Europako Legebiltzarra, %56,7ko abstentzioarekin muga guztiak gainditu zituen hauteskundeetan aukeratua bera, 1979tik hona izan den eskuindarrena da. Honek, noski, bere eragina eta isla izango du eskubideei, etorkinenen egoerari, segurtasunari, klima aldaketari, amatasun baimenei eta lanaldiei dagokienenean. Aurreko legealdian amatasunagatiko baimenen aurka azaldu zen Legebiltzarra, CO2 isurkinak murriztearen aurka eta arautu gabeko egoeran dauden etorkinak bat-batean atzerriratzearen alde, besteak beste.

Azkenik, Lisboako itun berria indarrean sartu izanak txandakako lehendakaritza desagerrarazi du eta beste bi postu sortu ditu: Europar Kontseiluko presidente egonkorra (Herman Van Rompuy demokrata-kristau belgikarra) eta EBren Atzerri Politikarako Goi Ordezkaria (Catherine Ashton laborista britainiarra). Beraz, José Luis Rodríguez Zapatero ez da Europar Kontseiluko lehendakari izango, ezta Miguel Angel Moratinos Atzerri Kontseiluarena ere, orain arte gertatzen zenaren aurka . Aipatu europar ordezkarien hautaketa dela eta kritikak izan dira euren itzal eta nazioarteko eskarmentu eskasaren harira. Askoren ustez boterea lehiatuko ez dieten pertsonak bilatu dituzte aukeraketa hauetan.

Funtsean, bada, espainiar lehendakaritza sozialdemokraziak eta ezker unitarioak aldarrikaturiko “Europa gehiago” lelo hutsalaren adibide garbia da. Benetako europar integrazio politiko eta soziala bermatuko duten eta europar erakundeei demokrazia zabalagoa eman dieten proposamenak mahaigaineratu beharrean, epe motzeko neurri eta egokitzapen txikien alde egin da, Europar Batasunaren norabide orokorra aldatzeko gai ez direnak. Testuinguru honetan moldatzen da gustura eskuina: politikatik urrunduriko batasun proiektua, non buruzagiek europar integrazioaren eta balore komunak dituzten hizpide, baina globalizazio neoliberalaren Europa barruko zein kanpoko lan zikina egiteko eta nazio mailan abantailak lortzeko tresnatzat besterik ez dituzten europar erakundeak.

Beraz, ikuspegianitza den integraziorako proiektu politika bat ez dagoelarik, buruzagi nazionalek europar ikuspegirik ez dutelarik eta erakunde komunak euren nazio intereserako azoka bihurtu dutelarik, ez da harritzekoa herritarrek gero eta urrunago sentitzea Europar Batasuna, azken hauteskundeetan garbi geratu zen moduan.