Aurreko larunbateko prentsaurrean iragarri bezala, Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak manifestazio nazionalerako deia egin dugu. Zita hurrengo larunbatean izango da, uztailaren 10a, eta lema “Nazioa gara. Autodeterminazioa”.
Mobilizazioa deitu dugunok Auzitegi Konstituzionalak Catalunyako Estatutaren aurka egin duen epaiaren testuinguruan kokatzen dugu manifestazioa. Gure ustez, epaia Catalunyako herriaren subiranotasunaren kontrako eraso larria da eta Espainako Erresumaren gainetik bizirautea lortu duten herrien aspirazio nazionalei mugak jartzea du helburu. Dena den, Bartzelonako manifestazioak egingo duen aldarrikapenari babesa emateaz gain, hau da, Catalunyako gizartearen borondatea errespetatua izan dadin eskatzeaz gain, Donostiako manifestazioak nortasun propioa izan dezan nahi dugu. Horrela, euskal gizarteari Catalunyako biztanleriari babesa agertzeko aukera eskaintzeaz gain, bere helburu nazional propioak adierazteko bozgorailua emango diogu.
Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak bi gauza argi utzi ditu: lehenik eta behin Catalunyako herriaren borondatea eta nortasunari inolako errespeturik ez diola, eta frankismoaren oinordeko zuzena den 78ko Konstituzioa herrien nahia giltzapetzen duela, estatutuek egoera hori makilatu ere egiten ez dutela.
Hamabost urte igaro dira dagoeneko ELA sindikatuak Gernikako Estatutua hilda zegoela esan zuenetik. Ordutik, autogobernuan aurrera pausuak emateko ahalegin guztiek Espainia bakarraren ideia gaindiezinarekin egin dute topo.
Euskal gizarteak duen burujabetza nahiak ez du lekurik Espainiako Konstituzioan. Eta, garrantzitsuagoa dena, Estatu espainiarrak ez du euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatzeko inolako borondaterik.
Borondate falta hori dela eta Estatutaren helmuga Euskal Herrian sortu diren ekimen guztien berdina izan da. Prozesu luzea eta gero, ulergaiztasuna gailendu da. Aberri bakarra eta borondate bakarra baino aitortzen ez duen espainiar nazionalismoaren ulergaiztasuna.
Baina herritarren nahiari mugak jartzerik ez dago. Catalunyako herriak, euskal gizarteak bezala bere etorkizunaren jabe izateko borondate argia erakutsi du. Euskal Herriko eta Catalunyako gizarteek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubideari mugak jartzerik ez dago.
Espainiako nazionalismoa judizializatuak oztopatzen eta geldiarazten saiatuko da, bere demokrazia eza agerian uzten. Hala ere, libre eta demokratikoki adierazitako gizartearen nahiak berezkoa duen eskubidea errealitate bihurtzeko bideak aurkituko ditu.
Hiritarrek etorkizuna askatasunean erabakitzeko duten eskubidea da Catalunya eta Eskal Herriko gizartearen aldarrikapenaren oinarria. Herriaren borondateak ez digu beldurrik ematen. Izaera demokratikoa defendatu arren eza handiak erakusten dituzte pentsamendu bakarra inposatzen dutenek.
Horregatik deitu dugu Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak larunbateko manifestazioa. Auzitegiaren epaiari kritika egiteaz haratago, interes alderdikoiak baino haratago, Catalunyako gizarteari elkartasuna eta sostengua adierazteko biderik zuzenena Euskal Herritik ere herri bezala dagozkigun eskubideen aldarrikapena egitea dela uste dugulako.
Euskal gizarteak deialdiari erantzun egokia emango dio. Ziur gaude hala izango dela, alderdi bakoitzaren interesen gainetik dagoen aldarrikapena sostengatzeko aukera izan duen bakoitzean erantzun egokia eman duelako.
Subiranotasunaren aldeko mugimenduaren militantzia, Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunaren militantzia Donostian izango da larunbatean. Eta han egongo da ere Bartzelonara zilegiak baina beste esparru batekoak diren borrokak laguntzera joango diren beste agente bazuen militantzia ere. Izan ere, Bartzelonako manifestazio babestu eta Donostikora agertuko ez diren batzuk beren base sozialaren aurrean konprometitzeko beldur direla dirudi.
Horixe baita Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunarentzat larunbateko zita: konpromisoa. Guztion helburua da Euskal Herriak eta bere gizarteak duten burujabetza eskubidearen bidean aurrera pausuak ematea, eta hori bideratuko duen subiranotasunaren aldeko mugimendua martxan jartzeko konpromisoa dugu larunbateko zitaren oinarrian.
Bartzelonan milaka lagunek “Som una nació. Nosaltres decidim” pankarta duen lemaren atzean martxa batean parte hartuko duten egunean guk Donostiako kaleetan “Nazioa gara. Autodeterminazioa” pankartaren atzean manifestazioa egingo dugu.
Euskal gizartea eta agente sozial, sindikal eta politikoei manifestazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, subiranotasunaren aldeko euskal mugimenduaren ordezkaritza Bartzelonan izango dela iragartzen dizuegu. Donostian manifestazioa deitzen dugun alderdion ordezkaritza izango da eta Catalunyako herriak bere subiranotasuna defendatzeko egiten ari den borrokan Euskal Herriaren laguntza duela adieraziko du Bartzelonako manifestazioan parte hartuta.