Lan Erreformak egin du bere bidea Parlamentuan eta, Gorteetatik pasa ondoren, are gogor eta zitalagoa atera da. Estatu mailako politika munduko zati handi batek ikutu du erreforma hau, gehienetan langileentzat are mingarriagoa egite aldera. Hori bai, ikutu ondoren, bozkatzeko unean askok babes hori ezkutatu nahi izan dute. Denek? Ez, denek ez. Euskal Herriko alderdi baten abstentzioa zela medio onartu zen erreforma hau. Alderdi honek ezin du aitzakiatzat jarri euskal langileriak erreforma honi buruz duen iritzia, argi eta garbi adierazi genion-eta pasa den ekainean.
Dirudienez, azaroarekin batera pentsio-sistemaren hamaikatxogarren eskastea iritsiko zaigu. Hala, langileriaren aurkako erasoek ez dute etenik. Testuinguru honetan, geratzen zaigun bide bakarra geure eskubideen aldeko mobilizazioa da, eta mobilizazio esparru honen barruan datorkigu Europa osorako ETUCek (European Trade Union Confederation-ek; CES edo Confederacion Europea de Sindicatos gazteleraz) deitu duen mobilizazioa eguna, irailaren 29a hain zuzen, eta Espainiar Estaturako egin den Greba Orokor deialdia, estatu mailan egin lehena, baina Hego Euskal Herrian azken hilabeteotan eman den hirugarrena.
Alternatibak, ekainaren 29an euskal gehiengo sindikalak deituriko Greba Orokorrarekin egin zuen moduan, bere babesa adierazi nahi die Euskal Herrian data horretan burutuko diren moblizazioei, Greba Orokorra barne.
Esan beharra dugu, baina, geure ustean estatu esparruko sindikatuek emaniko erantzun hau beranduegi iritsi dela, jokoz kanpo geratu direneko itxura nabaria hartzen diogu egoerari. Era berean, aipatu sindikatuen eredu sindikalarekin kritikoak gara, Gobernuarekiko eta Patronalarekiko zorretan baitira; dirulaguntzak amore ematearen truke sistema ohiko bihurtu dela dirudi eta. Esanak esan, baina, ez da hau unerik egokiena geure desadostasunak azalarazteko. Ezberdintasunak direnak direla ere, Euskal Herriko zein Europa osoko langileak klase moduan elkartzen gaituzten arrazoiak daude eta.
Ezezkoa ozenki esateko abagune berrian gaude. Ez dugula jarraitu nahi euren krisia ordaintzen. Kokoteraino gaudela sisteman parte hartzerik ez dugun pairak izateaz. Argi eta garbi dugula gure aurkako etengabeko erasoak ez direla amaituko langileriak borrokaren bitartez geldiarazi ezean. Honegatik ez dugu mobilizazioa beste irtenbiderik. Inork ez dezala aitzakia jarri edo babesik bilatu banatzen gaituzten desadostasunetan, aitzitik, ekintza bateraturako garaia dugu. Baina, orobat, deialdia egin duten sindikatuei gogorarazi behar diegu irailaren 30ean ezin dela borroka eten, bide hau ezin dela antzerkitxo batean geratu.
Hala, 29a sindikalismoa egiteko orduan mugarria izango balitz, euskal langileak berandu ala goiz elkartzeko bideak jarriko lirateke, borrokatzeko arrazoiak erruz ditugu eta. Marxen hitzak harturik, borrokarik okerrena egin ez den hori da. Hau guztia kontuan harturik, Alternatibak deialdia egiten du, beraz, irailaren 29ko mobilizazio guztietan parte har dadin, Greba Orokorra barne.
Irailaren 29an borrokan jarraituko dugu, baita 30ean ere.