Pasa den urriaren 21etik 22rako gaueanRubalcaba Propaganda Ministro izendatu berriaren beste erakustaldi bat pairatu genuen Euskal Herrian, oraingo honetan euskal gazteriaren aurka. Ostegun gau hartan Xabier Arina, Ikoitz Arrese, Imanol Beristain, Xabi Bidaurre, Igarki de Robles, Ibon Esteban, Egoi Irisarri, Ainara Ladrón, Ander Maeztu, Xabat Morán, Marina Sagastizabal, Imanol Salinas, Rubén Villa eta Julen Zuaznabar izan ziren ustez Segi berrantolatzeagatik atxilotutakoak.
Askapenako kideen atxiloketan egin zen bezala, oraingo honetan ere aipatu beharra dago atxilotutakoek egindako lana guztiz publikoa zela. Kasu honetan ere aipamen berezia behar du atxilotutakoek gatazka politikoak soilik bide baketsu eta demokratikoetatik konpontzearen alde egindako lan eta adierazpenak.
Zentzu horretan, eta atxilotutako guztien lana maila berean ipiniz, bereziki larria iruditzen zaigu Ikoitz Arreseren kasua. Izan ere, irailaren 25ean Gernikan egindako aurkezpenean bere eskuz sinatu zuen Gernikako Akordioa Ikasle Abertzaleak-en izenean. Dirudienez, publikoki ETAri su-eten iraunkor eta egiaztatze moduko bat eskatzea ez da nahikoa Espainiar Erresuman norbait ETAkide izatea egotzita atxilo hartu eta kartzelaratzeko.
Ikoitz eta besteak kartzelaratuz Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiak gara erasotuak, eta gurekin batera, bake eta normalizazio politikoa desiratzen duten euskal herritar guztiak. Baina Espainiar Erresumako agintariek jakin behar dute Euskal Herrian norbait inolako arrazoirik gabe atxilotzean kalean gaudenok berehala hartzen dugula beren lekukoa; eta Rubalcabak bere karguak hirukoizten baditu guk geure esfortzuak hirukoiztuko ditugula Euskal Herria bake eta normalizazio eszenatoki batera ekartzeko.
Honegatik guztiagatik euskal gazteria, bere aniztasunean, animatu nahi dugu hurrengo hilabetetan abiaraziko den bake eta normalizazio prozesuan aktiboki parte har dezan, gurea -eta ez beste inorena- den etorkizuna bakean eta askatasunean bizi ahal izateko.