Iturria: Argia
Egilea: Onintza Irureta Azkune
2008ko EAEko datuak dira: lan ez ordainduaren %75 emakumeek egiten dute eta lan ordainduaren %62 gizonek. Beraz, emakumeek lan karga osoaren %54 hartzen dute bere gain. Ordutan esanda, batez beste emakumeek 6 ordu eta 35 minutuz egiten dute lan egunero (ordaindua zein ez ordaindua), eta gizonek 5 ordu eta 36 minutuz. Denbora kudeatzerakoan, sexuen arteko banaketa nabarmena da. Alabaina, zer dago ehunekoen eta ordu-minutuen atzean?
Denbora nola kudeatzen eta banatzen dugu gure gizartean, genero ikuspegia kontuan hartuta? Batera eta bestera begira hasi, eta Euskal Herrian bederen, maila teorikoan gutxi landu dela iruditu zaigu. Joan den ekainean begia luzatu genuen EHUko Udako Ikastaroetan Emakundek antolatutako jardunaldietara. Ondoko izenburua zuen: Berdintasunaren garaia? Denborari, generoari eta giza antolaketari buruzko hausnarketak. Sei hizlarietatik bakarra zen Euskal Herrikoa, pentsa genezake gai hori lantzeko bertako askoz aditu gehiago ez dagoela. Denetarik izan zen, hitzaldi batzuk bikainak eta beste batzuk soziologia ikuspegitik bai, baina genero ikuspegitik oso gutxi landutakoak. Matxalen Legarreta artearra (Bizkaia, 1977) domestizitatearen inguruko tesia prestatzen ari da. Hark denbora eta generoa elkarrekin aztertzeko proposamen berezia egin zigun. Artearraren proposamena, edo berak esan bezala probokazioa, azaltzen saiatuko gara.
Errudun sentsazioa ez da zenbakitan neurtzen
Gizonek eta emakumeek denbora zertan igarotzen duten azaltzeko estatistikak ezagunak ditugu. Tartean behin sarreran aipatu ditugun moduko datuak helarazten dizkigute hedabideek. Balio dute, nolabait, denbora nola banatzen den kuantifikatzeko, eta ikusteko nola genero banaketaren balantza alde batera dagoen erorita. Era horretako inkestak gutxi eta garestiak direla nabarmendu zuen Udako Ikastaroetako hizlari batek baino gehiagok. Legarretaren ustez, gutxi eta garesti izateaz gain mugatuak dira, gauza batzuk neurtzeko balio dute, baina beste askok ihes egiten du. Soziologo artearrak eztabaida taldeak osatu zituen tesia prestatzeko eta han jasotako adibide batzuk erakutsi zizkigun estatistikei ihes egiten dien hori azaltzeko: emakume batek kontatu zuen nola goizez eta arratsaldez umea eskolara eramaten zuen, denbora tarte horietan etxetik lana egiten zuen enpresa batentzat eta gainerako denbora umearekin pasatzen zuen. Gauez ere lan egiten zuen. Bizi erritmoaren ondorioz 43 urterekin menopausia etorri zitzaion. Leher eginda zegoen emakumea, baina aitortu zuen ordu horietan umearekin egon ez bazen errudun sentituko zela. Bigarren adibidea: beste emakume batek kontatzen du nola bere amak hezi zuen umeak ondo hazteko eta etxea hautsaren arrastorik gabe edukitzeko. Gaur egun, egongelako hautsa astebetez kendu gabe lasai egoten da, baina orain arte errudun sentsazioa ikaragarria izan da. Bi adibide baino ez. Denboraren kudeaketaz ari dira. Nola neurtzen dira emakume zein gizonen sentipenak? Estatistikek ez dituzte denboraren kudeaketan ageri diren alde moral eta afektiboak neurtzen, ezta botere harremanak ere.
Dohaintza
Legarretak, eztabaida taldeei entzun eta gero, denbora dohaintzaren ikuspegitik begiratzea proposatu zuen, beti ere etxeko lanetan eta familian oinarrituta. Dohaintza Marcel Mauss antropologoak azaltzen duen eran erabili du Legarretak. Alegia, eman, jaso eta itzuli egiten dira objektuak edo zerbitzuak. Auzolana da horren adibide, txerri hiltze garaian auzotarrak baserri batetik bestera dabiltza elkarri laguntzen, gaur zurean eta bihar nirean. Txerria ere hala banatzen da, hau niretzat eta hori zuretzat. Zerbait ematen duzun momentutik zirkulua ireki da eta norbanakoak espero du, denbora batera, zirkulu hori itxiko dela, hots, gaur emandakoak edo eskainitakoak buelta izango duela halakoren batean. Denbora bi eratara ulertzen da dohaintzaren joko honetan: batetik, nik nire denbora eskaintzen dizut –arropa garbitu, amona zaindu, umearekin egon– eta testuinguru horretan denbora norbanako guztiok dugun baliabidea da. Eta bestetik, hasitako denbora horren bukaeraren zain geratzen zara –nik nire haurra zainduko dut orain eta zahartzen naizenean berak ni zainduko nau–. Esan dugu denbora norbanakoaren baliabidea dela, baina dohaintzaz ari garela denbora ez da saltzen dugun baliabidea –lan merkatuan hala egiten dugu– ezta oparitu ere –enpresak ordaindu ez dizkigun lan orduak adibidez–.
Denbora baliabide ekonomiko gisa neurtzen da lehen aipatutako estatistiketan, hainbeste ordu aisialdia, hainbeste ordainpeko lana, horrenbeste ordaindu gabeko etxeko lanak… Dohaintzak baliabide morala hartzen du kontuan, jendeari ez dio galdetzen zenbat minutu igarotzen dituen egunero etxea garbitzen edo umea zaintzen, garrantzia daukana da nola sentitzen zaren haurra haurtzaindegian utzi duzunean, edo bilobak zaindu behar dituzunean, edo aita eguneko zentrora eramaten duzunean.
Eta oreka apurtu bada?
Legarretari batek baino gehiagok esan dio dohaintzaren logika hori jada apurtua dagoela, orain beste logika baten bidez mugitzen garela. Artearra ez dago ados eta eztabaida taldeetan entzundakoak ekarri ditu gogora. Horietako pasarte hau argigarria da: “Hemen gauden belaunaldia ziurrenik okerren biziko garenena da. Gure seme-alabak zaindu ditugu, gurasoen esana bete dugu eta zaindu ditugu, eta seme-alabek ostikada emango digute”. Gizon jubilatuak esan du hori, katea apurtuta ikusten du gizon horrek, ez dauka seme-alabek zainduko duten esperantzarik, baina hala izatea espero zuen. Katea apurtuta ikusteak esan nahi du kate hori kontuan hartzen dugula. Gizon jubilatuen taldean ezezik gazteenen eztabaida taldeetan ere gai hori atera da, alegia, nork zainduko gaitu etorkizunean? Ez baitaukagu barneratuta zahartutakoan etxekoek ez gaituztela zainduko.
Italiako Alderdi Komunistako emakumeak
Hasieran esan dugu, Legarretarena denboraren kudeaketa genero ikuspegitik aztertzeko proposamena edo probokazioa da. Beste kontu bat da nola eragin denbora kudeaketan banaketa parekideagoa izan dadin.
Denboran oinarritutako politikek urte gutxitako bizitza dute Europan, eta aurrekariak Italian daude. 1980. urtean Italiako Alderdi Komunistako emakumeek Le donne cambiano il tempo (Emakumeok denbora aldatzen dugu) izeneko lege proposamena jarri zuten abian. Proposamenak gizartean eskubideak eta betebeharrak berdin banatzea eskatzen zuen, eta abiaburu gisa hartzen zuten tradizioz emakumeek etxea eta familia zaintzan egin duten lan ez ordaindua. Alor hori bizitza sozialaren, ekonomikoaren eta politikoaren erdigunean ezarri nahi zuten. Gizarte antolaketa berria aldarrikatzen zen, non emakumeen eta gizonen arteko oreka egongo zen. Era berean, lan ordainduak egituratzen duen denbora banaketa ezbaian jarri zuten, alegia, zortzi ordu lana, zortzi ordu aisia eta zortzi ordu atsedena. 24 orduko egitura horrek ez du beregan hartzen bizitza sortzea, hau da, etxeko eta familiako beharrei erantzutea. Oraindik, gizarte antolaketak genero rolen banaketa mantentzen du: gizona lan merkatuan dago eta emakumeak jarraitzen du etxearen eta familiaren ardura izaten; lan ordaindua egiten badu osagarria baino ez da. Italiako emakume komunisten aldarria zen denboren duintasuna azpimarratzea eta eguneroko bizitzari balio handiagoa ematea, jarrerak eta gizon-emakumeen arteko botere harremanak aldatuz.
30 urteko ibilbidea duen proposamenak denbora hiru dimentsiotan ulertzen du; gizakiaren bizi zikloa kontuan hartzen duen denbora, lanean oinarritutako denbora –ordainpekoa eta ordaindu gabekoa– eta hirietako denbora. Italian lehen pausoak eman zituen aldarriak adarrak hedatu ditu Frantzian, Alemanian eta Espainian. Alabaina, denbora politikak gauza berria dira gure gizarteetan eta Italiako proposamenak halamoduz jarri dira praktikan batean eta bestean. Batzuetan saiakera zehatzak egin dira eta gero ez dira garatu, besteetan genero ikuspegia ahaztu egin zaie.
Denbora ulertzeko hiru dimentsioetatik, gutxien landutakoak eta emaitza kaxkarrenak eman dituztenak gizakiaren bizi zikloa eta lan denbora kontuan hartzen dituztenak izan dira. Bigarren multzo horretan sartzen dira Frantziako 35 orduena, Finlandiako 6+6 eredua eta Erresuma Batuko Lana eta Bizitza Oreka neurri sorta.
Arrakasta gehien maila lokaleko denbora politikek izan dute. Hainbat udalek denbora eta espazioa kontuan hartuta, eta genero ikuspegia alboratu gabe, politika interesgarriak egin dituzte. Katalunia izan da Italiako arrastoari segika ibili denetakoa eta Bartzelonako Udalak berak Denboraren Erabilera Sozial Berriak izeneko egitasmoa du abian.