Azken aldian, EAJk mehatxu berria asmatu du. “Batu gaitezen” proposamenaren bitartez, bide baketsu eta demokratikoetatik erabakitze eskubidearen alde gaudenen batasuna deitu du, ustez PSE eta Alderdi Popularraren arteko ituna geldiarazteko datozen foru eta udal hauteskundeei begira. EAJk ke gortina zabaldu du berriro ere “besteak” baino hobeak eta bertakoagoak direla ziurtatzeko, interes ekonomiko berberen ordezkari diren arren.
Sirena kantuak dira. Ez naiz EAJk aipatu duen autodeterminazioaz ari, Alternatiban uste berekoak garelako, baizik eta gizakia ez delako bizi bakarrik autodeterminazio eskubideaz, Mateok esandakoa berreginez. Ulertzen da Urkulluk hauteskundeei begira bere alderdiaren aldeko frontea osatzeko duen premia, baina erabakitze eskubidea ezin da aitzakia bihurtu askok gorroto ditugun EAJren gainontzeko politika eskuindarrak ezkutatzeko.
Bistan da beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzatik, PPren babesarekin, PSEk sustatu dituen neurri neoliberalei muga jarriko dien frontea. Fronte honek, ordea, honako neurri hauek bultzatu beharko lituzke: garapen kontzeptu desberdina, azpiegituren sistema jasangarria, bidezko eredu fiskala eta banatzailea, eta publikoaren aldeko apustu sendoa. EAJ, PSE eta PPrekin batera, politika hauen aurkakoak dira.
Hori dela eta, bitxia da EAJk hartu duen jarrera. Zapaterok abiatutako lan-merkatuaren erreforma eta aurrekontu murrizketak bermatu, makroegitura jasangaitzak sustatu eta gehiago dutenei gutxiago ordaintzeko eskatzen dien egitura fiskalaren aldeko apustua berretsi duen bitartean, gainontzekoei dena ahazteko eskatu digute, erabakitze eskubideaz aritu behar garelako bakar-bakarrik. Euskal abertzaletasunaren aldeko berbaldiak ematen ditu Afganistango inbasioaren alde bozkatzen duen bitartean, altxor publikotik milioika euro AEBren mesederako egin den gerra batean inbertituz, hain zuzen. Ez al dute afganiarrek NATOren aurrean erabakitzeko eskubiderik?
Zentzurik al dauka otsoa datorrela oihukatzeak EAJ, PSE eta PP lagun minak direnean? Urkulluren alderdia da PSOErekin estatuko aurrekontuak babestu, EAEkoak ontzat jo eta hiru herrialdeetako aurrekontuei foru-baimena eman dizkiena. Hau guztia egin du EAJk “Estatu erantzukina” delakoaren ustezko babesaz baliatuz edo, hobeto esanda, euren artean egungo status quo ekonomikoari eusteko.
Ez ditugu ulertzen, beraz, PSEk eta PPk foru erakundeak zuzendu ditzaten ekidin behar dela dioten adierazpen alarmistak, egun EAJ burutzen ari den politikatik aldenduko balira bezala. Gauza bera izango litzateke-eta! Krisi ekonomiko eta gizarte eskubideen murrizketa egoera honetara eraman gaituzten politikei benetako alternatiba eraiki beharra dago. EAJ eta PSE-PP bikote bihurriaren artean baino ezin dela hautatu sinistarazi nahi izateak, eztabaida politikoari dagokionez, gabon hauetan Barbie eta Bratz panpinen artean hautatu behar izatearen maila bera dauka.
Herri honek eskubide guztiak errespetatzen dituen bloke ezkertiarra behar du: giza eskubidek eta eskubide zibilak, erabakitze eskubide demokratikoa barne. Diskurtso desberdina osatu behar dugu, saldu nahi diguten sirena kantuetatik aldentzen dena, alegia. Posiblea da beste dinamika bat eta, aurrean duguna ikusita, baita premiazkoa eta behar-beharrezkoa ere. Denbora luzea da otsoa oilategian sartu zenetik.