Martxoaren 8a, emakumezkoon nazioarteko eguna, ospatzeko eguna ez ezik, bada borroka eguna ere. Emakumeek urte luzeetako borroketan lortutakoak ospatu beharrekoak dira. 1911. urtetik hona bozka emateko eskubidea, hautetsia izatekoa, lanpostu duina izateko eskubidea… gaur egun lorpen zerrenda luzea ospa dezakegu hamarkadetan feminista mugimenduek egindako borrokaldiei esker.
Baina gaur egun ere Martxoak 8 borroka egiten jarraitzeko eguna dugu, oraindik eskubide ugari lortzeke baitaude. Itxurazko berdintasunaren azpian, emakumezkoek lortutako eskubideen eta guztiontzako aukera berdinen azpian, bazterketa eta berdintasunik eza agerian dago-eta. Horregatik borrokan jarraitu behar dugu, oraindik emakumezkoen hiritartasun osoa aldarrikatzea beharrezkoa delako, arazoen sustraiei ekiten ez dieten zatikako konponbideak eta behin behineko neurriak aski ez direlako, sistema patriarkal eta kapitalistak ez dituelako emakumeen eskubide guztiak aitortzen eta errespetatzen.
Eta aurtengo martxoaren 8an, herritar askori eragiten dion krisi basatia leundu asmoz neurrien inguruko informazio-jasa pairatzen ari garela, euskal emakumezkook egiturazko krisi iraunkorrean bizi garela salatu nahi dugu. Egungo krisiak gizonezkoei ere eraginda, sistema hau jasangaitza dela erakutsi du. Hala ere, gaurkoan bozgoragailuarena egin nahi dugu, emakumezkooi eragiten diguten krisiaren alderdi desberdinak zabaldu asmoz. Hala, bereziki emakumezkook krisia pairatzen dugu:
* lan merkatura sartzen garenean, prekarietate tasarik altuenak sufrituz, ardurarik txikieneko lanpostuetan kokatuz, lan-iraunkortasunik gabe, ia promoziorik aukerarik gabe eta gizonezkoek lan bera egiteagatik kobratzen duten soldata baino txikiagoa jasoz. Gainera emakumezko gehienak lan arlo zehatzetan kokatuta egoten dira, hala arlo sozialean edo zerbitzuetan nola zaintza arloan, eta lan arlo horiek krisi eta aldaketa ekonomikoen eraginak sufritzen lehenak izaten dira.
* jendea zainduz edo etxean lan egiten dugunean, errege dekretu batek babesik gabe eta bazterketa egoera iraunkorrean jardutera behartuta. Zahar-egoitza edo etxez etxeko zerbitzu enpresa batean lan egiten dugunean, arloaren pribatizazioak gure eskubide guztiak kentzen dizkigulako.
* enpleguaren eta gure haurren hazkuntzaren artean hautatu behar dugunean, eta biak bateragarri egitekotan lagundu nahi omen duten neurriak –jardunaldiaren murrizketak, baimenak, etab.- hartu behar ditugu, nahiz eta gizonezkoek zaintza ardurarik gabeko gizonezkoentzat pentsatutako lan merkatuan bateragarritasun ideal hori ezinezkoa izan. Emakumezkoen etorkizuneko prekarietatean sakonduko duten neurriak dira, zeren eta laguntza sozial horiek gure lan bizitza osoan kotizatutakoari lotuta baitaude.
* menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen ditugunean, eredu familista oinarri, laguntza eta babes guztia behin behinekoa izaten da, zaintza familiaren ardura dela ezarriz, eta zer esanik ez, gaur egun ere lan honek emakumezkoen gainean jarraitzen du.
* urrutitik aukera berrien bila Euskal Herrira etortzen garenean, lanposturik prekarioenak hartzera behartzen gaituen jendartearekin topo egiten dugu. Gure herrialdeetan beste emakumezko batzuk menpekotasun egoeran ditugun pertsonak zainduz utzi behar ditugu, gu hemengo emakumezkoak baino “merkeagoak” izateagatik beste batzuk menpekotasun egoeran dituzten pertsonak zaindu ditzagun. Gainera lan egitearren edozer onartzeko prest egoten garela entzun behar dugu. Hori esaten dutenek badakite hiritartasun osorik gabe guk bestelako lan baldintza batzuk nekez negozia ditzakegula.
Badira krisi beraren beste alderdi batzuk ordaintzen ari diren emakumezkoak, jakina. Halaber, badira urte gehiegi ere krisi bera ordainduz, horregatik…
? Apustu ekonomiko neoliberalarekin batera aurrerapen sozialak bultzatu nahia fantasia hutsa dela adierazi nahi dugu. Ekonomia kontzeptua bera berraztertzea nahiko genuke, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza ekonomiaren erdigunean ezarriz eta ez merkatuaren menpe.
? Kontratu sozial berria aldarrikatu nahi dugu, gizonezko-langilea eta emakumezko-zaindaria binomioa erabat gaindituz. Emakumezko eta gizonezkoen arteko erantzukidetasunaren aldeko apustua egiten dugu, zaintzarako eskubideak guztiona izan behar duelakoan. Horregatik emakumezkoen eta gizonezkoen arteko kontratu berriaren alde egiten dugu, non gizonezkoek eta emakumezkook enplegua, zaintza eta boterearen alderdi guztiak partekatzea adostuko dugun.
? Emakumezkoen eta gizonezkoen artean enplegua eta zaintza benetan partekatzea ahalbidetuko duten neurrien alde egiten dugu, aitatasun baimen besterenezinak kasu.
? Zaintza unibertsalizatzea guztiz beharrezkoa da, jatorria, errenta edo beste edozein faktore alde batera utzita. Zaintza zerbitzu publikoak desegite eta ondoriozko pribatizazio prozesuaren aurrean, kalitatezko zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatzen dugu.
? Atzerritarren legea aldatu gabe ez da posible zaintza lan arloan bazterketa eta prekarietatea amaitzea. Gaur egun atzerritar legeak zaintza arloan lan prekarioa, emakumezkoen arteko hierarkizazioa eta emakumezko batzuen eskubideak beste emakumezko batzuen eskubideen gainean ezartzea ahalbidetzen baitu.
? Etxe barruko enplegu erregimena lehenbailehen aldatzeko eskatzen dugu. Etxe barruko langileak aitortzea ezinbestekoa baita, noski, horren baitan paperik gabeko emakumezko etorkinei soldata duinerako, atsedenaldirako eta gizarte segurantzarako eskubidea aitortu eta errespetatu behar zaie.
? Atzerritarren legea eta menpekotasun legea ikuspegi feminista kritiko batetik berraztertzea proposatzen dugu.
? Laster espainiar Estatuan onartu nahi duten pentsio erreforma arbuiatzen dugu, kotizazio oinarri txikiagoak izateagatik emakumezkoak kaltetuenak izango baitira.
? Eskola eta ikastoletan hezkidetza oinarri duten ereduak bultzatzeko eskatzen dugu, txikitatik gizonezkoak eta emakumezkoak pertsona autonomo bihur daitezen. Hala, bai batzuk bai besteek zaintza –besteena eta beraien buruarena- nola egin ikasi behar dute.
Krisian bizi izatera zigortuta ez gaudelako…GORA EMAKUMEON BORROKA!