Alternatibako internazionalismo mahaia
Ilustrazioa: Jared Rodriguez (truthout.org)
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenak Libiako aire espazioaren itxiera ezartzetik haratago doa, gizarte zibila babesteko beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabiltzeko eskubidea ematen dio Nazioarteari. Bonbardaketak zein zibilen heriotza masiboak salatzeaz gain, Alternatibak ezezko biribila eman nahi dio errealitatearen irakurketa zital bezain bipolar honi. Eraso militarrak klase eta herrialde menderatzaileen logikari erantzuten dio, nazio subiranotasunaren kontzeptua berrikusiz eta esku hartze humanitarioa kapitalismoaren orden berri gisa ezarriz.
Libian inori kezkatzen ez zaiona bertako gizon-emakumeak dira. Hipokratesen printzipio zaharraren arabera, “minik ez egitea da lehena”, baina zibilen erailketak)milaka errefuxiatu eta kalte ekologikoak eragiten dituen eraso militarrak printzipio hori zapuzten du. Bonbardaketek ez dute ezer konpondu, krisia areagotzea baino ez dute ekarri. Zer dela eta ez dira aztertu Afganistan edo Irakeko eraso militarren emaitzak?
Erasoaren benetako arrazoiak zibilak babestetik oso urrun daude: petrolioa, transnazional handien interesak eta zonaldearen kontrol geoestrategikoak baitira benetako zergatiak. Gainera, mendebaldeko herrialdeen hipokresia salatu nahi dogu, azken hauek Libiako errepresioa eskandalutzat omen dute, baina, aldiz, euren aliatu Israel, Saudi Arabia, Maroko, Kolonbia eta enparauek egiten dutenarekin ez jakinarena egiten dute ahaztutako gatazketan hildako milaka lagunak aintzat hartu gabe.
Bestalde, erasotzeko erabakia hartu dutenen lagun-mina izan da Libiako diktadorea duela gutxira arte. Errepresioa, torturak eta sarraskiak onargarriak dira diktadurak eraginkorrak diren bitartean. Espainiako estatuan hiprokresiaren erakusgarri patetikoenak dira Erregea, Aznar, Zapatero, Gallardon (alkateak Madrilgo Urrezko Giltza eman zion Gadafiri) eta milioika euro irabazi dituzten enpresariak. Neurri bikoitzaren erabilpena argi islatzen da euren kanpo-politikan, giza-eskubideen babesaren nazioarteko sistemaren aldeko apustuaren ahulezian zein nazioarteko azterketa egiteari behin eta berriz eman dioten ezezkoan.
Nazio Batuen Gutunean eta Nazioarteko Justizia Auzitegiko ebazpenetan oinarritutako egungo nazioarteko ordenamenduak debekatzen du estatu baten subiranotasun nazionala indarrez urratzea, Segurtasun Kontseiluak onartu ezean. Libiako erasoak mahai gainean jarri du berriro ere Nazio Batuetan erreforma demokratiko sakona egiteko beharra. NBEko partaide izateak honako konpromiso hauek suposatu beharko lituzke: Nazioarteko Zuzenbidearen onarpena eta gerrari uko egitea; gatazken konponbide baketsuaren aldeko sistema bati men egitea; Estatuen pixkanakako desarme prozesua finkatzea; Estatuetako ordezkaritza proportzionala bermatzeko sistema bat ezartzea Biltzar Nagusian; beto eskubidearen amaiera Segurtasun Kontseiluan eta nazioarteko ekintzen kontrol judizialaren indartzea eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren epaiek bete beharreko izaera lortzea.
Libiako gizarte zibilak kezkatzen gaitu eta Gadafi diktadorearen praktikak errefusatzen ditugu, baina eraso militarrak erregaiarekin amatatu nahi du piztu den sua. Hona hemen gure apustuak: diplomaziaren eta negoziazioaren alde, krisi uneetan bitartekari eta nazioarteko begiraleen alde, erasoan gastatutako baliabide ekonomiko guztiak bake prozesu batean inbertitzearen alde, armen salmentaren erabateko debekuaren alde, diktadurekin amaitzeko eta boterea eskuratzeko bide demokratikoak ahalbidetuko dituzten prozesu demokratizatzaileen sustapenaren alde, eta talde minoritarioen segurtasuna bermatzearen alde. Hau da, Alternatibak gatazkarik ez gertatzeko aurretiko lana lehenesten du ekintza humanitario militarren aurrean.
Nork erabakitzen du gobernu bat ez dela zilegi edota giza-eskubideak sistematikoki urratzen dituela? Hori baita gakoa. Egungo nazioarteko egoera ikusita, ez zaie galdera hauei behar bezala erantzuten. Bistan da ez direla sakratutzat jo behar estatu subiranotasuna edota esku-hartze eza bezalako kontzeptuak, baina ezin dira berrirakurri homogeneizazio neoliberalaren mesedetara. Argi izan behar dugu potentzia handiek jomuga dituztela kapitalismoa eta mugak ezabatzen dituen merkatu bakarra. Interbentzionismo humanitarioa orden neoliberal berriaren tresna bikaina da, izaera militarra eta humanitarioa batzen dituena, hain zuzen.