“Nazioarteko merkatuaren baldintzak ez dira bidezkoak, eta ezingo dira izan elikagaiak, giza eskubidetzat baino, salgaitzat jotzen diren bitartean”
1996ko apirilaren 17an, Brasilgo polizia militarrak tiro egin zuen Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduak deitutako manifestazio baten aurka El Dorado dos Carajas-en. Nekazarien eskubideak aldarrikatzeko manifestaldia zen hura. Guztira, hemeretzi nekazari hil zituzten eta hirurogeita bederatzik mozketak pairatu zituzten, ehunka zauritu suertatu ziren eta hamar lagun epaiketarik gabe exekutatu zituzten, gutxienez, atxilotu ostean.
Egun horretan, zoritxarreko gertaerak jazotzen ari ziren bitartean, Via Campesina elkarteak nazioarteko bigarren biltzarra egiten ari zen Tlaxcalan, Mexikon. Mundu zabaleko nekazariek “Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna” izendatu zuten egun hura.
Hamabost urte igaro ondoren eta urtero egiten den legez, apirilaren 17an aldarrikapen bikoitza egin ohi da mundu osoan: alde batetik, nekazariek eta herri landatarrek bizirauteko duten eskubidea eta, bestetik, mundua elikatzen jarraitzeko borroka gogoraraztekoa. Elikadura subiranotasunean oinarritutako sistema berria defendatzeko ekintzak dira.
Baina, zer dakigu elikadura subiranotasunari buruz? Nondik dator kontzeptua? Zein da bere esanahia?
56 herrialdetako nekazarien 150 erakunde batzen dituen Via Campesina-k garatu zuen elikadura subiranotasunaren kontzeptua eta publikoki eztabaidatu zen lehenengoz 1996an FAOren egoitza zentralean (Erroma) egindako Elikaduraren Munduko goi-bileran. Hortik aurrera, kontzeptu hori eztabaidagai nagusienetakoa bilakatu da nazioarteko nekazaritzaren alorrean, baita Nazio Batuen barne instantzietan ere. Izan ere, 2002ko FAOko Elikaduraren Munduko goi-bilerari lotutako GKE-k antolatu zuten batzar paraleoaren ardatz nagusia bilakatu zen.
Elikadura subiranotasunak honako eskubide hauen aldarrikapenean datza: herriek euren nekazaritza- eta elikadura-politika zehazteko; dumping mekanismoen bitartez produktu soberakinen sarbidea saihesteko eta lurraldea errespetatuko duen nekazaritza lokala, anitza, landatarra eta ekologikoa sustatzeko, hau da, nazioarteko merkataritza ekoizpen lokalaren osagarri gisa jardungo duena. Elikadura subiranotasunak ondasun naturalen gaineko kontrola (lurra, ura eta haziak) komunitateei itzultzean datza, baita bizitzaren pribatizazioaren aurka borrokatzean, ura era jasangarrian banatu dadin bere ondasun publikoko izaerari eutsiz, eta genetikoki eraldatutako organismoen aurkako borrokari ekinez, haziak askatasunez eskuratu ahal izateko. Horra hor nekazaritza-erreformen beharra.
Elikadura subiranotasunak ez ditu trukeak errefusatzen, bai, ordea, esportazioei emandako lehentasuna, nazioarteko merkatuetan sartzea ez delako nekazariek behar duten konponbidea. Nekazariek duten arazorik larriena zera da: merkatu lokal propietara sartzeko zailtasuna, elikagaien industriak oso salneurri baxuan finkatzen dituelako bere produktuak.
Politika neoliberalek mugarik gabeko mozkinen bilateraki lotuta dagoen nazioarteko merkataritza lehenesten dute. Gainera, nazioarteko merkataritzan sartzea duten nekazaritza-ekoizpenak nekazaritza-enpresa boteretsuenen kontrolpean daude, premiazko ondasunak esportatzen dituzten iparraldeko herrialdeen ekoizpenei mesede eginez, eta hegoaldeko nekazariak kaltetuz, bigarren mailako elikagaiak baino ezin dituztelako esportatu.
Hegoaldeko herrialdeetako elikagaien esportazioek munduko eskaera osoaren herena suposatzen dute, iparraldeko herrialde aberatsek gainontzeko bi herenak esportatzen dituzten bitartean. Aitzitik, euren kanpo zorrari aurre egiteko beharrak hegoaldeko herrialdeak baldintzatzen ditu nazioarteko merkataritzan, euren egoera hobetu ezinean.
Argi dago, beraz, nazioarteko merkatuaren baldintzak ez direla bidezkoak, eta ezin izango direla bidezko izan elikagaiak merkantziatzat jotzen diren bitartean, giza eskubide gisa hartu beharrean. Gainera, planetaren elikadura nazioarteko merkataritzan oinarritzeak komunitate askoren eredu kulturalen aldaketa suposatzen du inposatutako ohituren bat-egitearen alde.
Hortaz, elikadura subiranotasunak alternatiba bat eskaintzen dio egungo nekazaritza-eredu industrialari. Eredu berri honek oinarrizko giza eskubidetzat jotzen du elikadura, herri eta estatu guztiek euren nekazaritza-politika propioak zehazteko eskubidea aldarrikatzen du eta elikagaiak ekoizten dituztenak politika hauen ardatz nagusi gisa hartzen ditu: nekazariak, baserritarrak eta arrantzaleak, baita kontsumitzaileak ere. Elikaduraren subiranotasuna subiranotasun politikoaren oinarrizko ardatza baita.