Irudia: Iñigo Arsuaga
Igande honetan, apirilak 24, Aberri Eguna ospatzen da, Alternatibak autodeterminaziorako eskubide erreala eta eraginkorra aldarrikatzeko baliatzen duen eguna. Menpekotasun sistema guztiak gaindituko dituen Euskal Herria eraiki beharra daukagu: kapitalismo aseezina, patriarkatuaren bidegabekeria, produktibismo suntsikorra, arrazakeri ankerra, itxurazko demokrazia eta kultur asimilizazioa gaindituko dituena.
Borroka guzti hauek izan behar dute lekua Aberri Eguneko ospakizunetan, hala uste dugu Alternatiba osatzen dugun gizon-emakumeok, bakarrik horiei aurre egin eta urratsak egiteko gai den herria izango delako benetan demokratikoa.
Egun honek folklorea gainditu behar du, gure lurraldean diren gatazka sozial, politiko eta ekologikoen aurrean entzungor dirauen nazio ikuspegia baztertzen dugu. Ez dugu haien nazioa nahi, naziorik ez baitago berdintasuna urratuta eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu gabe. Ez gara ikurren defentsarekin konformatuko, Euskal Herri justuagoa eraikitzeak herritarrentzako eskubideak eta askatasunak zabaldu behar dituela aldarrikatzen dugu.
Garai berria bizi du Euskal Herriak, egoera politiko berria non, herriak eskatzen duenaren bidetik, elkarlanaren alde egiten dugu. Alternatibak eragile ezkertiar eta subiranistek indarrak batzearen aldeko apustua egin du beti, eta oraingoan etorkizun komun baterako bidea partekatzeko aukera gauzatu dugu. Zailtasunak daudela jakin badakigu, eta ez gara bakea eta nazio eraikuntza oztopatu nahi dutenei buruz bakarrik ari. Izan ere, badira askoz traba gehiago: desberdintasunak, pobrezia, era guztietako eskubideen urraketa eta indarrean dauden logika zapaltzaileak.
Seguruenik, esan ohi denez, ez daude diren guztiak, baina badakigu zer garen barruan gaudenok. Euskal Herriko pertsona guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak bermatu beharraz seguru gaude, bakerantz egin beharreko urratsen premiaz, indarkeria, mehatxu eta errepresio forma guztiak gaindituta, gatazkaren parte diren edozein erakunde, eragile zein instituzioen aldetik. Askok ukatzen badute ere, gatazka herritar guztiek gainditu nahi dutela jakin badakigu.
Era berean, Euskal Herrian diren subiranotasun nahiak zilegi direla konbentzituta gaude. Bere buruari zuzenbidezkoa deritzon estatuak zilegitasun hori modu gaitzesgarrian urratzen duela salatzen dugu, horretarako milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eskubidea bortxatzen du, 50.000 lagunena zuzenean eta bi milioitik gora lagunena zeharka. Demokrazioaren aurkako bidegabakeria honen aurrean, behin et aberriz exijituko diogu Espainiako estatuari, ETAri indarkeriazko ekintzak uzteko galdegin genion irmotasun berberarekin, gobernu espainiarrek urratu izan dituzten eskubide guztiak berrezar ditzala: elkartzeko eskubidea, adierazpen eta manifestazio askatasunarena eta herritarren botoa bahitzen duen Alderdien Legea bertan behera uztea.
Bestetik, Iruñea eta Gasteizko gobernuen politika neoliberalekiko morroitzari erantzuteko alternatibak eskaini behar ditugu, herri sozialista, ekologista eta feminista eraikiz. Eta nazio eraikuntzan zein eremu sozialean herria desegiten dutenen aurka egin behar dugu.
Hauxe da Aberri Egun honetan Alternatibak egiten duen aldarrikapena, azken hilabeteotan elkarrekin egin ditugun urratsek herri honen eraikuntzarako aukera berriak eta itxaropentsuak eskainiko dituelakoan, herri honetan sinesten dugulako, ezkerreko Euskal Herrian sinesten dugulako.
Euskal Herrian, 2011ko apirilaren 24an