Iragan hiru hamarkadetako eskubide urraketarik latzena pairatzen ari da euskal langileria azken urteotan. Hala, planetak sufritzen duen krisi sistemikoak ez du kapitalismoa bideraezina, eutsiezina eta berez bidegabea delaren inguruko eztabaidarik piztu Espainiako Erresumako, EAEko eta Nafarroako gobernuen baitan. Aitzitik, patronalen eta merkatuen eskutik aurrera egiteko estrategia koldarrari eutsi diote, langileen ahulezia areagotuz. Honela, biztanleriak ez du ezer erabakitzen eta merkatuen diktadura inposatzen da; langileen eskubideak babestu beharrean, krisia eragin duten enpresa transnazionalen pribilegioak eta interesak defendatzen dira; ez da gatazkaren oinarrira jotzen, hau da, sistema kapitalistaren errora; aitzitik, sua erregaiez amatatzeko ahaleginak egiten diharduta.
Hala ere, egoera hau aldatu daiteke, badago alternatiba bat, baina ez dago inondik inora elkarrizketa soziala deritzon horretan. Ameskeria hutsa da unean uneko gobernuaren gidaritzapean langileek eta enpresariek berdinen arteko elkarrizketa ematen denik. Irudipen demokratiko honek agerian utzi du politikoki hutsala dela. Sekula ez da berdintasnik izango gehiengoen eskubideen eta patronalaren interesen artean; gobernu eskuindarrek edota liberalek sekula ez dute zuzentasunez jokatuko; gauzak sekula ez dira argi egongo langileentzat, erabakiak beste alde batetik hartu ohi direlako, ikusi dugun legez. Gauzak horrela, une honetan elkarrizketa sozialaren alde egiteak erreformak eta eskubide urraketak laguntzea baino ez dakar. Beraz, alternatiba hori euskal herritarren burujabetzea eragozten duten kapitala zein
gainontzeko zapalkuntza sistemei aurre egitean datza, borroken artikulazio beretik abiatuz; agenda antikapitalista, feminista, ekologista, subiranista eta arrazakeriaren aurkakoarekin bat eginez. Eredu sozialista egingarria da, beharrezkoa eta premiazkoa da. Izan ere, artikulazio honetaz baliatzea da egoera honi buelta emateko eta Euskal Herri emantzipaturantz jotzeko aukera bakarra.
Zentzu honetan, Maiatzaren Lehenak kapitalaren borroka zuzenarekiko bat egitea finkatu behar du indar ezkertiarren estrategia politiko gisa, egungo kapitalismo basatiari alternatiba sozialista bat eraikitzeko bidean. Hasteko, onartutako erreformak atzera bota behar ditugu eta datozen erreforma mehatxagarriak geldiarazi:
- Lan erreformaren aurrean, eskubideak bermatzen dituzten kontratu mugagabeen aldeko apustua, lanbide arteko gutxieneko soldata EB15eko batez bestekora hurbilduz, eta Atzerritarren Legearen erreforma osoa bultzatuz.
- Pentsioen erreformaren aurrean, erretiroa 60 urtera aurreratu, gazteen kontratazioa lagunduko duelako, pentsio sistema pribatu eutsiezinei ateak itxiz eta pentsio publiko duinak bermatuz.
- Pribatizazioen eta euskal Aurrezki Kutxen fusioaren aurrean, euskal finantzasistema publikoaren aldeko apustua, espekulazoarekin amaitzeko eta kutxen jatorrizko zeregin sozialei ekinez, haren kontrol demokratikoa bermatuz.
- Politika sozial publikoen desegitearen aurrean, zerbitzu sozialen areagotzea eta zaintzan oinarritutako eredu ekonomikoa; ordainketa partekatuaren aurrean, politika sozial indartsuak sortuko dituzten politika fiskal progresiboak pribatizazioa eta lagun askok, emakumeak batez ere, pairatzen dituzten azpikontratazioei aurre egiteko.
- Produktibitateari lotutako soldaten aurrean, kapitalaren eta soldaten errenten arteko desoreka iraingarria desagerraraztea.
- Konfrontazioa babesten duen euskal sindikalismoak pairatzen dituen erasoen aurrean, lan harremanen euskal esparruaren eta negoziazio kolektiboaren berrindartzea, langileriaren eskubideen defentsaren tresna gisa.
MAIATZAREN LEHENEAN, ALTERNATIBAK EZEZKO BIRIBILA EMANGO DIO ELKARRIZKETA
SOZIALARI
BORROKEN ARTIKULAZIOARI BAI, BAI EREDU SOZIALISTA ALTERNATIBOARI
GORA EUSKAL LANGILERIA!