Igandeko emaitzak jasota ere, begibistakoa da egungo gizarteak parte-hartze politikorako duen axolagabetasuna. Hau azaltzeko erabili ohi diren arrazoietako batzuk dira, alde batetik, politikarien jokabideak eragin duen nekea, erakundeen gardentasun faltaren ondorioz, alderdi politikoetako barne demokrazia eskasa eta ustelkeria. Bestetik, herritarren apatia dago, herritarrek jarduera politikoan era aktiboan parte hartzeari uko egin diote botoa ematetik haratago. “Politikoek konpon dezatela, horretarako ordaintzen diegu!” esaera jokabide horren adierazgarri da.
Azalpen sinple honen aurrean honako galdera hau egin beharra dago: Zuzena al da ordezkari publikoei eta herritarrei erantzukizun bera eskatzea? Ez dirudi logikoa denik, batez ere politikariek eta erakundeek azkenaldian zabaldu duten mezuari erreparatuz, alegia, erabaki politikoak gero eta konplexuagoak direnez, ezinezkoa litzaiokeela herritar arrunt bati erabaki horiek bere gain hartzea. Beste kasu batzuetan, aldiz, herritarren parte-hartzearen aldeko diskurtsoari ekin zaio baina praktikara eramateko inolako neurririk hartu gabe.
Indar ezkertiarrak ez dira inertzia honetatik aldendu, orain arte behintzat, eta gizarteak politika eskuindarrera joko duen beldurrez, parte-hartzearen aurka azaldu dira. Hala ere, auzotarren elkarteen, mugimendu sozialen eta bestelako mobilizazio espontaneoen bizitasunak ideia hau ezeresean utzi dute. Zelan apur daiteke orduan gurpil gaizto hau non herritarren parte-hartzea murriztu nahi duten politikariak eta parte hartzerako tresnen faltak eragindako apatia batzen diren?
Zoritxarrez, gugan eragina duten erabaki asko ez dira demokrazia parte-hartzailearen organoetara (udal, aldundi, legebiltzar…) mugatzen. Horren ordez, demokratikoki hautatu ez diren eta herritarren kontroletik kanpo dauden arloetan hartzen dira. Ondorioz, defizit demokratikoa konpontzen duten demokrazia parte-hartzailearen tresnen eta organoen aldeko apustuak lehentasuna izan behar du.
Igandeko emaitzak aukera bikaina dira egoera honi buelta emateko. Alternatibatik demokrazia parte-hartzailea udal guztietara zabaltzeko proposamena egin dugu, hiru oinarri aintzat hartuz: udal gobernu-organo guztiak mugimendu sozialen zein norbanakoen parte-hartzera zabaldu; alderdien monopolizazioa saihestu; aurrekontu parte-hartzaileak sustatu eta herritarren parte-hartzea bideratzeko bitartekoak sortu, auzo, sektore eta hiri kontseiluak. Organo hauek ez dute kontsultarako izaera izango soilik, bertan hartutako erabakiak lotesleak izan beharko dute erabaki estrategikoei begira. Desadostasunak izanez gero, herri galdeketetaz baliatu beharko lirateke udalak.
Neurri hauek ezartzeko bidean testuinguru zehatzari errepatu beharko zaio jakina, baita ekonomiaren, heziketaren eta sentsibilizazioaren ikuspuntuetatik beharrezko baliabideak bideratu ere. Herritarren parte-hartzerako konpromisoa ez da soilik galbidean dagoen demokraziaren osasunari eusteko egin beharreko eskaera etikoa, baizik eta borondate politiko argiaren araberakoa da eta Alternatibak konpromiso horri ekin dio bere sorreratik.
Irudia: Ciro Boro