Nazioarteko azken krisiak, finantza sistema kudeatzen dutenen etika gabeziak eta etekinak edozerren gainetik lehenesteak eragindako krisialdiak, gaurkotasunera ekarri du berriz ere kreditu merkatuak bidezkoa eta eraginkorra izateko izan behar dituen bi ezaugarriak.
Banka sektorea ia bere osotasunean publikoa izan behar dela da lehenengoa, kreditu kooperatiben esku edota irabazi asmorik gabeko erakundeen esku egon daitekeen zati txiki baten salbuespenarekin. Aski da gizateriaren gehiengo baten interesak lukurarien esku uzteari.
Horixe baita garapen sostengaezinaren aldeko apustuan egiten dutena: azpiegitura faraonikoak, arma lasterketa eta armen merkatuak finantzatzea, nuklearrak eta transgenikoak babestea, zerga eta lan politika murriztaileak ezarri… eta abar luze bat, den dena aberastasun lizunak pilatzeko asmoz. Haien gehiegikeriek muga guztiak gainditu dituztenean, diru zale hauek bankaren (eta batez ere zorraren) nazionalizazioa eskatzera heldu dira, Irlandan gertatu bezala, galerak sozializatu nahi dituzte kreditua pribatizatzeko fase berri batean murgildu aurretik.
Baina behin eta berriro egiaztatzen dugu sektorearen izaera publikoa ez dela nahikoa. Inolako kezkarik ez duen politikari leinua ohiko oligarkia finantzaria bezain harrapakaria izan daiteke. Hala ikusi izan ditugu Estatu Batuetako aurrezki kutxen hondoratzean Reagan edota Bush aita presidenteen garaietan, edo askoz gertuago Caja Castilla La Mancha erakundeko kontseilariek eginiko gehiegikeriak.
Hortik dator beharrezkoa deritzogun bigarren ezaugarria: Erabat gardena izatea eta ezarleek zuzenean aukeratutako Kontseilua sortzea, erakunde publikoek izendatutako ordezkarien menpe egongo ez dena.
Beraz, aipatutako krisiak gure aurrezki kutxen fusioa saihestezin egin duenean (ibili gabeko bide luzea utzi dugu atzean kutxen federakunde eusko-nafar horretatik, eta Nafarroako Kutxa norabide atzerakoietan dago murgilduta dagoeneko) gutxienez bezerook hautatzeko aukera izango genuela espero genuen, adierazitako bi ezaugarri horietan sakondu behar zuen erakundea aukeratzea egongo zela.
Baina ezta horrela ere, euskal kutxen gaineko legeak opakutasuna areagotzen du (“profesionaltasuna” dela diote) eta ezarleen lekuan ordezkari politikoak jartzen dituzte, herritarren kontrol oro oztopatzeko.
M22ko emaitzek agerian utzi dute hori, hiru kutxek banku bilakatzeko prozesua azkartu nahi dutela baitirudi, gutxienez bi helburu argi dituztela: Bilduk jasotako botoek, Gipuzkoan batez ere, hiru erakundeetako asanbladetan marraztuko duten mapa berria ekiditea eta, era berean, Kutxen Lege berria saihestea. Larria da herritarren botoek BBK, Kutxa eta Vitalen egungo asanbladetan duten ordezkaritza falta eta orain motorrak berotzen hasi dira hauteskundeetako emaitzek kutxen zuzendaritzetan islarik izan ez dezaten.
Joera neoliberala da nagusi. Izaera publiko indartsua duen euskal kutxa sortu beharrean, fusio hotzerako pausoak ematen dira, izaera publiko oro galdu eta banku pribatu forma hartzen ari dela. Alderdi unionistek beste alde batetik ere atera dira garaile, euskal ikur berria bilakatuko litzatekeena hiru herrialde-zaletasun ergelen batuketa izaten amaituko duelako, beren sortzaileen gozamenerako.
Beraz, haiei eta EAJko foralistei esker, gauza asko jakin gabe jarraituko dugu. Izan ere, zenbat irabazi zuten kutxek Airtel salduta? Zenbateko zergak ordaindu zituzten eta zertan inbertitu zituzten etekinak? Nork erabaki zuen komisio gutxien kobratzen zituzten erakundeak izatetik Estatuko garestienak izatera pasatzea? Nork eta nola erabakitzen du gizarte ekintza Estatuaren gabezia sozialak estaltzetik haratago joatea?
Eta bide batez, ez gaude kutxek bere jarduera eremu naturaletik kanpo neurriz hedatzearen kontra, munduan zehar bidaiatzen duten euskal herritarrei zerbitzua eskaintzeko edota gauzak egiteko bestelako moduak zabaltzeko, jasangarriak eta ohiko bankarekiko alternatiboak. Baina ez dirudi hala denik bulegoak bigarren etxebizitzen salerosketarako zabaltzen dituztenean. Are gutxiago salerosketa horiek maila handiko gaizkileekin mahaia eta bazkaria partekatzea, hirigintza basatia edota ingurumenaren aurkako bortizkeriak sustatzen dituzten udalekin aritzea eta jasangarritasun ekologikoaren irizpideak zeharo baztertzen dituzten azpiegiturak finantzatzea dakarrenean. Eta guzti hori ez dute bakarrik Malagan, Almerian edo Murtzian egiten. Kantauri itsasoko kostaldea adibide (txarrez) beterik dago.
Laburbilduz, aldaketa aurrerakoia egin beharrean krisia norabide neoliberalerako baliatzen ari dira, datozen hamar urteetan berbideratu ezin izango dena. Hauxe da fusio hotzaren proiektua.
Orain, zientzialarien artean onartuta dago fusio hotz nuklearra ez dagoela prest ingurumenari ekarriko dion kaltea justifikatzeko eta sendabide gisa erabiltzeak politiko ergel eta interesak dituzten adituen propagandari bakarrik erantzuten dio, eta espero dugu euskal gizarteak munstro hotz honen gainean antzeko ondorioetara heltzea… hamar urte pasa behar badira ere.