Doako zaintzak, batez ere amonena, baldintza prekarioetan eginiko etxeko lanarekin batera egungo zaintza ereduaren rol nagusia betetzen du menpekotasunak eragindako arduraz ari garenean. Etxeko lanak kontratatzeari dagokionez, oso lanpostu prekarioak izan dira beti, bestelako aukera profesionalik ez duten emakumeek hartutakoak, emakume etorkinak gero eta gehiago.
Gobernuak sistematikoki eta urte luzez ukatu ditu sektore honetako eskubideak, baina azken hilabetean lan baldintza hobeak lortzeari ateak ireki dizkioten gertaerak eman dira: Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) etxeko zerbitzuaz onartutako hitzarmena eta etxeko langileak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzeko erabakia.
Testu honetan egoera eta gure gizartearen jasangarritasunerako funtsezkoa den emakumezkoen lan sektore baten aldarrikapenak ulertzeko gakoak ematen dira.
Zenbat emakume ari dira etxeko langile gisa Euskal Autonomia Erkidegoan? Ezkutuko ekonomiak sektore honen hedaduraren egiazko argazki bat izatea eragozten du. Baina, Lan Ministerioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 24.318 langile dira eta euretarik 14.000 besterik ez dute Gizarte Segurantzan modu batera edo bestera kotizatzen.
Etxeko langile diren emakumeetatik, zenbat dira etorkinak? Espainiako Estatuan, etxeko lanetan beharrean diharduten emakume etorkinen kopurua izugarri igo da azken urteotan, baina datu zehatzak lortzea ez da erraza, ezkutuko ekonomia dela eta. 2011ko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 703.800 pertsonek Etxeko Jardueren arloan egiten dute lan (%91,5a emakumeak dira). Emakume hauetatik, 294.270 besterik ez dute Gizarte Segurantzako Etxeko Langileen Erregimen Berezian alta emanda (%61,3a atzerritarrak dira).
Etxeko Langileen Bizkaiko Elkartearen arabera (ELE), aurreko urtean arreta jaso zuten etxe-barneko langileen %33ak, gehien bat menpekotasun egoeran dauden adin nagusikoak zaintzen dihardutenak, paperik gabe egiten dute lan.
Zeintzuk dira etxeko langileen lan baldintzak? Etxeko langileek erregimen orokorra ez bezalakoa den Erregimen berezi bat dute Gizarte Segurantzan, milaka etxeko langile lanaren eta morrontzaren artean egotera behartzen dituena. Etxeko Langileen Gizarte Segurantzako Erregimen Bereziak, gizarteak lan honekiko duen begirune eza erakusten du, eta kritika zorrotzak jaso arren, ia ez du aldaketarik izan, 1985ean sortu zenez geroztik.
Langileengatiko diskriminazioa eta euren eskubideen urraketa oso zabalduta dago eta beste lan sektoreetan pentsaezinak lirateke: ez da derrigorrezkoa idatzizko kontratua egitea; langileak enplegu-emaile berdinarentzat 20 ordu baina gutxiago lan eginez gero bere burua altan eman behar du; lan-harremana hausteko arbitrariotasuna; kaleratzeagatik jasotzen den kalte-ordain eskasa; lanaldiaren mugagabetasuna denboraren erabilgarritasuna dela eta; soldataren ehuneko 45era arte ostatu eta mantenu gisa kentzeko aukera; langabezia eta gaixotasun profesionaleko sorospenik ez izatea; gaixotasun-baja gaixoaldiaren hogeigarren eguna baino lehen jasotzeko ezintasuna; lanerako ezintasun iragankorrak ez du kotizatzeko beharrik salbuesten. Oro har, erregimen hau, pertsona autonomoen egoeratik soldatapekoengatik baino gertuago dagoena, makina bat emakume formalitaterik gabeko lan-egoeran egotea eragiten du.
Ba al dago ezberdintasunik etxeko-lanetan diharduten emakumeen lan-baldintzen artean? Etxeko lanetan diharduten emakume guztiek ez dute ikusezintasuna modu berean jasaten. Ioé Taldearen arabera, bertako langileen %79ak erregularizatu gabe egiten du lan; etorkinen %36aren aldean. Formalitaterik ezaren adierazleak ugariagoak dira bertako emakumeengan. Hau, lan honentzat baliozkoa den erregimen bereziaren ondorioz gertatzen da, emakume askok formalitaterik eza aukeratzea eragiten duena, eskatzen diren kotizazio altuengatik eta eskubide eskasengatik, hain zuen. Emakume etorkinen kasuan, euren egoera erregularizatu behar dutenez, alta hartuta egotea nahiago izaten dute. Emakume etorkinen ehunekoak gora egiten du lan-mota kaltegarriagoa den heinean (2005an, etxeko-lanetan behar egiten zuten emakumeen %52,2a izan ziren). Era berean, azpi-sektore bakoitzean, emakume etorkinek zeregin gehiago dituzte, ordu gehiago egiten dute lan eta orduko soldata murritzagoa dute, kontuan hartuta guzti hau jatorrizko herriaren eta etniaren araberakoa dela.
Zein izan da gobernuaren jarrera, etxeko langileen egoerari dagokionez? Gobernuak onartzen du etxeko langileen erregimenak desorekak sustatzen dituela. Izan ere, gobernu sozialistak agindu zuen euren eskubideak gainontzeko langileenekin parekatuko zituztela. Baina 2007az geroztik aldaketa bi baino ez ditu egin. Soldataren ehuneko 45 ostatu eta mantenu moduan kentzeko aukera ezabatzea, hain zuzen.
Eta, bigarrena, aste honetan onartutako zuzenketa da, enplegu–emaileak etxeko langileengatik lehenengo ordutik kotizatzera behartzen dituenak. Egun, langile hauek astean 20 ordu edo gehiago egiten dituztenean bakarrik kotizatzen dute. Hilabetean, gutxienez, 72 ordu egiten baditu etxe bi edo gehiagotan, langileak bere kuotak ordaintzeko aukera dauka.
Laburbilduz, Gobernuak urrats bat atzera eta beste bat aurrera eman duela esan daiteke. Alde batetik, zeinbait hobekuntza egin ditu etxeko langileen egoera oso pixkanaka gainerako langileen baldintzekin parekatzen direla. Baina, bestetik, Gizarte Segurantzaren pentsioen sistemaren Erreformarako Legea onartu du, Gizarte Segurantzaren gastua murrizteko asmoz, Gobernuak kotizazio-oinarriak kalkulatzeko erabiltzen duen gutxieneko urte kopurua 15etik 20ra igo du. Ondorioz, sindikatuen kalkuluen arabera, pentsioak %6 murriztuko dira. Neurri honek batez ere emakumeei eragiten die, kotizazio garai laburragoak dituztenak, lan-merkatuan etengabe sartu eta irteten dabiltzalako eta lanaldi partzialeko kontratu gehiago dituztelako. Bereziki, Etxeko Lanen Erregimen Bereziaren baitan dauden langileei eragiten die, erregimen honetan dauden langileen %32,5a 16 eta 20 urte bitartean kotizatu dituztenen tartean dagoelako. Egun, 65 urtetik gorako emakume gehienak, ezin izan dutenez euren lan-bizitzan kotizatu, euren senarraren erretiro-pentsiotik edo alargun-pentsiotik bizi dira.
Neurri hauei, krisia gehitu behar zaie, zeinak lan kopurua gutxitu ez dituenak, baina lan-baldintzak okertzea eragin duena.
Zertan eragin lezake Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) itxitako etxeko zerbitzuaren hitzarmen berriak? Ekainaren 19an LANEk etxeko-lana “gutxietsia eta ikusezina” izaten jarraitzen duela onartzen duen hitzarmen historiko bat itxi zuen. LANEren arau berriek etxeko langileek gainontzekoen oinarrizko eskubide berdinak izango dituztela ezartzen dute. Tartean, “bidezko lan-ordu kopuru bat, astean behin elkarren segidako 24 orduko atsedenaldia, espezietan ordaintzeko mugak, lan-baldintzei buruzko informazio argia, eta lan arloko oinarrizko arau eta eskubideak errespetatzea, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboa barne”. Halaber, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata jasotzeko eskubidea izango dute hamalau ordainsaritan; orain arte hamahiru izan dira soilik. Azkenik, araubide berriak lanean segurtasuna eta osasuna izateko eskubidea bermatzen du eta baita baja hartzean Gizarte Segurantza izateko eskubidea ere, istripua izatekotan baja lehenengo egunetik eta gaixotasuna balitz laugarren egunetik hartu ahal izateko, hain zuzen.
Hitzarmenak, gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikoekin batera, indarrak bideratu ditzake, orain arte gobernuan egon diren alderdi guztiek sistematikoki ukatu izan dituzten langileen eskubideak babestearen alde.
Argazkia: Olmo Calvo
http://alternatiba.net/old-files/18_19_servicio_domestico_1_Olmo_Calvo.jpg