Hainbat eragile izan dira, emakumeen rolean gertatutako aldaketa funtsezkoa izanik, biztanleen erantzukizunen banaketan aurrez ezarritako eredua ezegonkortu dutenak eta lanaren berrantolaketaren beharrizana eragin dutenak. Nola banatzen da orain zaintzaren erantzukizuna? Nork edo nortzuk ari dira bere gain hartzen bizitzaren jasangarritasunaren erantzukizuna? Beharrizan hau nola asetzen den geure buruari galdetzeak, bizitzako beharrizanak bermatzeko ardura nork eta nola hartuko duen aztertzea eskatzen du. Galdera hauen erantzunek, lehengo ereduak aurkezten zituen ardatz berdinetan oinarritutako eredu berri bat azaleratzen dute; gizarte desberdintasuna eta lanen ikusezintasuna, hain zuzen ere.
Emakumeak eremu publikoan (politikoan zein lan arloan) sartu badira ere, haurrak eta menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko ardura nagusia familien baitako ordaindu gabeko lanean oinarritzen da oraindik ere. Haurtzaroari dagokionez, 3 urtetik beherakoen eta gorakoen artean ezberdindu behar da. Lehenengoentzat, zerbitzu publikoen eskaintza oso murritza da, eta ondorioz, bestelako estrategiak garatu behar izaten dira. Besteak beste, soldatapeko lana murriztea edo alde batera uztea, ia gehienetan emakumeak izanik uko egin behar dutenek. Emakumearen Institutuaren datuen arabera, 2005. urtean adin txikikoak zaintzeko eszedentzien ehuneko 95,2a emakumeek eskatu zituzten. Bestalde, pertsonak kontratatzea edo diru-sarrerak izatekotan, haurtzaindegi pribatuetara jotzea, edota senideen laguntzara jotzea dira estrategiak. 3 urtetik gorakoei dagokionez, hezkuntza sistemaren eta familien beharrizanen – ordutegiak edo oporraldiak – arteko koordinazio falta izugarria dagoela antzematen da eta horregatik bestelako estrategiak jarraitu behar izaten dira. Amak lan egiten badu, senideen laguntza – batez ere amonena – bereziki azpimarragarria da. Bere zeregina gutxitzen doa maila sozioekonomikoa hazten doan heinean, non etxeko lanetan aritzeko kontrataturiko pertsona batek garrantzi gehiago hartzen duen.
Etxe guztietan, guraso bakarrekoetan ezik, menpekotasun egoeran dauden pertsonak laguntzeko ardura ere, ordaindu gabeko lanean oinarritzen da. 65 urtetik gorakoak diren eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zainketari dagokionez, azpimarratzekoa da zaharren egoitza, ospitale edo geriatrikoetarako sarbidean oinarritzen den instituzionalizaziorik ez dagoenean, arreta etxean eman ohi dela, eta etxetik kanpoko laguntzak unean-unean ematen direla edo ordezkatze asmoa izaten dutela. Menpekotasun egoeran dauden pertsonak etxean zaintzen direnean, arreta laguntzaile sare bat duen zaintzaile nagusi baten inguruan antolatu ohi da. Zaintzaile nagusiak oso profil zehatza dauka: emakumea izan ohi da, ikasketa maila txikikoa, ezkondua, 45 eta 65 urte bitartekoa, eta ordaindu gabeko zainketa lanetan soilik jarduten duena, hau da, etxeko-andre lanetan. Generoa elementu erabakigarri gisa mantentzen da, non zainketa lanak emakumeei esleitu zaizkiela argi eta garbi ikusten den.
Zerbitzu publiko zein pribatuek beharrezkoa den zainketaren ehuneko 12 inguru besterik ez dute egiten, gainontzekoa ordaindu gabeko lanek betetzen dutelarik. Hala, egun onartzen diren eskubideak – lan merkatutik kanpo egotea, arreta soziosanitarioa, diru-laguntzak, gizarte segurantza edo ogasunaren bidezkoak – ez dira nahikoa menpekotasun egoeran izanez gero, zaindua izateko giza eskubidea badagoela baieztatzeko. Zainketa hau, hor nonbait modu eskasean betetzen da famili sarea dagoen heinean eta nahikoa emakume badago. Beraz, Estatuaren eta erakunde publikoen eginkizuna subsidiarioa da, hau da, famili-sarea ordezkatzen du berau ez dagoenean, baina badagoenean ere, ez dira elkarren osagarriak eta ez da behar bezain lagungarria, are gehiago, familiei zainketa inposatzen diete.
Horrela, gizonek etxean egiten duten lanari dagokionez zein zerbitzu publikoen zainketa beharrizanei dagokionez (Ongizate estatuaren baitako murrizketak), emakumeek jasotako erantzuna eskasa den heinean, lan merkatuan sartu behar izateak ondorio ezberdinak izaten ditu familia bakoitzaren gizarte klasearen arabera. Errenta handiak dituztenen artean, etxeko espazioaren merkantilizazioa gertatzen ari da, mota guztietako kanpo-zerbitzuak direla medio (etxerako langileak, etxeetako zerbitzuak, haurtzaindegi pribatuak, etab.); Aitzitik, baliabide eskasak dituzten eta merkatura jotzeko erosketa ahalmen nahikorik ez duten familiek etxeko lana areagotu behar izaten dute eta ondorioz, menpekotasun egoeran dagoen familia-kidearenganako arreta gutxitzen da edota familiaren estresa handitu egiten da. Horrela, zaintzaren ardura familiena izaten jarraitzen bada ere, egia da etxebizitza bakoitzaren baitan zaintzaren berrantolaketa gertatzen ari dela, merkatuan zerbitzuak erosteko ahalmenari lotutako klase osagai argi bat duena. Prozesu hau ez da kalterik gabekoa, aitzitik, desberdintasunen areagotzea ekartzen du sarritan, merkatuek soilik dirudunen eskaera beharrizanak asetzen dituztelako.
Nolanahi ere, pribatizazioa ez da merkatuek populazioaren zainketa beharrizanen asetzearen arduraren elkarbanatze prozesu baten adierazgarri. Aitzitik, enpresek etekinak lortzeko duten interesa asetzen du eta oso harreman iluna dauka emakumezkoekin zein lan baldintza eskasekin. Hala, zaintza profesionalaz dihardugunean, lan prekarioan oinarritutako emakume sektore batekin egiten dugu topo; etxeko langileak prekarietate honen adibide nagusia direlarik eta etorkinen populazioaren orderkaritza handituz doalarik.
Laburbilduz, eta Amaia Orozco ekonomilari eta feministaren hitzetan, esan genezake “herritarren beharrizanen asetzea emakume sareen inguruan antolatzen dela, zainketa batetik bestera joanarazten dutelarik, botere ardatzetan oinarrituta, merkatuaren eta nazioaren mugak gainditzen dituen kate luze batean, gizonezkoak sistematikoki kanpoan uzten dituen katea, hain zuzen ere.
Emakumeek zainketan duten arduren inguruko gogoetak indarrean dagoen egitura sozioekonomikoa eta honek bizirauteko behar dituen gizarte gatazka eta desberdintasunak zalantzan jartzera eraman gaitzake. Baina hau egitea ez da erraza, hamaika arrazoien artean, sare honetan emakumeok zein nolako funtzioa betetzen dugun eta gizartean zein leku dagokigun hausnartzea suposatzen duelako, eta azken buruan, beharbada ez litzateke erraza erantzuna onartzea.