Kutxen bat-egite prozesua geldiezina dirudi prentsan eta albistegietan hainbeste titular eta aipamen eman ostean. Halaxe saldu izan dizkigute Europan eginiko lan erreformarik atzerakoienak, pentsio sistema publikoen kontrako erasoa edo zerbitzu sozialetan emandako atzerapauso nabarmenak. Jakin badakigu krisia sortu zutenak direla bere onuradun nagusiak baina, hala ere, edozer egiteko aitzakia bilakatu da, baita finantza merkatuetan ere.
Berriz ere, errealitatea ezkutatzen digute, orain arte eta gureak ei ziren aurrezki kutxen fusiorako benetako arrazoiak argudio ilunekin estaltzen dituzte. Ez dago inolako kaudimen arazorik BBK, Kutxa eta Vitalen, inongo ikuspuntutik begiratuta ere, Europako finantza sistemaren zati baten gainean egin berri diren azterketek agerian utzi dutenez.
Benetako helburua, beraz, diru publikoa ebatsi eta merkatu pribatuetan txertatzea besterik ez da, finantza sistemaren erreskatearekin edota, are modu lotsagabeagoan, pentsioen erreformarekin. Inork ez dezala bere burua engainatzen utzi, diru publikoa eskuratzeko lapurreta da hau, banka pribatuaren emaitzak eta egoera are gehiago hobetzeko. Hondamendia eragin zuten berberak arbitro bilakatu ditu klase politikoak, haien gehiegikeriak herritarrek ordain ditzatela ebatzi duten epaileak dira.
Errealitatearekin zerikusirik ez duen egoera irudikatu digute non kutxak kutsu politiko handiegia duten erakundeak diren, kudeatzaile treberik gabekoak. Era berean, amildegi amaigabea ere deskribatu digute zeinetan nazioarteko merkatuek bankuak nahiago dituzten eraginkorragoak direlakoan. Espainiako kutxa jakin batzuen egoera txar baina puntualetik abiatuta, kutxen gaineko baldintzak gogortu dituzte eta, Kutxen Lege berriarekin, kapital pribatua bilatzera behartzen dituzte.
EAEn are gezur gehiago azaltzen zaizkigu, izan ere, kutxen aurkako eta bankarizazioaren aldeko giroan murgilduta, Akzio Sozietate (Kutxa Bank) berriaren gaineko kontrol publikoa izango dutela ziurtatu dute, baita gizarte ekintzaren gainekoa ere, betidanik gaizki ulertutako gizarte ekintza, finantza erakundeentzat zergak ordaintzeari uzteko eta, era berean, estatuak eskaini beharko lituzkeen hainbat zerbitzu ez emateko aitzakia dena.
Baina guzti hau, eta eskuzabalak izanik, erdizkako egia besterik ez da, honekin Italian 90ko hamarkadan emandakoaren antzeko bankarizazio prozesua ezkutatu nahi baitute. Hala laburtu daiteke: gizarte ekintza bere jardueratik banatzen duen finantza erakundea, gizarte ekintza fundazio bilakatuta eta, hasieran bakarrik, bankua kontrolatuko duena. Ondoren kapital pribatuaren sarrera gertatzen da eta, pixkanaka, fundazioak erabakiak hartzeko orduan duen gaitasuna murriztuz doa. Azkenean bankuaren eta fundazioaren arteko erabateko banaketa ematen da, fundazioa organo erabakitzailetik atera eta gizarte ekintza likidatzen dute.
Kontraesan handiak dituen eta dagoeneko oso mugatuta dauden finantza publikoen aurkako azken erasoaren larritasunaren aurrean, Alternatibak finantza sistema publikoa, gardena eta demokratikoa babesten du. EAEko hiru lurraldeetarako Aurrezki Kutxaren aldeko apustua da gurea, gure herriaren tamainara, enpresa egiturari eta gizartearen beharrei egokitutakoa. Bere zeregin soziala zehaztuko duen Aurrezki Kutxa berria, banka komertzialaren zereginak gaindituko dituena inbertsio produktiboak sustatuko dituen erakundea izateko, irizpide ekologiko eta sozialak jarraituta.
Finantza espekulatiboetatik at jokatuko duen kutxa nahi dugu, inbertsio militarrak, megaproiektuak eta erregai fosilak errefusatuko dituenak. Zeregin sozial jakin batzuk beteko dituen kutxa behar dugu, zaintzaren ekonomia baten lehentasunei egokitutako maileguak eta inbertsioak baimenduko dituena, kalitatezko enplegua sortzea eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka sustatuko dituena, elikadura subiranotasuna eta sektore ahulenen kontsumoa bultzatuko dituena. Lehentasun nagusi, azken batean, justizia soziala izango duena.
Eta erakunde honi forma emateko ordezkaritza portzentaje batzuk ezarri beharko lirateke , ezarleak, sindikatuak, langileak, instituzioak eta bazterketaren zein pobreziaren aurkako mugimendu sozialak aintzat hartuko lituzkeenak.
Baina makineria sasi utopiko honen ezinbesteko atala gardentasuna da, hiritarrei zabaldutako informazioan eta kontrol sozialean oinarritzen dena. Legebiltzarrak eta Diputazioek onartutako informazio sistema zeinetan, aldiro, emandako kredituen eta eginiko inbertsioen berri emango litzake eta ez bakarrik Kutxaren bilakaera orokorraren gainekoa.
Tamalez, euskal kutxen errautsetatik eraiki nahi duten bankuak ez du zerikusirik Alternatibak babestutako Euskal Kutxarekin. Eta horrela izaera nazionaleko banka publikoa izateko aukera galduko dugu, planifikatutako ekonomia nazionalerako lanabesa izango litzatekeena, atzerakoienek gaitzetsiko duen kontzeptua izanik ere, ezker kutsurik gabeko dokumentuetan ageri zaigu, Espainiako konstituzioan kasu.
Oskar Matute eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaile nazionalak