Josu Estarrona > Alternatiba Araba
Ezer berririk ez eguzkipean. Gizateriaren historian boteretsuek bi bide baino ez dituzte topatu gizartean asaldaketa giroa sortu den guztietan herria isilarazteko, dakigula; zapalduen eskaera gutxi batzuk onartuta, gutxitan, eta gehienetan aldaketarako gosea geldiaraziko duen beldurra zabalduta. Azken joera honen adibideak soberan ditugu; enperadore, errege, autokrata, kolore zein ideologia desberdinetako pseudo-demokratek, guztiek erabili izan dute beldurra uneren baten indarrean dagoen status quoari eusteko. Egia da, bai, guztien gogoan daudela gobernuek bere herritarren kontra erabilitako muturreko indarkeriaren irudiak. Bakearen izenean eginiko sarraskiak, iraultzaren osteko Frantzia, Casas Viejas, Tian´anmen… edo denboran gertuago ditugun Libia eta Siriako irudiak. Beldurra, alabaina, ez dator ezinbestez bortizkeriaren eskutik. Beldurra ezartzeko bide ezkutuagoak daude eta, krisiak bizi gaituen urteotan egiaztatzen denez, eraginkorragoak.
Beldurrezko filmen zuzendariez ariko bagina bezala, kapitalistek eta haien menpeko agintariek, gizarte osoak langabeziari dion beldurra ustiatzeko moduan asmatzen ari dira, etorkizun beltza irudikatzen digute “merkatuen” eskakizunei men egiten ez badiegu, aurpegirik ez baina zerga paradisuetan kontuak eta jabetzan futbol, saskibaloi zein petanka taldeak (denetarik dago) dituzten horiei. Haien gomendio eta antidotoekin datoz gure laguntzan. “Batez ere, ez zaitezte mugitu, ez hitz egin ozenegi, lan egin eta ez ezazue haserretu diruaren jabea. Gerrikoa estutu eta zuen eskubideei uko egin, ez baitira hauek eskubide sozialen moduko luxuetarako garaiak”. Eta argi dago, baten bati kontrakoa esateko ahotsa altxatzea bururatzen bazaio errealitate dosi batekin isilaraziko dugu, “haien” errealitatearekin.
Arestian esandako guztiaz asko dakigu hemen bizi garenok. Krisialdi honetan, azken hiru urteetan, ateak itxi dituzte inguruko dozenaka enpresek eragindako sufrimenduarekin nahikoa ez balitz, bere produkzioa deslokalizatu nahi duen beste multinazional baten albistearekin gosaldu berri dugu, ekoizpen horretatik bizi diren 150 familiekin zer gertatuko den inolaz ere erreparatu gabe. Daewoo topatu dezakegun kasurik mingarrienetakoa dugu, enpresa “eredugarri” honek lor daitezkeen laguntza publiko guztiak eskuratu dituelako, beste edozein enpresak baino lan baldintza prekarioagoak ezartzen zituen bitartean. Araban izan duen historia bere langileekin izandako gatazka etengabearena izan da; gure elkartasuna eta babesa merezi duten langileak dira. Orain, Daewook alde egitea erabaki du, atzera begiratu gabe, arabarrekiko oro har eta langileekin bereziki duen erantzukizuna onartu gabe. Baina honekin nahikoa izango ez dugulakoan, duela gutxi ikusi berri ditugu Esmaltaciones San Ignacio lantegiko langileak ateak itxita aurkitu dituztela oporretatik bueltan. Aurretik ohartarazi gabe, negoziaziorik gabe, itxitako atea besterik ez dute topatu. Herrialde honetan irekiko dituzten ate bakarrak Zaballako kartzelakoak dirudite, tamalez, gela hauetan aberatsak inoiz ez dira sartzen eta txiroak nekez atera daitezke.
Noski, giro honen aurrean, hemen bizi eta lan egiten dugun herritarrok asaldatzen has gaitezkeela ikusta, aurrea hartzen digute beldurra are gehiago zabaltzen. Hala, egunero errepikatzen digute Mercedesek bere lantegia deslokalizatzeak gure lurraldearentzat zer nolako arriskua ekar dezakeen. Komunikabideen azaletan ikus dezakegu, baita hainbat orritako gehigarrietan ere, lan itunaren negoziazioa blokatuta dagoela esaten digute. Inolako lotsarik gabe ohartarazten digute auto modelo berria Los Huetos etorbidera eramatea langileak beren eskubideak murrizten jarraitzeko prestutasunaren araberakoa dela, eta langileei “arduraz” jokatzeko eskatzen diete, zuzendaritzaren erantzukizuna ahaztuta. Langileen baldintzez eta soldatez hitz egiten digute, pribilejiodunak bailitzan, hauek egin izan dituzten ahalegin ugariak ahaztuta. Multinazionalaren balizko beharrizanen berri xehetasunez ematen digute, baina ezkutatzen ez duten interesak bultzatuta lurraldean egon diren bitartean jaso dituzten laguntzak eta opariak ahaztu egiten dituzte. Ajuria Eneatik pasa diren Lehendakari desberdinek Alemaniara eginiko bidaiak diru laguntza desberdinak “negoziatzeko”. Hain luzea omen da arabarrentzat Mercedes bezalako multinazional bat gure lurraldean egotearen onuren zerrenda ezen apirilaren 24an San Prudentzio ospatu beharrean agian egokiagoa izango litzatekeela irailaren 24an Nuestra Señora de las Mercedes ospatzea, noski, kristau onen legez hemen erein dituzten fruituen etekinekin alde egitea erabakitzen ez badute.