Iagoba Itxaso > Alternatibako militantea
Integrazioa sustatzea helburu duen Onda Euskadi elkarteak eta El Yakin komunitate islamikoak lokal bat alokatu zuten nire etxebizitzatik pare bat kaletara duela hilabete batzuk, Pablo Alzola kalean, hain zuzen ere. Haien asmoa, Udalak traba berririk jarri ezean, aurki meskita bat irekitzea da, 180 lagunentzako lekua eta kultur-etxe txiki bat izango dituena.
Auzokide talde handi batek, Pablo Alzola kaleko bi auzo-elkarteen buruzagitzapean, erabateko kontrako jarrera bizia adierazi du; ekimenaren sustatzaileei, Bilboko Udalari eta baita Basurtuko Auzo-elkarteari aurre eginez. Elkarrizketarako inolako asmorik ez dute agertu. Soilik Udalarekin jardun izan dute, eta hitz egiteko asmorik ez dutela argitzeko izan da; euren nahi bakarra meskita eraikiko ez dela ziurtatzea da, dagoeneko ateak irekitzeko falta zaion izapide bakarra egoitzaren edukieraren berrespena bada ere.
Auzokideek kaleak kartelez bete dituzte, manifestazioak deitu dituzte, hedabideen aurrean adierazpenak egin dituzte, eta Bilboko kale nagusietako batean trafikoa ere moztu izan dute ordu erdiz.
Haien karteletako batek zioen: “Inork aldatu ez gaitzan!”. Duela egun batzuk, Iker Alava kazetariak, auzotarrek aipatutako bi esaldi nabarmendu zituen El Correo egunkarian: “hona ez dira jatorri onenetarikoak etorriko” eta “gero etxeetan sartzen hasiko dira eta auzoaren balioa jaitsi egingo da”. Horrenbesteko zintzotasunak harritu ninduen. Inozoa ni, egunkari honetan aurkituko nituen komentario bakarrak komunitatean dauden berogailuen galdarek ebakuazio bat egotekotan sor litzaketen arazoei buruzkoak izango zirela uste nuen, hauxe izan baita tenpluaren aurka egiteko argumenturik ohikoena.
Ez dut sormen ariketa konplexurik egin behar auzokideren bat horrelako azalpenak ematen imajinatzeko, geroago etorriko denaren iragarpenarekin hasi ohi direnak: -ni ez naiz arrazista, baina…-. Baina nahiago dut beste nonbaitera joatea; zeren eta ni ez naiz arrazista, baina ez dut nire etxe alboan emakumeen aurkako indarkeria eta laidoa sustatzen dituen egoitza bat izan nahi; auzoa mairuz gainezka egongo da, eta hori ez da inoren gustuko; eta meskitaren erruz kaleak lapurrez eta bortxatzaileez betetzen badira, gureak egin du; zeren eta horrelako jendeak hemen inguruan etxeak erosten baditu, auzoa ghetto bat bihurtuko da; eta ni ez naiz arrazista, baina nahiago nuke bidean euren patera hondoratu izan balitz!
Arrazismoa eta xenofobia bete betean, bere saltsan egosia eta zerbitzatzeko prest.
Hori da nire auzoak eman duen irudia lazgarria. Eta esan beharra dago, Basurtun ez garela arrazistak ezta xenofoboak ere. Nola izango gara ba, hau etorkinez osatutako auzoa bada? Duela zenbait hamarkada, hemen denok maketo hutsak besterik ez ginen eta. Kontua da, batzuentzat zaila dela memoria egitea, edo are okerrago, memoria egitean, iraganeko jarrerarik autoritario eta zorrotzenak besterik gogoratu nahi ez dituztela gerta liteke, euren buruari traizio eginez.
Laikotasuna instituzioetan eta kultur askatasuna herritarrontzat, premisa hauetatik abiatzen da egungo legea eta, beste aldean, PP alderdia auzokide hauen alde azaltzen da argi eta garbi; gainera, EAJko Iñaki Azkuna eta Ricardo Barkalak argi adierazi dute ez dutela Bilbon beste meskitarik nahi eta euren esku dagoen guztia egingo dutela hala izan dadin. Udaleko eskuineko blokeak bat egin du meskitaren aurka egiteko, metodoei dagokionez oso ados egon ez arren, gehien bat EAJk ez duelako horren beharrik, euren gehiengo osoa dela eta. Dena den, dagoeneko edozein baimen eskaera berri gelditzea erabaki dute eta baita honen inguruko erregulazio bat sortzea ere. Euren hitzetan, honek ez luke kultu askatasunerako eskubidea urratuko, baina argi adierazten dute kultua jarduteko egoitzak ekiditeko balio izango duela. Laburbilduz, Alari otoitz egitekotan, EAJk zure etxean egin dezazun nahi du. Ezer berririk ez zerupean.
Udalean entzun daitekeen ahots bakarra Bildurena da, Ana Etxarteren bidez hain zuzen, kultu askatasuna zertan datzan gogorarazten duenak. Batzuek esango dute, zer pentsatu ematen duela “gorri horrek” erlijioak errespetatzea zer den irakastera etorri behar izatea. Eta hala da, zer pentsatu ematen du.