Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira Kolonizatutako emakumeak deritzon kanpaina martxan jarri du Alternatibak. Kartel honetan oinarritutako kanpaina da, Argentinako “Mujeres Publicas” talde feministak eginiko lanetik jaso duguna. Haien web orriaren bitartez halako ideiak partekatzea eskertu nahi diegu, talde feministen arteko sareak eta elkartasuna sustatzen dutelako.
Erakargarria izateaz gain, kanpainak emakumeek aurkako indarkeriaren inguruan Alternatibak duen ikuspegia primeran azaltzen duela uste dugu.
Pinta, Niña eta Santa María Colon-ek “Ameriketako aurkikuntzarako” erabili zituen ontziak izan ziren. Irudi honetan, Amerikako kolonizazioaren eta emakumeen gorputz eta bizitzen kolonizazioaren arteko alderatzen ironikoa egin nahi izan dugu. Emakumeen aurkako indarkeria, gure gorputzak konkistatzea; sexualki, ekonomikoki eta politikoki gu makurraraztea eta gure askatasuna mugatzea helburu duten estrategia patriarkal anitzen ondorioa dela islatzen da irudian.
“Santa Mariak” eliza katolikoarekin harreman zuzena dauka; sakrifizioa edo errua eragiten duten ideiek, emakumeak euren gorputzaz eta sexualitateaz ez gozatzera daramatza. Eliza katolikoak kolonizatu nahi gaitu, abortuaren aurkako kanpainen bidez, aukera sexualerako dugun askatasuna zalantzan jarriz, euren bikotekideen eskuetan hiltzen diren emakumeen egoeraren aurrean isilduz.
Neskatoak, “La Niñak”, emakumeok txikitatik jasaten ditugun indarkeria era ezberdinak azaldu nahi ditu; jasotzen dugun hezkuntzatik hasita, zeinak guretzat desiragarria zer den, zer izan behar garen eta zer izan gaitezkeen argi eta garbi mugatzen duten rol ezberdinak egozten dizkigunak.
“La Pintak”, azkenik, emakumeek jasotzen dituzten edertasun-agindu patriarkal guztiak islatzen ditu; gu guztiok morroi bihurtu eta ezinezkoa den emakume eredu batekin berdindu nahi gaituztenak, beti besteen desiraren objektu izatera eramaten gaituzte.
Emakumeen aurkako indarkeria modu ezberdinetan azaleratzen dela uste dugu Alternatiban, eta kartel honen asmoa hauetako batzuk jasotzea da; ia emakume guztiok jasan ditugunak eta helburu bera dutenak: erabakitzeko dugun askatasuna ukatzea. Indarkeriak batean eta bestean, aniztasunetik abiatuta, munduko bi bazterretako emakumeok kanpaina bera konpartitzea ahalbidetzen dutenak; zapalkuntza eta borroka berberak konpartitzen ditugu eta.
Alternatibaren ustez, indarkeria berriz definitzeko ahalegina egin behar dugu, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista egiturazkoa dela aitortu beharko da horretarako. Indarkeria horren sustraiak gizonezkoen emakumeen gaineko ukazioa, esplotazioa eta dominazioa nagusi izan den gizartean daudela aitortu beharra dago.
Indarkeriaren ikuspegia zabaldu behar dugu, non ematen den eta emakumeen papera zer nolakoa den aztertuta. Indarkeria pairatzen duten emakumeei biktimaren papera besterik ez zaie uzten eta hori ere aldatu beharra dago. Errealitate konplexu honen aurrean, emakumeen jabekuntzan oinarritutako erantzun osoak bilatu behar ditugu, gizon eta emakumeen arteko harremanetan benetako aldaketa eragingo dituztenak, antolaketa sozialean aldaketak eragingo dituztenak beraz.
Guzti horregatik, erakunde publikoak emakume guztien eskubide guztien bermatzaile izan behar direla uste du Alternatibak eta horregatik exijitzen diegu:
-
Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasunezko konpromiso politikoa izan dadila, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarrita.
-
Berdintasun politika eraldatzaileak gainerako politiko publikoekin koordinatuta: (gizarte zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza eta segurtasuna)
-
Mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin bitartekaritza politikorako zubiak eraikitzea.
-
Indarkeria matxistaren arloan sentsibilizazioan eta prebentzioan lan egitea.
-
Testuinguruari egokitu daitezkeen politika malguak egitea, indarkeria matxista mota guztiei eta emakume talde guztiei (etorkinak, gazteak, drogomenpekotasunak dituztenak, etab.)
-
Emakume guztiek erabili ahal dituzten zerbitzu eta baliabideak eskaintzea, nonahi bizi arren, landa eremuetan bizi direnei arreta berezia eskainita.
Horregatik azaroaren 25ean, beste behin ere, mugimendu feministek deitutako jarduera eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diogu gizarteari, kalera ateratzeko eguna baita, emakume guztiak libre izan arte borrokan jarraituko dugula ozen esateko eguna. Indarkeria mota guztietatik libre izan arte: Gure gorputzen, gure buruen eta gure ahotsen kolonizaziotik libre.
Azaroak 25 ostiralerako deitutako mobilizazioak Hegoaldeko hiriburuetan:
BILBO: 20:00etan Arriaga plazan.
GASTEIZ: 20:30etan Andra Mari Zuriaren plazan.
DONOSTIA: 19:00etan Bulebarrean
IRUÑEA: 20:00 Gaztelu enparantzan