Ane Larrinaga eta Mila Amurrio > EHUko irakasleak (Berria egunkarian argitaratua)
Hauteskunde kanpainako burrunba apaldu da dagoeneko. Hautestontzietako emaitzek lehen orduetan harrotutako hautsak ere baretu dira, apurka-apurka. Orain politika egiteko garaia dela entzun dugu han eta hemen. Eta hauteskunde aurreko ikuskizunek edo hauteskunde osteko zenbatze-lanek gogoak lausotzen ez dituzten une honetan bestelako hausnarketa batzuk egiteko tenorea iritsi dela uste dugu.
Arrazoi desberdinengatik bada ere, Espainiako Parlamenturako azken hauteskundeak aldaketaren lelopean aurkeztu dira, bai Espainiako bai Hego Euskal Herriko iritzi publikoaren aurrean, eta, iragarri bezala, gauzatu egin da aldaketa hori. Izan ere, Espainian, krisi ekonomikoaren kudeaketa dela medio, alderdi popularrak alderdi sozialistaren tokia hartu du estatuko gobernuan. Euskal Herrian, berriz, ETAren jarduna amaituta, alderdien arteko berebiziko indar-berrantolaketa gertatu da, bereziki esparru abertzalean. Sakoneko aldaketak dira, zalantzarik ez, ziklo politiko jakinak itxi eta beste batzuk irekitzen dituztenak. Baina, fokua aldatuz gero, eta hauteskundeei lotutako beste alderdi batzuk argiztatuz, ohar gaitezke aldaketa horien ondoan badaudela iraun irauten duten inertziak gure esparru politiko honetan. Egiturazko erresistentziak adierazten dituztenak edozein aldaketaren aurrean. Indar politikoen dinamikan barne-barneraturik dauden sakoneko jarraibide, eredu eta arauak erakusten dituztenak. Gotorleku modura agertzen zaizkigunak, irmo, zurrun, iragazkaitz. Generoaren auziaz ari gara, jakina.
Zenbakiak beti izaten dira hotzak. Baina baita adierazgarriak ere beren biluztasunean. Hona hemen batzuk. Espainiako Kongresuan ez da aurreko legealdian baino emakumezko diputatu gehiago egongo: 124 emakume hautatu ziren 2008ko hauteskundeetan eta 124 emakume eseriko dira oraingo Parlamentuko aulkietan. Ez dira, hartara, parlamentarien %36ra ailegatzen. Horien ondoan, gizonezkoek ia bikoiztu egiten dute kopuru hori: 226 dira guztira. Kontuan hartuta, 2004ko hauteskundeetan ere 225 emakume diputatu zeudela, datu horiek adierazten dute, besteak beste, indarrean dagoen Berdintasunaren Legeak ez duela ez 2008ko ezta 2011ko hauteskundeetan ere emakumeen ordezkaritza handitzea lortu estatuan. Ordezkaritza horrek bere horretan jarraitzen du urteek aurrera egin ahala. Argi dago, bada, legeak parekotasuna agindu arren alderdi politikoek gizonezkoen esku uzten dituztela zerrendaburu-tokiak. Eta praktika hori modu nabarmenean ez ezik, modu erabatekoan betetzen da, inon idatzi barik dagoen lege bati erantzunez. Hala, 124 emakumezko diputatu horietatik, 39 besterik ez dira hautagai-zerrenden buru izan.
Norbaitek pentsa lezake gauza horiek Espainiako kontuak direla eta gure kultura politikoa bestelakoa dela. Haatik, Hego Euskal Herriko datuek egoera are larriagoa irudikatzen digute. Lau lurraldeetan aurkezturiko lau indar politiko nagusietatik (Amaiur, EAJ, PSE eta PP) lurralde bakar batean (Gipuzkoan) aurkeztu dituzte horietako bik emakumeak zerrendaburu gisa: EAJk eta Amaiurrek, hurrenez hurren. Gaur egungo Euskal Herriko 23 diputatuetatik 3 baino ez dira emakumezkoak (ordezkaritzaren %13), horietako bat Geroa Baiko ordezkaria. Bestalde, PPk eta PSEk ez dute emakume bat ere beraien diputatuen artean. EAJk bost diputatutatik bat dauka (%20) eta Amaiurrek zazpitik bat (%14,3). Ikusten denez, genero bazterketa ahalbidetzen duen idatzi gabeko arau horrek ezker/eskuin nahiz espainiar konstituzionalista/euskal nazionalista ohiko banaketa-ardatzak barnean hartzen dituen zeharkako ildo bat marrazten du, eta esparru ideologiko osora zabaltzen du defizit demokratikoa.
Emakumeek elite politikoetara heltzeko daukaten zailtasunaren berri adierazten diguten datu horiek, dena den, iceberg baten ageriko muturra direlakoan gaude. Izozmendiaren ezkutuko errealitatea gure ingurune sozialean emakumeen menderakuntza birsortzen duen ordena sinbolikoarekin lotuta dago. Ordena horren arabera, esparru publikoa eta pribatua marra zehatz batez banaturik agertzen zaizkigu gaur egun, oraindino, emakume eta gizonentzat. Ildo horretatik, emakumeak politikagintzan eta, oro har, esparru publikoko jardun-guneetan integratzen direnean, gizonezkoek ezarritako eredu kultural eta praktiketan aritu beharra daukate, haiek diseinatutako espazio- eta denbora-koordenatuetan. Ikerketek behin eta berriro erakusten digute, esaterako, nolako gain lana egin behar duten emakumeek gaur egungo politikan indarrean dagoen denboraren eraketara egokitzeko. Izan ere, politikagintzan nagusi den denboraren kudeaketa-eredua guztiz androzentrikoa da: denbora hori arautu barik dagoenez, ia erabateko dedikazioa eskatzen du eta ez dator bat emakume gehienek bizi duten familia eraketarekin. Hala, emakumeen ibilbide politikoa, bai oinarrizko politikagintza arruntean, bai kargu politikoen jardunean, gizonezkoena baino laburragoa eta zatituagoa dela ikusten dugu, eta, ondorioz, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere sarriago uzten dutela bertan behera jarduera politikoa. Horregatik, politikagintzan aurrera egiten duten emakumeek, gizonezkoek ez bezala, familia bizitzari eta bizitza pribatuko beste atal batzuei uko eginez hartzen dute bide hori. Jarraitzen dutenek, gain-selekzioak ezaugarritutako egoera batean jarraitzen dute, zalantzarik gabe. Nolanahi ere, etxe eta familia-esparruetan dauzkaten ardurak (askotan ez-partekatuak) direla medio, zailtasunak izaten dituzte lidergo finkoak lantzeko, botere erabakietan ezinbestekoak diren harreman-sare ez-formaletan sartzeko, bilera formalen ostean jatetxe eta tabernetan sortzen diren gizonen arteko konplizitate-giroetan parte hartzeko, hitz batean, politikagintzan iraunkortasuna, igoera eta arrakasta bermatzen dituen harremanezko kapital eraginkorra jorratzeko.
Emakumeok ezagutzen ditugu aipaturiko datuen zergatiak. Badakigu egoera aldatzeko eta benetako parekotasuna lortzeko politikagintzan zein gainerako jardun publikoetan gizonezkoek ezarritako eredu kulturalak eta praktikak gainditu behar direla. Bistan da egiturazko aldaketa bat aldarrikatzen ari garela, eta, bide horretan, gizonen ahotsak eta egintzak entzun eta ikusi nahi ditugula. Aldaketa denona eta denon artekoa izan dadin.