Africa Jimenez, Maria Palacios, Soko Sanchez, Arantxa Arrieta. STEE-EILAS
Beste behin ere Olentzerori eta hiru Erregeei eskutitza idazteko tenorea ailegatu da, eta behin eskatzen hasita, STEE-EILASen irudimena, irizpidea eta borondatea eskatu nahi ditugu Eguberrietako eromenetik aldentzeko, eta horrela modu kritikoan jokatu jostailu eta jolasak erosteko unean, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna iraunarazten duen sexismoa baztertuz.
Gizarte patriarkalean bizi gara, eta balio maskulinoak nagusiagoak dira balio femeninoak baino, eta benetako berdintasuna erdiesteko, bide luzea egin beharra dago. Baina etengabe aldatzen ari den gizartea da, eta publizitate eragile gehienek ez dute ikusi nahi; jostailuen publizitate kanpainetan esteriotipoz beteriko irudia islatzen dute, eta ematen dituzten gizon eta emakumeen rolak guztiz zaharkiturik daude.
Ez dago jaiotzez ustezko rol maskulino edo femenino hartzera bultzatzen gaituen instinturik jokoaren munduan; aitzitik, inguru hurbilak eragindako ikasprozesua da, eta ikasprozesu hori ekintza ludikoez helduok egiten dugun erabilera sexistaren ondorioa da. Hortaz, helburua ez da mutikoek panpinak hartzea eta neskek autoak, derrigorrean; helburua ohiko dualitatea baztertzea da: «hau neskena da», «hau mutikoena da», eta horrela, neskek zein mutilek jostailu hori erabiltzeko aukera baztertu.
Azken urteotan bideo jokoek benetako jostailuek baino arrakasta handiagoa hartu dute. Kasu gehienetan, eredu sexistak islatzen dituzte, bai emakumearen irudian, bai tradizionalki gizonarekin edo emakumearekin erlazionaturik izan diren rolak erakutsiz. Lehenengoak indarra, boterea eta ausardiarekin izan dira erlazionatuak, eta goraipatuak balio positibo gisa. Balio femeninoak, berriz, ahultasun, beldur, konformismo eta mendekotasunarekin erlazionaturik agertzen dira.
Jokoek, bideo jokoek, haur eta gazte literaturak norbanakoaren identitatea sortzen laguntzen dute, bai eta inguru sozialean integrazioa ere. Horien bitartez, etorkizuneko gizartea definituko duten ideologia eta balioak transmititzen ditugu. Eta horretan datza gure parte hartze aktiboaren garrantzia komunikabideek duten eraginaren aurrean.
Amak, aitak, aitatxiak, amatxiak, izebak, osabak… etxera eramaten ditugun jostailu,joko eta literaturaren erantzuleak gara. Ez dago gure esku komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea, baina bai kritiko jokatzea haien aurrean, sexismoa salatuz, eta, haur eta gazteekiko jokaeretan eta erabakietan eraginik izan ez dezaten saiatuz.
Jostailu, bideo joko eta literatura hautatzerakoan, kontuan hartu beharrekoa: 1. Haurraren adinarendako eta interesetarako egokia izatea. 2. Nortasunaren hainbat alderdi garatzeko egokitasuna. 3. Laguntasuna eta elkarrekiko harremana bultzatzeko aukera ematea. 4. Jokabide solidarioa bultzatu eta jokabide sexista edota belikoa baztertzea. 5. Dibertigarriak izatea eta parte hartzea bultzatzea. 6. Elkartasun balioak agertzea, ezberdintasunak aberastasun pareko ikustea, gizatasuna, hausnarketa, espiritu kritikoa… Eta ondoko balioak baztertzea: sexismoa, lehiakortasuna, garaipena, bortizkeria, arrazakeria, eta abar. 7. Ipuinetako protagonistak emakumeak izatea. Era berean, estereotiporik gabeko irudi eta edukiak izatea.
Gure erabakien bidez jokoek eta jostailuek aurrera begiratzea ahalbidetu eta sustatuko dugu, eta horrela neskek zein mutilek erabiltzeko aukera izanen dute, eta bultzatzen duten balioek eragina izanen dute berdintasuneko etorkizunean.