Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan.
Alternatibako Feminismo Mahaitik Bilgune Feminista zoriondu nahi dugu bere hamargarren urteurrena dela eta. Euskal Herri feminista baten alde urteetan borrokatzeagatik zoriontzen dugu; emakumeen egoera hobetzeko aldarrikapen isolatuen batuketa soilaren ordez, borroka feminista gizarte eredu berri bat eraikitzeko beharrezko tresna moduan ulertzeagatik zoriontzen dugu. Gizarte eraldaketa, feminista izango da edo ez da izango; mugimendu feministak egindako aldarrikapen honi esker ulertu denez, ezin daitezke borrokaren dimentsioak hierarkizatu eta jarraitu beharreko bidea emantzipaziorantz doa, patriarkatuak eta kapitalismoak eraikitako binomio banaezinak egun inposatzen dizkigun jazarpen era ezberdinei aurre eginez.
Azken finean, patriarkatuarekin ez dago iraultzarik, ezta kapitalismoarekin genero berdintasunik; eredu produktibistekin ez dago iraultzarik, ezta ekologia jasangarritasunik ere, indarrean dagoen ereduaren oinarriak aldatu gabe; kultura eta nazio uniformetasunarekin edo klase antagonikoekin ez dago iraultzarik, ezta nazio eraikuntzarik, internazionalismorik gabe.
Zentzu honetan, asko pozten gaitu Bilgunek antolatutako topaketan parte hartzeak, eta bereziki aberasgarria deritzogu elkarrekin aurkitu eta feminismotik eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozial berri horren inguruan eztabaidatzeari. Gure ustez, sistemaren krisi honetan berebizikoa da behin eta berriz azpimarratzea eredu berri honek zaintzaren ekonomia kontuan hartu beharko duela, ekonomia jardueran funtsezkoa den heinean. Era berean, gizarte ikuspuntu batetik, gizon eta emakumeen arteko kontratu sozial berri bat adostu behar da, arduren elkarbanatzean oinarritutakoa eta ez gizonen laguntzaile diren emakumeen jardueran. Bilgunek luzatutako gonbidapenari esker, Alternatibako Feminismo Mahaitik ekonomia eta lan ardatzen inguruan egiten ari garen lana sendotzeko gogoetak partekatzeko eta zabaltzeko aukera izango dugu.
Gainera, Bilgunerekin beharrizan bat konpartitzen dugu: leku ezberdinetatik patriarkatuaren amaiera dominazio era guztien amaierari lotuta egon behar dela ulertzen dugun emakume feministon artean aliantzen eraikuntzaren bidez subjektu politiko feminista indartzeko beharrizana, hain zuzen. Anitza izan behar duen subjektu politiko ezkertiarraren barruan artikulatutako subjektu feminista indartsu bat eraikitzen jarraitzea berebizikoa dela uste dugu: emakume feministekin batera langile klasea eraikiz, ekonomia feministaren, nekazarien eta mugimendu ekologistaren ikuspuntutik ulertuta.
Topaketa hauen antolaketak eta Bilgunek espazio ezberdinetan lan egiten dugun emakume feministoi luzatu digun gonbidapen zabalak, baita militantzia politiko mistoko espazioetakoei egindakoa, aldarrikatzen ditugun indarren batuketa praktikan jartzeko aukera eskaintzen digula uste dugu. Emakume feministon eta bereziki mugimendu feministako emakume feministen artean aliantzak eraikitzen jarraitzea berebiziko estrategia bat da Alternatibako emakume feministon ustez. Agendak konpartitzen eta borroka komunak artikulatzen jarraitu nahi dugu eta horregatik beste emakume feminista askorekin batera eztabaida eta gogoetarako espazioak konpartitzea espero dugu. Martxoaren 2an 3an eta 4an Leitzan ikusiko garelakoan.
Zorionak Bilgune! Urte askotarako!