Amaia Agirresarobe eta Oskar Matute – Alternatibako bozeramaileak
1886ko Maiatzaren lehenean, 200.000 langilek greba hasi zuten 8 orduko lanaldia eskatzeko. Handik urtebetera, zortzi anarkista zigortu zituzten frogarik gabeko epaiketa batean. Haietako batek, Spies-ek, urkatua izan baino lehen, honakoa oihukatu zuen: “itzaliko duzuen ahotsa, nik orain adierazi ahal ditudan hitzak baino boteretsuagoa izango da etorkizunean”.
126 urte geroago, langileen ahots boteretsu hura entzuten jarraituko da maiatzaren lehenean, inoiz baino ozenago, sistemaren erruz pairatzen dugun krisiaren larritasuna dela eta. Hala, helburua ez da soilik 8 orduko lan eguna lortzea – arlo askotan oraindik ere utopikoa dena eta sektore publikoan erabateko atzerakadan dagoena-, baizik eta pairatzen ditugun eraso anitzei aurre egitea: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata bere horretan mantentzea, emakume langileei eta bereziki etxeko langileei zuzenean eragiten diena; pentsio errealen murrizketa, baxuenei bereziki kalte egiten diena – berriz ere, emakumeei bereziki kalte egiten die-; gastu publikoari emandako zartada, baita orain arte ukiezinak ziruditen osasun eta hezkuntza arloetan ere, bitartean etorkizunerako pribatizazioari hainbat arloetan ateak irekitzen zaizkielarik: unibertsitatean, gizarte segurantzan, kostaldeko eraikuntzetan edota ur-horniketan, besteak beste; etorkizunean Menpekotasunaren Legean egingo diren murrizketa larriak; emakumeei euren gorputzen gainean erabakitzeko eskubideen urraketa berri bat; soilik hura ordaintzeko ahalmena duena defendatzen duen justizia praktikatzea; eta lan erreforma berri baten aplikazioa, kaleratze librea ezartzen duena eta langileen baldintzak negoziatu ahal ez izateko, euren ordezkarien eskuak lotzen dituena, eta enpresariei lan baldintzak nahi bezala moldatzeko ahalmena ematen diena.
Neurri guzti hauek dira maiatzaren lehenean salatu nahi ditugunak. Eta bereziki adierazi nahi dugu nortzuk izan diren bidegabekeria honen sortzaileak. 1886an bezala, boterean daudenen jokabidea zuzentzen duen logika berdintsua da: kosta ahala kosta kapitalaren biderkatzea gehiengo sozialen ongizatearen gainetik lehenestea. Berdintsua da, bai, baina ondorioak are larriagoak dira oraingoan, hain handia delako pilatzen duten boterea, ezen demokrazia eta herriaren burujabetza anekdota hutsean gelditzen direla.
Horrela, finantza sistemaren eztanda eragin zuten bankuek, guztion diruarekin erreskatatuak izan ostean, irabazi espazioak lapurtuz, publikoa den guztiaren aurkako eraso berri bat egiten dute, ondoratzen ari den sistema bat sostengatzeko asmoz; ekonomia produktiboaren kapitalistak inbertsioa, enplegua eta kontsumoa berreskuratzen saiatzen dira, ongizatearen estatuaren urrezko urteak inoiz itzuliko ez direla pentsatu gabe, eta ekologiaren, ingurumenaren, herritarren eta giza biderkatzearen krisiarentzat ez dagoela erabateko konponbiderik ulertu gabe; sistemaren aldeko klase politikoak, lobby, transnazional, banku zentral, NDF, MMA, Europako Batzorde, eta abarreko erakunde diktatorial eta teknokratikoek hamarkadetan egindako lapurreta demokratikoa ahalbidetu eta sustatu duenak, orain ezin du demokrazia erreal, zuzen eta parte hartzaile batera eramango gaitzakeen neurri ausartik hartu. Guztiak, egun indarrean dagoen sistema defendatzeagatik, egoeraren errudunak dira, eta irabazien eta desberdintasunaren sistema baztertzaile hau babestuz, gure bizitzen biderkatze ahalmenaren deuseztapenera eraman nahi gaituzte.
Ezin dugu onartu; edo haien kapitalaren biderkatzea edo gure bizitzarena. Kapitalaren jarioaren menpe bizi, edo ekonomia errotik eraldatu hobeto bizi ahal izateko. Horregatik, beharrezkoa da maiatzaren lehena langile guztien aldarrikapen jaia bihurtzea, eredu sozial berri baten alde, zibilizazio berri baten defentsan. Langileria, enplegu bat dutenekin batera, lan asko egin, baina ezer irabazten ez duten pertsonek osatzen dutelako; langileek osatzen dute, baina baita baserritarrek ere, baldintza beretan; feministek eta ekologistek osatzen dute, soilik ikuspuntu hauek bermatzen dutelako bizitzaren jasangarritasunaren nahia ase egingo duen erantzun erreal eta eraginkor bat. Soilik borroka guzti hauek agenda komun batean jasota, aurre egin ahal izango diogu egoera larri honi.
Maila guztietan gauzatutako eraso guzti hauek, erantzuna behar dute, proportzionala eta artikulatua. Pertsonak, borrokak eta ametsak artikulatuko dituena, guztiak barneratuko dituen agenda antikapitalista, feminista, ekologista, subiranista, eta antiarrazista batekin. Alternatibatik berriz ere, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, Euskal Herriko ezkerren bateratze baten alde egiten dugu -alderdiena, sindikatuena, gizarte mugimenduena- borroka eta konfrontazio logika baten barnean. Inor ezin da alde batera gelditu sistema honi buelta emateko, hauxe da Alternatibak maiatzaren lehenean azpimarratu nahi duen mezua. Ezin ditugu borroka batzuk besteen aurretik jarri, guztiak bizitza defendatzeko beharrezkoak baitira. Mundu guztiak barneratu ditzakeen mundu bat nahi dugu.
Horregatik, kapitalari aurre egiteko, berebizikoa da eragileen arteko batasuna sendotzea, gaurtik bertatik bizitzaren jasangarritasuna bermatuko duen alternatiba sozialista bateranzko trantsizioaren alde lan eginez. Batasuna bai, aniztasunean. Beharrezkoa da, premiazkoa da.
Maiatzen lehen barneratzaile, borrokalari eta antisistema baten alde. Gora Maiatzaren Lehena! Gora Euskal langileria!