Luis María Salgado – Alternatiba Arabako bozeramailea
Artikulu honen izenburuak norbait harritzen badu, eskertu dezala ez Euskal Herrian, ezta Espainiako Erresuman, ezta Europa osoan ere, Erriflearen Elkarte Nazionalik ez egotea, izenburuarena baita haiek gehien darabilten argudioa armak edukitzeko eskubidearen alde. Armek euren kabuz ezin dutela inor hil baieztatzen dute. Izan ere, ez dago munduan inor hiltzeagatik arma zigortuko duen Kode Penalik. Baina jakin badakigu, armak edukitzea legezkoa den herrietan askoz hilketa gehiago gertatzen direla armen jabetza zorrozki arautzen duten Estatuetan baino.
Egia esan eta aurreko guztia laburbilduz, arma bat eskura izan gabe, askoz zailagoa da albokoa erailtzea. Antzeko zerbait esan genezake lan arloari dagokionez. Azken Lan Erreformak, bai aurreko Zapateroren Gobernuak zein Mariano Jaun Txit Agurgarri desagertuak egindakoak, kaleratzeak merkatu eta erraztean oinarrituta daude. Nola ez, arduragabekeria honen jagoleek behin eta berriro zioten, oraindik dioten bezala, beraien erreformek ez dutela langabezia areagotuko. Eta ez daude oker; katua sakatuko duen hiltzaile bat behar da, paperak berez ez baitu inor kaleratzen.
Araban ikaraz ikusten dugu nola hainbat enpresek PPren azken erreforma literalki ezartzen duten. Hauen artean ospetsuena Celsa Atlantic (Laminaciones Arregi) izan da, dudarik gabe; baina ez da bakarra izan, ezta azkena ere. 349 adibide, 349 zauri.
Igandean, Arabako Batzar Nagusiek, Celsa Atlantic-eko langileekin elkartasuna erakusteko eta Raxoiren Gobernuari Lan Erreforma berehala bertan behera uzteko eskatzeko mozioaren inguruan eztabaidatu zuten. Bilkura horretan, yankien Erriflearen Elkarte Nazionalak bezala, popularrek baieztatuko zuten 349 familia horien egoeraren erruduna ez dela Lan Erreforma. Eta argazkian ondo ateratzeko, azken hiltzaileari errua leporatu zioten, enpresari zein langileei erantzuleak izatea eskatu zien, negoziatzera eseri daitezen. Baina posible al da negoziatzea norbaitek arma bat buruan jartzen dizunean? Negoziazioa bi aldeen indar orekan oinarritu beharko litzake eta, kasu honetan, bietako batek arma bat dauka eskuan.
Horregatik berebizikoa da arabarrek jakin dezatela enpresari-hiltzaileak katua sakatzen duen arren, ondorioak bestelakoak izango litzatekeela bere eskuetan arma jarri duen horren laguntzarik gabe. Alderdi Popularra egoera honen erantzule zuzena da, baita datozen hilabeteotan zorigaitzez etorriko direnenak ere. Oraintxe bertan Araban 20 Kaleratze Espediente baino gehiago daude mahai gainean, 25.000 langabe baino gehiago, gure bizilagunak, gure kideak, eta ez dirudi politika hauen jarraipena errazteak, Raxoiren azken erreformak suntsipen handiko armekin gauzatutako eraso neoliberal bortitz honen zehar kalteak murriztuko dituenik.