Oier Espilla – Alternatibako Mahai Ekologista
Ekainaren 5ean ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu dugu. Ingurumenak beste gai garrantzitsuekin zer du komunean? Urtean egun bat aukeratzen dela bere arazo eta soluzioak are gehiago gizarteratzeko, eta oso zaila egiten zaigula iritzi artikulu bat idazten dugunontzat urte osoan konponbide bila dihardutenen lana plazaratzea.
Behin eta berriz entzun dugu adituen ahotik ingurumenak gure inguruko arlo askotan duela isla. Egunero agertzen dira hamaika erabaki non gure erabaki xumeak nolabaiteko eragina izango duten, gure ingurumenean eta guk osatzen dugun gizartean; eta gure ingurumena entzuten dugunean gure herri eta hiriek ere horren parte dira, gure kale eta zaratek ere ekosistema partikular bat garatzen baitute.
Ingurumena ere gizakion krisiaren biktima da, finantza sistemak baino lehenago pairatu behar izan zituen sistemaren ankerkeriak. Gizateriaren berekoitasunak munduko makina bat baso ustiatu ditu eta orain baso horiek arnasestuka dabiltza, jatorri fosileko energi iturrien agorpenaz eztabaidatzen den unean, oraindik ere alderdi eta sektore batzuk horren apustu egiten dute, nahiz eta itxura aldetik apaindu duten modernitatearen izenean (fracking-a dugu horren eredu), gure bizimoduaren erritmo aldaketaren planteamendua oraindik errotik aztertu gabe, zaborren kudeaketaren aurrean hausnarketa eta eztabaida kaleratu da zorionez, guk gure eginkizunekin dauzkagun betebeharrak herritarroi ezarriz, eta inoiz ahaztu gabe produktu baten zikloa ahalik eta luzeena eta itxiena egin behar dugula.
Ingurumena ez da izaki arrotz bat. Munduko lehen maizterra da, eta lehen esan bezala, zuzenean jasan ditu gaur egun indarrean dagoen sistema kapitalistaren ondorioak. Adibidez josi genezake artikulu hau, baina aipatzekotan egun hauetan pil-pilean dagoen gai bat aterako dugu nabarmentzera: uraren pribatizazioa. Madrilgo autonomi erkidegoan izen abizenak ditu gaitz honek. Canal de Isabel II. Madrileko metropolian uraren ziklo osoaz arduratzen den entitate publikoa dugu berau; publikoa orain dela gutxira arte behintzat. Ez gaituzte harritzen han agintzen ari direnen asmoek. Ura bezain funtsezkoa den beste arlo bat ere pribatizatzen hasi ziren (osasuna hain justu), ospitale pribatuak areagotuz, norberaren osasuna ere norberak duenaren menpe jarrita, zure baliabideen arabera eginez zure etorkizunik gertuena. Honen harira doa, hain justu, uraren pribatizazioa. Ura osasuna baita. Eta bere pribatizazioak aurrera eginez gero, kudeatzaile urri eta interesatu batzuen esku egongo da, espekulazioari atea irekiz eta guztiaren gainetik irabaziak izango dituen entitateen esku. Eta holako kasuen eragina ikusi izan dugu Hegoamerika hegoaldeko hainbat estatuetan. Baina beti existitu da kapitalismoaren aurrean alternatiba. 2010etik dator Canal de Isabel II.a pribatizatzearen ideia, eta geroztik herri mugimenduek gogoz erakutsi dute euren oposizio garbia.
Ikusten dugun moduan, interes pribatuen eskutik datorrenari aurka egiteko prest dago jendea. Beraz, etsipenak ez gaitzala geldiarazi. Madrilen antzera, munduan zehar barreiatuz ingurumenaren eta osasunaren defentsan ugari dira herriak. Aipagarria da herri eta komunitate indigenen borroka. Enpresa eta askotan gobernu indartsuei egin behar izan diete aurre. Lurrarekin, ingurumenarekin, lotura zuzena agertu dute urte luzeetan, “lehen” munduko biztanleoi erakutsiz nola posible den ekoizpena-lurra orekarekiko errespetuaren konbinazioa, eta haratago joanez, interes kolektiboei dagokionez autogestioa izan dute ardatz, kooperatibismoaren oinarriak eurek ezarri dizkigute. Merkatuek amesten duten hitz magikoa, efizientzia, eurek lortu dute euren antolaketaren bitartez. Monolaborantzatik alde eginez, produkzio mugatua eta naturaren (eta ez merkatuaren) erritmoei jarraituz (sasoian sasoiko produktuak, lur mota bakoitzari norbera egokituz eta ez alderantziz, komunean jarri bakoitzaren soberakinak eta merkatu justu bat eraiki). Azkenean, holako kasuak ikusiz, gure buruari herri zibilizatua nor den galdetzea ez gaitu harritzen. Bien bitartean, gure momentuko bizitza ikusita, gauzak hobetzearren bidera genitzake indarrak, garraio publikoa bultzatuz (bide gorriak herri-hirietan, eskualdeetan autobusa bultzatuz kotxearen papera alboratuz), sasoiko produktu ekologikoak janez, urari eta zaborrei ahalik eta ziklo zarratuena burutuz, kontsumoa murriztuz beti ere.
Azken finean, ez gaude betirako mundu finitu honetan, utz diezaiegun gure ondorengoei, behintzat, tekleatzen dugun momentu berean aurki ditzakegun baliabide natural guztiak. Gure konpromisoa baita.