Ana Etxarte eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Feminista
Alderdi Popularraren gobernuak Espainiako Erresumara dakarren olatu neoliberal eta ultrakontserbadoreak, langile klasearen eskubideak zuzenean erasotzen ditu, bortizki eta gupidarik gabe. Baina badute emakumeen eskubideak bereziki erasotzeko beste arma bat, krudela, harroputza eta autoritarioa dena, paternalismo patriarkal eta eliztarraz betea. Nola ez, abortuaz ari gara. Edo bestela esanda, emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubideaz. Ziurtzat jotzen dugun eskubidea bada ere, gure klase politikoari esker, indarrean dagoen gobernuaren arabera agertu eta desagertu egiten den aukera bat dela dirudi. Eta bai, urteak igaro dira eta bere horretan jarraitzen dugu, pankartak berreskuratzen, geroz eta ozenago garrasi eginez, eta eskubideak erosteko ahalmenaren araberakoak izango direla aurreikusiz (behar bezalako abortu bat ordaintzeko gai ez bazara, hemen edo Londresen, zureak egin du) eta berriz ere, jakin badakigu gure eskubide eta eskakizunak bigarren mailakoak direla eta gutako bakoitzaren gorputzaren, sexualitatearen eta izan nahi dugun haur kopuruaren gainean erabakitzeko ahalmen burujabea mugatzen digutela; dirudienez, ez dute bestelako eskubide eta burujabetza mota batzuek duten bezalako arreta merezi. Hau “emakumeen kontua” besterik ez da.
Alderdi politiko, gizarte erakunde eta sindikatuei galdetu nahi diegu: zer gertatzen da?, zer ari zarete egiten gure oinarrizko eskubideak lotsagabekeriaz zapaltzen dituzten bitartean? Ez al dugu ikusten estatuak eta eliza katoliko apostoliko erromatar sakro-santuak, gure autonomia eta erabakitzeko askatasunaren aurka eragindako eraso honek, langile klaseak pairatzen dituen murrizketa bortitzekin duen harremana?, ez al duzue ulertzen langile klasearen eskubideen murrizketak eta emakumeen menpekotasuna eskutik datozela? Nola ez, murrizketei kalean aurre egiteko larrialdiarekin eta beharrarekin bat gatoz, murrizketok Euskal Herrian ez ezartzea exijitzen dugula. Baina ez dugu ulertzen zergatik ez zaion sendotasun berdinarekin abortuaren lege berriari erantzuten, emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitzenetariko bat izango denari, hain zuzen.
Urte hasieran PPk, Gallardonen bidez, Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea aldatuko zuela adierazi zuen, hauteskunde kanpainan agindutakoa, oraingoan bai, betez. Helburua, PSOEk duela bi urte lege txepel eta koldar baten bidez onartutako proposamen eskas horiek atzera botatzea da, urteetan mugimendu feministak egindako aldarrikapenak jasotzen ez zituenak eta emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko erabateko ahalmena eta burujabetza bermatzen ez zuenak. Lege honek emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen erabilera mugatu du; ez zuen sektore publikoan abortua praktikatzea bermatzen zuen neurri zehatz eta argirik zehazten; eta azkenik, ez zuen borondatezko abortua Zigor Kodetik ezabatzen.
Orain PPk lege hau aldatu nahi du, eta udazkenerako iragarri den araudi berri honen edukia zehatz-mehatz ezagutu gabe ere, badakigu gure sexu eta ugalketa eskubideek inoiz izandako atzerakadarik handiena pairatuko dutela, eta baita gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen urraketa ere.
Eta badakigu, Gallardon jaunak dagoeneko informazioa aurreratu duelako zunda-baloi moduan. Hasieran, aldaketak 1985eko arauak ezarritako sistemara bueltatzea suposatuko zuela zirudien. Hau da, emakumeak eta arreta ematen dieten osasungintzako langileak babesik gabe uzten zituen sistema bat, eta emakumeen erabakitzeko ahalmena inondik inora bermatzen ez zuena.
Geroago, Gallardonek iragarri zuen fetuaren malformazioa ez zela aurrerantzean abortatu ahal izateko balizkoetako bat, emakumeak haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz, fetuak arazo fisiko eta psikiko larriak dituela jakin arren. Ideia zoragarri honekin batera, soberan duten moraltasun dosi bat ere oparitu ziguten, “ezinduek espainiar guztien eskubide berdinak izan behar dituztela” jakinaraziz, eta balizko hau legetik kanpo uztea eskubide hauek ez urratzeko modua zela azalduz. Horrelako berriek eragiten diguten lotsari, amorruari eta ikarari (oraindik harridurarako tarterik gelditzen bazaigu), ikuspuntu orokorra gehitu behar diogu, proposamena Menpekotasunaren Legea desegin asmo duen gobernu baten eskutik datorrelako. Eta honekin aski izango ez balitz, araudi berriak haurdunaldia eteteko balizko bakar bat onartuko duela aurreratu digu: emakumearen kalte psikikoa, beti ere medikuaren txosten batek hala baieztatzen badu. Honek esan nahi du emakume batek beti behar izango duela medikuaren txostena abortatzeko eskubidea izateko, bortxaketa baten edo fetuaren malformazioaren kasuetan ere.
Ez dakigu Gallardonek nor konbentzitu nahi duen honek “amatasuna laguntzen duela” esaten duenean. Manipulatzen saiatzen da eskubide batzuk besteen aurretik jarriz (emakumeenak, menpekotasun egoeran daudenenak; “jaio ez” direnenak); indarrean dagoen abortuaren legeak emakumeen amatasun eskubidearekin harreman zuzena daukala esanez; guk zer behar dugun beraiek bakarrik dakitela eta “bide txarretik aterako gaituen” lege bat egon behar dela saldu nahian. Izan ere, Gallardonek araudia aldatzeko duen arrazoiak ez dauka, berak dioenez, gure eskubideak bermatzearekin zerikusirik. Horretarako, gobernuak aski du emakume asko pobretzen dituen murrizketak egiteari uztea. Benetako arrazoiek, eliza katolikoaren eta Alderdi Popularraren hierarkiak emakumeen erabakitzeko ahalmenaren gainetik inposatu nahi dizkiguten balio erlijiosoekin zerikusia dute. Elizak eta bere sustatzaileek ez dutelako oraindik ulertu erlijioa esparru pribatura mugatu behar dela, eta euren sinesmenen gainetik estatuak herritar guztien eskubideak bermatu behar dituela; eta, batzuei ez gustatu ez arren, emakumeenak ere bai.
Emakumeok abortatzen jarraituko dugu hala erabakitzen badugu, eta lege berri honek ezkutuko abortuen areagotzea besterik ez du eragingo, eta honekin batera arrazoi ekonomikoengatik, beste estatu batzuetara abortatzera joateko aukerarik ez duten emakumeen heriotza tasaren igoera ekarriko du.
Alderdi Popularraren asmoak emakumeon autonomiaren eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena dira. Pairatzera behartu nahi gaituzten jazarpen hau itzelezko indarkeria patriarkalaren adibide garbia da. Gogor erantzun behar diogu esparru guztietatik, eta Euskal Herriko indar politiko, sozial eta sindikal guztien erantzukizuna da, gaur inoiz baino gehiago, abortu librea eta doakoa eskatzea, bestelako aldarrikapen asko egiten diren modu sutsuan. Edo akaso emakumeen eskubideek itxoin behar dute?
Irudia: @Transfeministas