Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile Begoña Vesgak Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zein Euskal Herriko gainerako herritarrei dei egin die gaurkoan, “urteak eta urteak, Irunen zein Hondarribian, emakumeen bazterketarik gabeko jai herrikoi eta demokratikoen alde lanean aritu diren pertsona guztiei babesa adierazten jarrai dezatela”, Hondarribian bereziki, bihar alardea ospatuko baitute bertan, non Jaizkibel konpainia inolako bazterketarik gabeko parte-hartzea ahalbidetzen duen bakarra izango den, berriro ere.
Alternatibatik salatu egin dute konpainia honek asteon pairatu behar izan dituen oztopoak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak entseguak eskatu bezala egitea galarazi baitzion, ordena publikoa mantentzeko aitzakiarekin “iazko alardean Jaizkibelen ohiko ibilbidea debekatzeko erabilitako aitzakia faltsua, hain zuzen ere”. Horregatik. Vesgak galdegin du biharkoan “erabat errespeta dadila konpainia honek festan parte hartzeko duen eskubidea”, are gehiago, kontuan izanik “benetan parekidea den eta alardean parte hartu nahi duten guztientzat zabalik dagoen konpainia bakarra dela”. Gogorarazi du, halaber, erakunde publiko guztien eginkizuna dela pertsona guztien eskubideak babestea; hartara, udaletatik hasita Jaurlaritzaraino, guztiek ekidin behar dute emakumeen aurkako bazterketa.
Vesgak, azkenik, alarde mistoetatik egiten duten eskaerekin bat egin du, “ahalik eta etorkizunik gertuenean alarde bakarra egotea baita aldarrikatzen dena, parekidea eta parte hartu nahi duten pertsona guztiei zabalik egongo dena”. Hori dela eta, Vesga bera izango da bihar Hondarribian Alternatibako hainbat kiderekin batera Jaizkibel konpainia babesteko.