EH Bilduren konpromisoa publiko egin dute koalizioaren izenean Bizkaiko hautagaiek: “merkatuen goseagatik eta erakundeen utzikeriagatik ez da pertsona gehiago kalean geratuko”.
EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak Bilboko Gran Vian elkartu dira gaur, kanpainaren lehenengo egunean. Diputazio aurrean Kutxabankek daukan egoitzara hurreratu dira Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Oskar Matute eta Justizia Sozialeko arduradun Mikel Santiago. Kutxabankek eta beste erakunde finantzarioek etxe-kaleratzeen aurrean hartu duten jarrera salatu du koalizioak.
Komunikabideen aurrean, Oskar Matutek eta Maribi Ugarteburu azaldu dute Jaurlaritzara iristen denerakoEH Bilduk hartu duen konpromisoa: “etxe-kaleratze bat bera gehiago ere gerta ez dadin neurri zehatzak jarriko ditu. EH Bildurekin ez du inork etxebizitza galduko”. Gogoratu dute egunero 14 pertsona geratzen direla etxe gabe. “Eta horietako batzuk Kutxabank bezalako erakunde batek uzten ditu kalean. Gero, solbentzia maila handia duela goraipatzen du, baina ulertezina den arren, herritarrak kalean uzten jarraitzen du”, salatu dute. “EH Bilduk neurriak proposatuko ditu herritarrek etxea ez galtzeko”, laburtu du, “eta beraz, ez dugu onartuko erakundeek arazo honen aurrean beste alde batera begiratzea”.
EH Bilduren hautagaiek azaldu dute “Etxebizitza Institutu publikoa” sortuko dutela. “Etxe kaleratze arriskuan dauden hipoteka kasuak moratoria batean sartuko lirateke; arriskuan dagoen familiaren etxe hori entitate publiko horren jabetzara pasatuko litzateke, eta ordaintzen ari zen pertsonak zailtasun larriekin jarraitzen duen bitartean, etxean bertan geratuko litzateke, baina alokairu soziala ordainduz, sekula errentaren %15a gainditu barik”, zehaztu dute. Behin ordain ahalmena berreskuratzean, berriro ere jarraituko luke hipoteka hori ordaintzen.
Koalizioaren izenean, hautagaiek hitzaldia bukatu dute EH Bilduren konpromisoa berretsiz: “merkatuen goseagatik eta erakundeen utzikeriagatik ez da pertsona gehiago kalean geratuko”.