Bizitza independentea izateko eskubideak

Berriz ere, abenduaren 3a, desgaitasuna duten pertsonen eguna “ospatzen” da. Desgaitasuna gauza bakarra balitz bezala, pertsona bakoitza bere izaerari eta premiei dagokienez bakarra ez balitz bezala.

Are gehiago, aurreko paragrafoa osorik zuzendu beharko litzateke. Ez ote da izango ezinduena ingurunea dela? Ez al da izango beharrak eskubideak ez betetzetik sortzen direla? Eta ez pertsonak berak.
More…

Rodriguez «Alokairuzko etxebizitza merkatu pribatuari mugak jartzeko momentua da»

Gure kide Ander Rodriguezen prentsaurrekoa Eusko Legebiltzarrean alokairuzko etxebizitza merkatu pribatuari mugak jartzeko beharraren inguruan.

Ander Rodriguez eta Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideek alokairuen prezioa mugatzeko lege proposamena erroldatu dute gaur, “alokairuzko etxebizitza merkatu pribatuari mugak jartzeko momentua” iritsi delakoan. Izan ere, “Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 115.000 familia alokairuan bizi dira eta prezioek gora egin dute etengabe azken urteotan; hala, egoera oso kezkagarria da hiriburuetan eta hainbat udalerritan, sektore batzuentzat, gazteentzat eta emakumeentzat bereziki, ia ezinezkoa delako etxebizitza bat eskuratzea, etxebizitza eskubidea pertsona guztien oinarrizko eskubidea den arren”.

Jaurlaritzak berak emandako azken datu ofizialak aipatu ditu Rodriguezek: “Alokairu-Merkatuaren Estatistikaren arabera, 2019ko bigarren hiruhilabetekoan alokairu librean sinatu ziren kontratuen errenta, bataz beste, 688 eurokoa zen, hiru urte lehenago baino %10 altuagoa. Eta erreminta zabalago eta eguneratuagoak erabiliz gero, Higiezinen Eskaintzaren Inkesta, adibidez, 2013tik hona % 22koa izan da bataz besteko igoera”.

Fenomeno hau orokorra dela eta beste leku batzuetan alokairuen prezioak mugatzeko neurri legalak jada hartu dituztela azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Alemanian eta Frantzian hala egin dute eta Katalunian ere legea onartu zuten irailean helburu horrekin, Pablo Iglesias presidenteorde espainolak erreferentetzat jo duena. Horren harira, Rodriguezek gogora ekarri du PSOEk eta Podemosek alokairuen prezioa mugatzeko mekanismoak bultzatzeko konpromisoa jaso zutela Madrilen sinatutako gobernu programan. Hori dela eta, EH Bilduk gaur aurkeztutako lege proposamena tramitera onartzera dei egin die, “gu ere horixe bera planteatzen ari garelako; alegia, hemen ere eskura ditugun tresna legalak erabiltzea alokairuen prezioen igoerari mugak jartzeko”. Neurri horrek etxebizitza merkatuan prezioak etengabe ez igotzea ere ekarriko du.

Zehazki, EH Bilduren lege proposamenak Euskal Zuzenbide Zibila erabiltzea planteatzen du alokairuen prezioak kontrolpean edukitzeko. Unai Fernandez de Betoñok azaldu duenez, “Euskal Zuzenbide Zibilaren baitan alokairua egon badago araututa, baina bakarrik Landa Eremuetako etxebizitzei dagokienez; gure proposamena haratago doa: landa eremuetara mugatu beharrean, Euskal Zuzenbide Zibilak hiri-errentamenduaren eremua ere arautzeko erabiltzea proposatzen dugu”. Modu horretan, legeak etxebizitza merkatu tenkatua duten eremuak, hau da, azken urteotan alokairuen prezioetan igoera handia izan dutenak, deklaratzeko aukera emango luke. Zonalde horietan errentamendu-prezioen erreferentzia indizea zehaztuko litzateke, bertako alokairuen bataz besteko prezioa eta etxebizitzaren ezaugarriak kontuan hartuta. Erreferentzia indize hori alokairu kontratu berrietan gainditu ezin izango litzatekeen gehienezko prezioa litzateke.

Lege proposamenak identifikatzen ditu zein diren une honetan “etxebizitza merkatu tenkatua duten eremuak, azken bi urteotan alokairuen prezioa %8 baino gehiago igo diren hiriburuetako auzoak”. Hala, Fernandez de Betoñok adierazi duenez, “auzo horietan Jaurlaritzak prezioen erreferentzia indizea ezarri beharko luke eta ezinezkoa litzateke alokairuak hortik gora igotzea”. Honako hauek dira auzoak: Bilbon, Alde Zaharra eta Ametzola; Donostian, Aiete-Lugaritz, Gros–Sagues, Ibaeta-Errotaburu-Berio–Lorea, Intxaurrondo eta Marrutxipi, eta Gasteizen, Aranbizkarra, Ariznabarra, Arriaga-Lakua, Errota, Desamparados, El Anglo, El Pilar, Judimendi, Lovaina, San Cristobal, Txagorritxu eta Zaramaga.

Gaur aurkeztutako ekimena “EH Bilduk egin nahi duen eta egiten ari den oposizio eraikitzailearen beste adibide bat da”, azpimarratu du Ander Rodriguezek. “Legealdia hasi berri da eta jada bost lege proposamen aurkeztu ditugu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bizi baldintzak hobetzearekin tematurik gaude eta, horretarako, gure proposamenak gobernuko alderdiekin elkarlanean lantzeko prest ere bagaude. Auzolanean, elkarlanean aritzeko borondatea dutela egia baldin bada, gure lege proposamenak aintzat hartuko dituztela espero dugu”.

EHBildu

 

X