Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte
Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak mugarri izango dira, euskal gizarteak asaldatze politikora egiten ari den bidean aukera direlako. Herritarrak mobilizatu, proposamen politiko eraldatzailea eta sistemarekin gero eta aspertuago dagoen gehiengo herritar eta sozialen zilegitasunean aurrera egiteko aukera da aurrean duguna. Hala, hauteskundeak ez dira berez helburua, Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko borroka luzearen etapa bat baizik.
Krisi sistemikoa pairatzen ari garela aurre egiten diegu hauteskundeei, munduan pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak direnean, merkatuek beren diktadura ezarri dutela eta planetaren muga fisikoak gainditzen ditugunean. Euskal Herria ez dago guzti honetatik salbu, herritarrek eskubide politiko, ekonomiko, kultural eta sozialen urraketa larriak jasaten baitituzte.
Kontrako norabidean doazen bi errepideen arteko gurutzebidea da hauteskunde prozesu hau: EHBilduk abiatu nahi duen bide berria eta gainerako alderdien galbidea; ñabardurak ñabardura, sistema sozioekonomiko berari eusteko apustu egiten baitute.
EHBilduren eredua aberastasunaren banaketa du helburu, zerga politika desberdinaren bidez eta honako lehentasunak ezarrita: politika sozialak sustatzea, ekonomiaren sektore estrategikoen kontrol publikoa, lan eskubideen bermea, ikuspegi feministatik gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna erdiestea, ingurumena errespetatzen duten azpiegiturak sustatzea, demokrazia zuzena eta parte-hartzailea, euskararen erabateko normalizazioa, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua, eraikuntza nazionala Europaren baitan eta herritartasun unibertsalaren izaera barneratzailea babestea. Neurri guzti hauek eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko aldaketa bilatzen dute, eta agerian uzten dute programarik eta proiekturik ez dugula dioten ahotsen diskurtso faltsua.
Eta zein da PPk, PSEk eta PNVk eskaintzen duten herri proiektua? Esanak esan, Espainiako patronalak asetzen duena, enpresaburuen presidente Juan Rosellek berak hiru alderdi horien programak publikoki bedeinkatu baititu. Alegia, betikoa: desarautzea eta neoliberalismoa, gutxiren mesederako mega proiektuak, eskubideak murrizten dituzten lan erreformak, atzerapausoak emakumeen egoeran, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta prekarizazioa, gizarteko sektorerik ahulenen kriminalizazioa eta estatutuan oinarritutako formula agortuak.
Alternatibatik argi daukagu itzulerarik gabeko bidea dela hau, herri honetako gehiengo politiko eta soziala amildegira daramana eta, horregatik egunero lan egiten dugu gero eta jende gehiagok bultzatzen duen EHBilduren proiektuan, joera politiko desberdinak baina helburu komuna dutenen elkarlanean oinarritutakoa: eredu politiko, ekonomiko eta sozial bidegabe hau gainditu asmo duena.
Jakin badakigu bide luzea dugula aurretik, eragile desberdinen laguntza eskatuko duena eta eguneroko ekintzetan gauzatu beharko duguna, kalean zein instituzioetan. Azken eremu honetan, beharrezkoa deritzogu hainbat arloetan akordioak egiteari, burujabetza politikoa, bestelako zerga politika, herritarren parte-hartzea, parekidetasuna eta jasangarritasun ekologikoa lortzeko. Baina era berean, badakigu ezinezkoa dela sistema iraunaraztea beste helbururik ez duten alderdi politikoekin inolako gobernu akordiorik egitea.
Eman dezake formula hauek jauzi kuantitatiboak egiteko autobideak izan daitezkeela burujabetza edota politika sozialak bultzatzeko baina, benetan, kale itsuak besterik ez dira, politika ekonomiko neoliberalen bidesaria ordaintzeko prest dauden bidaideak dituztenak, murrizketa sozialak edo autodeterminazio eskubidea ukatzea. Laburbilduz, ezin dugu bazter utzi gure helburuarekiko koherentzia, ezta prozesu honetan gurekin aurrera egiteko prest dauden eta itxaropenez beteta dauden pertsona guztiak, horiek bai daudelako gure bidean laguntzeko prest.