Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, gogor kritikatu ditu bai PPk eta PSOEk exekuzio hipotekadunen inguruan gaur eginiko bilera zein Espainiako Banku Elkarteak hurrengo bi urtetan muturreko kasuetan etxe desjabetzeak geldiarazteko erabakiaren gaineko iragarpena. Matutek salatu du “orain desjabetuen adiskide bezala agertzen diren horiek, kongresuan zorrak etxearen bidez kitatu ahal izatearen bezalako neurrien kontra egin zuten berdinak direla”. Gauzak horrela, popularrei eta sozialistei leporatu die “milaka pertsonaren bizitzen suntsipenaren erantzukizuna”, euren agintaldietan desjabetzea ahalbidetu dituztelako. Horregatik, orain onesten dituzten adabakiek ez dute euren erantzukizuna desagerrarazi edo lausotuko.
PPk eta PSOEk adostu beharreko edukiari dagokionean, bilera bera baztertzailetzat jo du Matutek, “beste indar politikoak baztertzeaz aparte, azken erabakia errudun nagusien eskuetan laga eta eragile sozialak zein kaltetuen erakundeak ere kanpoan uzten dituelako”. Alternatibako bozeramaileak zalantzan jarri du alderdien borondatea, eta baita hartuko duten neurrien eraginkortasuna ere: “Zorrak etxea ematearen bidez kitatzeak eta luzamenduak etxe hustearen data atzeratzeko bakarrik balio dute, banketxeen iruzurra eta lukurreriari irtenbide berririk eman gabe”.
Matutek, alderdi politiko hauek bankuei laguntzeko ekimen guztiekin bat etorri direla gogorazi nahi izan du ere. “Bankuentzat dena, pertsonentzat ezer ez” politika defendatu eta “hildakoak ekarri dituen terrorismo finantzarioaren konplize bihurtu” direla azpimarratu du, pasa den ostiralean Ezkerraldean emandako gertaera mingarriak agerian utzi duen bezala. Honen aurrean, gobernu ezberdinei etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten politika eta tresnak eskatu ditu, besteak beste “benetako etxebizitza publiko baten aldeko apustua” egitea ere. Madrilen, ostera, banku txarra deritzon eufemismoa jaio da, bere zenbakiak egokitzeko etxebizitzak eraisteko asmoa duela esan berri duena.
Alternatibatik ziurtatu dutenez, “ez da nahikoa adabaki txarrekin”, pertsonek benetan beharrezkoa dutena “banku-finantza sistemaren gehiegikeriak geldiarazi eta lukurariek zuzendutako merkatu zein haien menpe dauden politikari koldarrengandik babestea”. Horregatik, ezkerreko alderdiak etxe desjabetzen aurrean ekintza konfrontatzailea eramango du instituzioetara eta, aldi berean, gizartea mobilizatzea ezinbestekoa izaten jarraituko duela azpimarratu du. Hala, finantzen alorreko erasoen kontra edota haien aurrean konponbideak aldarrikatzen dituzten mobilizazio ororekiko atxikimendua berretsi dute.