Xabier Soto – Alternatibako Gipuzkoako Koordinatzailea
CAF enpresak beti izan du ezaugarri bere lantegian aritutako langile kopuru handia, eta baita produkzio lan baldintza gogorrak ere, gehienbat, merkantzia bagoien produkzioan oinarrituta dagoena. 50eko hamarkadan enpresak bere lantokien modernizazioari ekin eta beste lantegi batzuk ere eskuratzen ditu (Irun eta Zaragoza), Espainiako Erresumako tren industria indartuz. 70ko hamarkada bitartean, enpresak garapenean inbertitu eta modernizaziorako apustua egiten du. Hala ere, honek ez ditu 80ko hamarkadak ekarritako urte gogorrak arintzen eta konpainia egoera arriskutsuan kokatzen da. Orduan heldu zen langileen ordua, enpresak akzioak erostera animatu baitzituen konpainiaren parte sentiaraziz. Cartera Social deritzon funtsa jaiotzen da. 90ko hamarkadan nazioartean hedatzeko garaiari hasiera eman zitzaion, gaur egunera arte luzatu dena.
Urte horietako oparoaldiak eskaerak handitu eta mozkinak igo mantendu zituen. Baina diru-goseak erabaki ezmoral eta ulertezin batera eraman gaitu. Bizi dugun 2012ko urte honetan, enpresak “historikotzat” jo duen urtea alegia, Beasaingo lantokian enplegua erregulatzeko espedientea abian jarri dute, langileen %40tik gora langileri eragingo diena.
Urteotan, borroka, greba eta sufrimendu asko jasan da langileen bizitza kalitatean hobekuntzak lortzeko, inbidiagarria den lan politika eskuratu, aparteko orduak kendu, negoziazioetan baldintza sozialak hobetu (beharrezkoa izan denean soldatak ez eguneratzearen truke ere) eta banaketa justuago erdiesteko, enplegua sortzeko ahalbidetzeko balio izan dena. Langileen elkartasunaren adierazgarri da, halaber, inguruko enpresen borroka kolektiboekin bat egin izana, eta haiek CAFeko beharginekin egindako ere bai, lantegia eskualdeko beste hainbat enpresa ertain eta txikientzako pizgarria izan dela ahaztu gabe.
Zer esan haien izerdiaz eta esfortzuaz CAF gaur den enpresa izatea posible egin duten pertsona guztiei? Adibidez, aurten 100 milioi euro baino gehiago irabaztera doazela eta kopuru horren %2a ere ez dutela gastatu nahi erregulazioa saihesteko, alde batetik, lan zamak handitu eta erosteko ahalmena galtzea geldiarazteko (enpresaren mozkinak igotzen badira ere) eta bestetik, Goierrin eta Gipuzkoa osoan honek ekar ditzakeen ondorio ekonomiko negatiboak ere ekiditeko. Halako bidegurutzean kokatu ditu konpainiako zuzendaritzak bere langileak, industria osagarria eta, orokorrean, eskualde osoa. Ba al dauka kontraesan honek sinesgarritasunik? Non dago orain beren Ardura Sozial Korporatibo ospetsua?
CAF ezohiko elkarte anonimoa dela gogoratu behar dugu ere. Zenbat laguntza publiko jaso ditu jada? Eta Cartera Social funtsa delakoa zer? Bi akziodun nagusiak Kutxabank eta Cartera Social funtsa bera badira ere, horrek ez du esan nahi bere kontrola langileen esku dagoenik. Eta hona hemen agertzen zaigula PNVk joka dezakeen papera. Kasualitatez, funts honen buruzagiak alderdi horren kide ezagunak dira. Langileok ez dute inoiz ez hitzik, ez botorik izan izendapen hauetan, ez eta eguneroko kudeaketan ere. Eta elkarteak ez badu erregulazio honen aurka altxatzeko intentziorik, agian bere kudeatzaileak aldatzeko garaia heldu delako izango da, horretarako CAFeko batzordea deitzea beharrezkoa bada ere.
Eta Kutxabank, zer esanik ez. Euskal kutxek enpresa salbatzen lagundu zuten, baina azken batean, mozkin gehien eman dien enpresa izan da ere. Orain, Kutxabankek parte-hartze garrantzitsua dauka, eta nahi izanez gero, Cartera Social funtsarekin batera erregulazioa geldiarazi dezake. Kutxabankek mozkinen %2a eskuratzeko erakutsi duen diru-gosea nora joateko asmoa duen isla da. Horrela bakarrik ulertzen dugu PNV-PP-PSEren arteko ituna, besteak beste, bere administrazioa kontseilutik ordezkaritza jakin bat kanpo mantentzeko.
Batzordeak erregulazioa ekiditeko plan bideragarri asko aurkeztu dituen arren, zuzendaritzak ukatu ditu denak eta atzera egiterik ez dagoela berretsi du nagusikeriaz behin eta berriro. Nola azaldu hau Gipuzkoako herritarrei, CAF mozkin handiko enpresatzat dutenean? Herritarrak dira euren poltsikotik enpresaren dibisio batek azken 6 hilabeteetako lan falta ordainduko dutenak, are gehiago, enpresak inolako alternatibarik proposatzen ez duenean. Euskal gizarteak gehien duenari are gehiago ematea, eta ezer ez duenari kentzea onartuko duela uste dute? Zer pentsatuko du aspaldi langabezian dagoen pertsona batek?
Gipuzkoan inork ezin du ulertu etekin handiak dituzten enpresek erregulazio dosierrak planteatzea. Bestalde, CAFentzat lan egiten duten beste enpresa txikiago batzuk ere egoeraren beldur dira, makina berri asko erostearen ondorioz zorpetu direlako eta, orain, ordaintzea zaila izango dute. Hori gutxi balitz, Pandoraren kutxa zabaldu dute, osasuntsu dauden beste enpresa batzuk erregulazio propioak eskatzera animatu daitezkeelako, CAFi kaudimen ekonomiko batekin aurrera egiten utzi bazaio, edonorentzat aukera ireki da orain.
Ziurgabetasunez beteriko testuinguru honetan hausnartuz, zer da ondorengoei utziko dieguna? Langile klase duina bat egongo al da etorkizunean? Gizarte oparo bat izango dugu, guztioi lanerako eta errealizazio pertsonalerako aukerak ematen dituena? Edo beharbada, merkatuen tirania eta desberdintasun sozialak inposatu eta mozkinaren logikaz esklabo bihurtuko gaituzten jauntxoak baino ez dira egongo?