Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak, emakume baten eta bere bi alaben etxe kaleratzea eta hurrengo astelehenean izango den pisuaren enkantea geldiarazteko exijitu dio Kutxabanki. Hainbat kolektibo sozialek eman dute gaur etxegabetze honen berri. Vegak erakundeko presidente Mario Fernandezi zuzenean eskatu dio, pasa den azaroaren 10ean desjabetze gehiagorik ez egiteko konpromisoa hartu zuela gogorazita; Amaia Egaña “terrorismo finantzarioaren biktima mortala” izan ostean, alegia.
Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak Kutxabank “bere sakela betetzeko edozer gauza egiteko prest dagoela” azpimarratu du. “Hauxe dugu adibiderik onena, famili hau kaleratzeaz aparte, Kutxabankekin hitzartutako 95.000 eurotako hipotekak hiru seme-alaba dituen bigarren familia baten etxebizitza bahitzeko intentzioa duelako erakundeak. Gauzak horrela, Kutxabankek “negozio ederra egin du, 95.000 euroren truke bi etxebizitza bereganatzen dituelako, zorraren zati bat -interesak barne- ordainduta egonda ere eta bi familia kale gorrian uztea dakarren arren”.
Vegak, kapital “orain arte publikoa” duen erakunde batek baliabiderik gabeko pertsonak kaleratzea gaitzetsi du, etxebizitza oinarrizko eskubidea dela gogoraraziz. Aldi berean, Gasteizko eta Madrilgo exekutiboei “desjabetze sarraski hau geldiaraziko dituen neurri eraginkorrak” exijitu dizkie, Euskal Herria Bilduk bere kanpainan planteatu zituen neurrien haritik, alegia. Hau da, hipoteka ordaintzerik ez dutenentzat, kaltetuak ez du etxebizitza utziko eta bankuari alokairu soziala ordaintzeko konpromisoa hartuko du. Arrazoi objektiboak desagertzen direnean eta familiak aurreko egoerara bueltatzen direnean (eta beti ere etxebizitza eskubidedunak hala nahi duenean), alokairua ordaintzeari utziko litzaioke eta hipoteka ordaintzeari berrekin, ordura arte ordaindutako dirua galdu gabe, zorra etxearekin kitatzea aukerarekin gertatzen den bezala.
Alternatibatik politika eraginkorrak eskatu dituzte etxebizitzarako eskubidea benetakoa bilakatu dadin eta gogorarazi dute, halaber, instituzioen borondatea eta konpromisoa aski direla horretarako, “Bizkaian bakarrik milaka baitira hutsik dauden etxebizitzak, alokairu sozialean eskaini behar direnak”. Era berean, Kutxabanki etxegabetze guztiak berehala geldiaraz ditzan galdegin diote, eta banku txarra deritzon Sareb-en izango duten parte-hartzetik iragarritako “astakeri ekonomikoa, ekologikoa eta soziala” ekiditera deitu dute, erakunde horrek bereganatutako etxebizitzak eraisteko 500 milioi euro inbertitzeko asmoa baitute, “haien kontuak borobiltzeko asmoz eta etxe horiek aterpe duina behar dutenen gabezia konpontzeko erabili beharrean”.
Azkenik, eragile sozialek bihar goizean etxegabetze berri honen aurka deitutako protestarekin bat egitera deitu du Vegak. Bilbon izango da elkarretaratzea, Kutxabankeko Kale Nagusiko bulegoen aurrean, Aldundiaren jauregiaren aldamenean, 10:30etatik aurrera.