Jorge Segoviano eta Sandra Llano – Alternatibaren Bilboko Asanblada
Bilboko Zorrotzaurre auzoa erabat ahaztua izan dute erakunde publikoek azken 30 urteetan, bertako hiri paisaiaren apaltzearen lekuko izan eta bere burua hiribilduaren eraldatze industrialaren zabortegi bihurtzen ikusi duen bitartean. Azkenean, auzoak Udalaren eta eskutik lotuta daraman hirigintzarako elkarte ilunen begi instituzionalaren arreta bereganatu dituenean, 2000 urte inguruan, izaera faraonikoa duen berriztatze proiektu batekin etorri dira, Jose Luis Bilbaok eta PNVk ohiko duten joera megalomanoarekin bat datorrena.
Garai hartan aurkeztu zen plana monumentuzko obra planteatzen zuen eta, nola ez, nazioarteko arkitektura etxe esanguratsu bati egin zitzaion enkargua (badirudi EAJrentzat Bilbon denetarik dagoela bertoko arkitektoak izan ezik). Noski, egitasmo hau udalaren, aldundiaren, arkitektoaren eta bertan ezarri nahi ziren enpresa gutxi batzuen artean adostu zen bakarrik.
Geroztik, Zorrotzaurreko eta Deustuko Erriberaren berrantolaketa urbanistikoaren ‘megaplan’ honek hainbat zartada sufritu ditu: bertako bizilagunen ekintza bateratua etorkizuneko auzoaren planifikazioaren baitan hitza eta botoa izateko; lur kutsatuen aurkikuntza; krisiari egotzitako finantziazio falta, eta abar.
Iñaki Azkunaren obra ospetsuak jasandako azken astindua, bertako pabilioi industrial abandonatuetan etxerik gabeko hainbat pertsonen, asko eta asko magrebtar etorkinak, etorrera izan da, berreskurapen planarekin batera poliki-poliki eremua uztera behartuta egon direnak. Bizilagunek zonaldean bizi zen segurtasun ezaren salaketaren ondorioz, eta Lakuako gobernu sozialistarekin megaplana aurrera ateratzeko bat-bateko hitzarmen aukera baten aurrean (pasa den abenduaren 11an adostutakoa), azaroaren hasieran udalak Zorrotzaurreko “okupa etorkinen” aferan esku hartzea erabaki zuen.
Azken emaitzak: bi makro-sarekada, indarkeriaren bitartezko 60 pertsonen joanarazia eta identifikazioa. Gutxienez horietako erdien atxiloketa eta beste askoren kanporatze prozesua martxan poliziaren eskuetan jartzearen ondorioz. Honen aurrean, Arartekoak poliziak hartutako neurri gogorrak eta baztertzaileak gaitzetsu ditu eta, GKE eta auzoko lan talde desberdinen kritika asko ere entzun dira.
Ironiko xamarra da, Munduko Alkaterik Hoberena paperik gabeko pertsonak eta eskaleak jazartzen zituen bitartean, Zorrotzaurreko Euskaldunako Zubia auzo elkarteak, elkarbizitzarako hitzarmen batera ailegatzeko asmoz, pabilioietako bizilagunekin elkarrizketa prozesu bati bide ematea. Gainera, Lakuako gobernuak zonaldearen hirigintza plan definitiboa onetsi zuen egun berean, auzoko bizilagunek, GKEek, lan taldeek eta pabilioietako pertsonek asanblada bati eman zioten hasiera, beti ere, Udaleko kale hezitzaileek parte hartu gabe (gonbidatuta bazeuden ere).
Asanbladaren emaitzak oso positiboak izan dira: bizikidetza bakezale baterako konpromisoa eta elkarrenganako ezagutza asmoa dago orain (izan ere, auzoko Haceria erakunde kulturalak eragile guztiei zuzendutako elkargunea prestatzen ari da), eta alde desberdinen arteko akordio batera ailegatu da zonaldean eman diren lapurreta eta erasoen arduradunak identifikatzeko.
Bizilagunen adierazpenak nahiko argiak dira: “Arazorik larriena elkar ez ezagutzea zen. Gu haien beldur ginen lapurreten eta erasoen ondorioz, eta haiek gure beldur ziren sarekaden arduradunak ginela uste zutelako”. Udal sarekadek egoera konpontzen lagundu beharrean, gatazka oztopatu baino ez zuten egin eta aurrerabiderik gabe utzi zuen egoera. Auzolanari esker bakarrik lortu zuten bidezko irtenbide baketsu batera ailegatzea.
Alternatibatik Euskaldunako Zubia elkartearen ekimena txalotzen dugu. Egun, zaila da arrazakeriazko diskurtso klasista saihestea eta ondorioz, etorkin baztertuak gure hiriko segurtasun ezaren arduradunak bezala ez ikustea. Oraindik ere zailagoa izaten da ekintza parte-hartzaileei, integratzaileei eta positiboei bide egitea; horregatik, haien jarrera eredugarritzat hartzen dugu, meskita, narko areto eta halakoen aurrean bakarrik manifestatzen dakiten bizilagun intolerante eta berekoiei aurre egiteko.
Aldi berean, kolektibo desberdinak eta GKEak ere eskualdean egindako lanarengatik zoriondu nahi ditugu, Udalak berak egin behar zuen lanaz arduratu direlako: akordio batera ailegatzeko beharrezkoak ziren tresnak ahalbidetzea eta prozesuaren bitartekari izatea, alegia.
Baina ez, Azkuna sheriffak polizia erabiltzea nahiago izan du, Kukutza husteko operaziotik nahiko landuta duten protokoloaren erabilera, hain zuzen. Zer inporta du Arartekoak gehiegizko neurriak direla badio ere, zer daki berak?. Garrantzitsuena telebistan ikusten dugun hori da, nola Azkunak eskaleez, gaizkilez eta kaleko-edan zaleez salbu mantentzen duen gure Botxoa. Ohi bezala.
Azpimarratu nahi dugu ere administrazioak bete duen papera, antza arazoak beti kolpeka konpontzen dituelako: Zorrotzaurreko lan berrien aurretiko desurbanizatze prozesu kaotiko honek hamabi urteko iraupena izan du. Askok, eraikitzaileen faborean auzoa nahita hiltzen utzi dutela esaten dute, harritzekoa ez dena, etxeak berez jausten direlako eta mobilizazio gabezia agerikoa delako auzokideen artean.
Azkenik, Alternatibatik zentzugabekeriazko prozesu hau salatu eta Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herri osoan eman diren beste prozesu askoren kopia dela azpimarratu nahi dugu, beti ere, kapitalaren esanetara eta PNV, PP eta PSE menpekoak diren komunikazio medioen laguntzaz. Hauek gure hiriak eta herriak haien jolastoki bihurtu dituzte, aberasteko haien monopoly pribatua. Gauzak horrela, Zorrotzaurreko sheriffa, peoi hutsa baino ez dela esan genezake, txirenea eta oldarra bai, baina peoia azken finean.