Alternatibaren Bilboko Asanbladako bozeramaile Iagoba Itxasok mugimendu sozial, sindikal edota politiko orok egunotan argitara emandako ustelkeria kasu larri guztiak salatzeko deitzen dituzten protesta guztiekin bat egitera deitu du, “PP eta Mariano Raxoiren gobernua tartean sartuta daudela frogatutako kasuak, egunero murrizketak sufritzen dituzten herritarren haserrea areagotzen dituztenak, boteretsuenen alde bakarrik gobernatzen duen buruzagien kasta izateaz gain, haien jardunean aberastu eta inolako konplexurik gabe pribilegioaz gozatzen dutenak modu ez zilegi, eta askotan ere, legeztutako moduetan”.
Ildo honetatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “tamalez ohikoak” diren hainbat kasu salatu ditu, “kargu politikoetan egondako batzuentzat dauden ate birakariak, bere garaian administrazioen laguntza eskuratu zuten enpresen lehendakaritzetan edota administrazio kontseiluetan eserlekua ematen diena; herritarren diruaren lepotik angulak jateari normala deritzon agintari ohiena edota alderdi politiko jakin batzuek jasotzen dituzten dohaintza anonimo eskandalagarriak”. Hala, Itxasok nabarmendu ditu duela gutxi argitara eman diren datuak PPk eta PNVk 1993 eta 2011 urte bitartean jasotako dohaintzen gainean, hurrenez hurren 28 eta 18 milioi euro jaso zituztela: “eta esan beharra dago PNV dela, alde nabarmenaz, igorle ezagunik gabe diru gehien jaso duen alderdia bere ekintza eremuko biztanleria aintzat hartuta”.
Egoera honen aurrean, Alternatibatik ustelkeriaren aurkako protesta guztietan parte hartzeko deia berretsi dute, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Bilbon herritar talde batek antolatu duena kasu, Moyua plazan izango da, Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren eraikinaren aurrean, “Estatua ustelduta dago, bagoaz” lemapean.