Alternatibako Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak gogor kritikatu du “terrorismo finantzarioaren biktima berria” dirudien heriotza, Bizkaiko desjabetzen kontrako plataformak adierazi duenez, desjabetze prozesuan murgilduta zegoen Basauriko bizilagun batek astelehen goizaldean bere buruaz beste egitea erabaki ondoren: “berriro ere, exekuzio hipotekadunak gupidarik gabeko entitateen eskuetan dauden tresna direla agerian geratu da, muturreko egoera batean daudenak erabateko hondamenera eramateko inolako zalantzarik ez dutenak”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak desjabetze prozesuan daudenen etsipen egoera onartezintzat jo du eta horregatik, finantza erakunde zein gobernuei erantzukizuna exijitu die kaleratzeek eragindako eta geroz eta ohikoagoak diren suizidioen aurrean. Hau dela eta, Vegak gogorarazi du ia hilero norbaitek bere buruaz beste egiten duela etxegabetze baten aurrean. Alternatibatik gogora ekarri dituzte “bai Amaia Egaña, Manuel Reguera, Kutxabankek muturreko egoerara eramandako Kordobako bizilaguna eta bai Basaurin bere burua hil duen gizona ere bankaren bihozgabetasunaren biktima izan direla, irabaziak pertsonen gainetik jarri izanaren ondorio eta botere finantzarioaren menpeko gobernuek babestutako legeekin.
Vegak azpimarratu du gertaera hau Espainiako Kongresuan gaur bozkatuko duten desjabetzen kontrako Herri Ekimen Legegilearekin (HEL) batera eman dela, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) aurkeztutako ia milioi bat eta erdi sinadurek bermatutako ekimena, hain zuzen. PPk ekimena bertan behera utziko duela iragarri ostean, eta proposamena Gorteetan eztabaidatua izatearen alde egin ez duen bakarra izanik, Alternatibak deitoratu du “PPk pertsonen neurrira egindako legea bultzatu beharrean, bankuen neurrira egindako legearen atzean babesten dela” eta salatu du ere “Espainiako eskuinak tauromakiarekiko zaletasunaren alde konstituzioan jasotzen den etxe duinaren eskubidearen alde baino gehiago egiteko prest dagoela”.
Honen aurrean, Vegak Herri Ekimen Legegilea kongresuan eztabaidatzeko beharra babestu du eta, aldi berean, Alternatiba kide duen EHBildu koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako etxegabetzeen aurkako proposamenak babestu ditu; ekimen biek “bizitza duinerako eskubidea bermatu eta finantza erakundeen gehiegikeriak mugatzea” bilatzen dutela nabarmenduta. Azkenik, mobilizazioekin jarraitu beharra dagoela ohartarazi du, eta horren harira gaur Bilbon eta Basaurin egingo diren elkarretaratzeetan zein datorren larunbatean, hilak 16, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Kutxabankeko egoitzen aurrean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu du.