Euskal Herria Bilduk bere atxikimendua adierazi nahi die bihar, larunbata, Hegoaldeko lau hiriburuetan eragile sozial desberdinek deituta etxe desjabetzeen aurka egingo diren protesta ekintzei. Etxegabetzeen aferan bereziki lazgarria izan den aste baten amaieran egingo dira elkarretaratzeak, berriz ere ikusi izan dugulako zer nolako babesgabetasun egoera bizi duten egunero beren etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonek, inolako gupidarik ez duten finantza sistemaren esku baina, era berean, gutxi batzuk aberasten jarraitzea ahalbidetzen duten gobernu konplizeen erruz, jendeari bere buruaz beste egitera eramaten dituzten bidegabekeriak legez babesten dituztelako.
EHBilduk etxegabetzeen egoera jasanezinari aurre egiteko proposamenak eraman ditu Iruñea zein Gasteizko legebiltzarretara, politikoen ardura delako honi aurre egin eta finantza erakundeen jarduerari mugak jartzea. Proposamenen bidez, hipotekaren exekuzioak berehala bertan behera uztea eta prozesu hauen baitan dauden etxebizitzen kudeaketa publikoa eskatzen dugu, hala, hipoteka ordaindu ezinean daudenek alokairu soziala ordainduko lukete eta mailegua ordaintzeko aukera dutenean, ordaintzen jarraitzeko aukera izango luke, orain arte ordaindutakoa edota etxea galdu gabe beraz. Pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea bermatze aldera proposatutako soluzioak dira beraz.
Azkenik, salaketa berezia egin nahi dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren diruarekin sortutako finantza erakunde publiko batek, Kutxabankek, desjabetze prozesuekin aurrera jarraitzen duelako, zuzenean edota bere menpe dauden bestelako erakundeen bitartez.